Erabilera planak

Euskararen normalizazioa herri-administrazioetan

Euskara normalizatzeko ahalegin handiak egin dira azken hogeita bost urte hauetan, eta horiei esker, euskarak esparru berriak irabazi ditu gizartean, komunikabideetan, merkataritzan, lan-munduan, eta, baita Administrazioan ere.

Administrazioak badu bere hizkuntzaren inguruko araudia, eta legeak betearaztea ez ezik legeak betetzea dagokio. Administrazioa gizartearen zerbitzura dago, zorionez gainera, gizarte gero eta elebidunago baten zerbitzura, eta horrek badu eragina administrazioko langileen egunerokoan: Administrazioak herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu behar baititu.

Euskararen erabileraren normalizazioa herri-administrazioetan bost urteko plangintzaldietan gauzatzen da. Aurreko plangintzaldiaren oinarria hartzen da aintzat eta hurrengoa taxutzen da. Era horretara, oraingoan III. Plangintzaldiaren balorazioa izan da  IV. Plangintzaldiaren (2008-2012) nondik norakoak ezarri dituena.

Ezinbestekoa da euskararen normalizazioak, orain arte bezala, aurrera egitea herri-administrazioetan: aurrera egin dugu nabarmen euskararen ezagueran eta, datozen urteotan, urrats sendoak eman  beharra dago ezaguera horrek bere isla izan  dezan Administrazioko euskararen eguneroko erabileran. 

III. Plangintzaldia (2003-2007)

86/1997 Dekretuak ezartzen du plangintzaldi bakoitzaren erdialdean eta bukaeran baloratu egin behar direla herri-administrazioetako erabilera-planak. III. Plangintzaldiaren balorazio-txostenak etorkizunera begira landu beharrekoak jarri zituen agerian: ezagutzatik erabilerara jauzi egin beharra, hizkuntza-irizpideak ezarri eta hedatu beharra, metodologia berritu beharra...

IV. Plangintzaldia (2008-2012)

86/1997 Dekretuak arautzen du herri-administrazioetako (udal, mankomunitate, foru aldundi, Eusko Jaurlaritza, EHU...) euskararen normalizazioa, eta bost urteko plangintzaldietan gauzatzen da. Plangintzaldi bakoitzeko lehen urtean, gainera, herri-administrazio guztiek beraien erabilera-planak diseinatu eta onartu egin behar dituzte.
Eusko Jaurlaritzak, dekretua betez, uztailaren 1eko Gobernu Kontseiluan onartu zuen bere Erabilera Plana; bertan berebiziko garrantzia dute Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideek. Gainera, herri-administrazioei plana gauzatzeko irizpide nagusiak helarazi zitzaizkien, lagungarri gerta zitezkeelakoan.

Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana. IV. Plangintzaldia (2008-2012)

Uztailaren 1ean onartu zuen Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Erabilera Plana. Eranskinetan garatzen dira Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak, Metodologia, eta Hizkuntzaren egoera. Berritasun moduan aipa daitezke: erabilera oinarri izatea, langile gehiagoren parte hartzea, metodologia aldaketa eta antolaketa-egituraren garrantzia.

Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak. IV. Plangintzaldia (2008-2012)

Erabilera-planak taxutzeko oinarri eta helmuga orokorra erakusten dute. Geroago, sailetako erabilera-planetan zehaztu eta gorpuztuko dira. Aipagarriak dira: Administrazioaren jarrera aktiboa, kalitatezko komunikazioen aldeko apustua eta sortze-lanaren aldekoa. 

Herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko irizpideak. IV. Plangintzaldia (2008-2012)

III. Plangintzaldiaren balorazioak agerian utzi zituen etorkizunerako lan-ildoak. Haiei jarraituz diseinatu eta onartu zuen Eusko Jaurlaritzak bere Erabilera Plana. Bada, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Eusko Jaurlaritzako plan horren irizpide nagusiak bildu eta gainerako herri-administrazioen esku jarri ditu, beharrezko egokitzapenak eginda, lagungarri izango direlakoan erabilera planak diseinatu eta garatzerakoan.