'Etiketak eta jostailuen segurtasuna' ikuskapen-kanpainaren emaitzak

Xedea

Aurtengo bigarren hiruhilekoan indarrean jarri da jostailuen segurtasunari buruzko araudi berria (1205/2011 Errege Dekretua, abuztuaren 26koa, jostailuen segurtasunari buruzkoa). Hori dela eta, beharrezkoa da ikuskatzea, uztaila baino lehen merkatuan kontsumitzaileei saltzeko prest dauden jostailuak, baita inportatu direnak eta 2011ko irailaren 1etik aurrera inportatzaileek banatzeko prest daudenak ere.

  • Jostailuen etiketek araudi berriari zein neurritan betetzen duten egiaztatzea.
  • 2011. urtea baino lehen indarrean zegoen araudiaren arabera, merkatuan eskuragarri jarri ziren jostailuen adostasun-maila egiaztatzea.
  • Jostailuei arauzko laginak egitea, aplikatu behar den araudia kontuan izan gabe.
  • EAEko jostailu-inportatzaileei jostailuei buruzko araudi berria argitaratu dela jakinaraztea.

Noiz egin zen

2011ko azaroaren 21etik abenduaren 10era bitartean, biak barne.

Egindako jarduerak 

Establezimenduak: jostailuen inportazio-enpresak, prezio baxuko txikizkako establezimenduak eta bazarrak.

Emaitzak

1 atala: Jostailuen etiketak arautegi berrira egokitu diren egiaztatzea eta zenbateraino egokitu diren ikustea

11 ikuskapen-jarduera egin dira jostailuak inportatzen dituzten EAEko beste hainbeste enpresatan. 8 establezimendutan ez da 2011ko irailaren 1az geroztik erositako jostailurik aurkitu. Gainerako 3 establezimenduetan 6 jostailu-protokolo bete dira.

Protokoloen emaitzak izan dira:

A zatia: Ezinbesteko etiketatzea:

  • Ikuskatutako jostailu guztiek zuten EE marka.
  • Ikuskatutako jostailu guztiek ematen dute honi buruzko informazioa etiketan: marka, identifikazio-datuak eta fabrikatzailearen eta inportatzailearen helbideak, lote-zenbakia, jostailu-mota edo modeloa, hobeto identifikatzeko. Oharrak ikusteko eta irakurtzeko moduan ageri dira jostailuan, etiketan edo enbalajean. Ohar bakoitzaren aurretik ageri dira “Oharra” edo “Oharrak” hitza, eta ohar guztiak, gutxienez, hizkuntza ofizialean ematen dira. Ikuskatutako jostailu elektrikoetan ageri da tresna elektrikoen bilketa selektiboari buruzko sinboloa.

B zatia: Jostailu-motak eta oharrak

1205/2011 Errege Dekretuak jostailu-mota bakoitzerako ohar-betekizun batzuk xedatzen ditu, 36 hilabetetik beherakoentzat edo gorakoentzat diren, jarduera-jostailuak diren, funtzionalak, irristailuak, irristailu gurpildunak, lerro-irristailuak, uretan erabiltzeko jostailuak, elikagaien barnean datozen jostailuak eta maskara edo babes-kaskoak imitatzen dituzten jostailuak diren.

Ikuskapen horretan, kontrolatutako jostailu guztietan ageri da 36 hilabetetik beherakoentzat ez diren jostailuak direla dioen oharra.

Gainerako oharrei buruz esan behar da, ikuskatutako jostailuak aurretik deskribatutakoak ez direnez, nahitaezko etiketa dutela soilik.

Jendeari saltzeko eremua duten establezimenduek badute erreklamazio-orriak dituztela dioen kartela, baita orriak berak izan ere, eta jostailuetan ageri da publikoarentzako salmenta-prezioa.

Laginak hartzea: Arauzko 3 lagin-hartze egin dira, hiru jostailu-motetan. Emaitzak egokiak izan dira.

2 atala: 2011 baino lehen zegoen arautegiaren arabera merkatuan jarritako jostailuen adostasun-maila egiaztatzea.

  • - 62 ikuskapen-jarduera egin dira, protokoloak eta lagin hartzean batuta.
  • - 50 protokolo bete dira, beste hainbeste jostailutan.
  • Protokoloen emaitzak izan dira:
  • - Ikuskatutako jostailu guztiek zuten EE marka.
  • - Kontrolatutako jostailu guztiek zituzten fabrikatzailearen edo inportatzailearen identifikazio- eta helbide-datuak.
  • - 36 hilabetetik gorako haurrentzako jostailuen % 98k adierazten du, hitzez edo sinboloz, ez direla egokiak 36 hilabetetik beherakoentzat.
  • - 36 hilabetetik gorakoentzat diren kontrolatutako jostailuetatik % 94k du testu bat non azaltzen den zer arrisku dakartzan 36 hilabetetik beherako haurrei uzteak.
  • - 12 jostailu elektriko kontrolatu dira. Guztiek adierazten dute zer tentsio elektrikorekin funtzionatzen duen jostailuak eta ageri dute tresna elektrikoen bilketa selektiborako sinboloa.
  • - Jostailu funtzionaletan esaldi honek agertu behar du: “OHARRA! Heldu baten zaintzapean soilik erabiliko da”. Ezaugarri horiek dituzten kontrolatutako 6 jostailuek betetzen dute baldintza hori.
  • - Ikuskapen honen helburu izan diren jostailuen % 88k oharrak eta erabilera-jarraibideak gutxienez hizkuntza ofizialean agertzen dituzte.
  • - Arduradunaren identifikazio-datuak, EE marka eta jostailuen segurtasunari buruzko testuak modu argian eta ikusteko moduan ageri dira jostailuan bertan, etiketan edo enbalajean, ikuskatutako jostailu guztietan.
  • - Kontrolatutako jostailu guztiek ageri dute publikoarentzako salmenta-prezioa.
  • - Ikuskatutako establezimendu guztiek zituzten erreklamazio-orriak, eta orri horiek badituztela adierazten zuen kartela.

Laginak hartzea: Arauzko 21 lagin hartu dira, beste hainbeste jostailu-motatan.

Laginek emaitza hauek izan dituzte:

  • - 15 laginek emaitza zuzenak eman dituzte (% 71,5).
  • - 4 laginek irregulartasunak zituzten etiketan. Produktuen arduradunak kokatuta dauden autonomia erkidegoetako kontsumo-zuzendaritzei hutsune horien berri emango zaie, komunikazio bidez, konpon ditzaten (% 19,50).
  • - Lagin bat merkatutik erretiratu egingo da, eta debekatu merkaturatzea, EE marka ez duelako, horrek ematen baitio jostailuari adostasun-irudipena (% 4,5).
  • - Lagin batek haurren osasunerako segurtasun-arazoak agertu ditu, eta alerta-sarearen sisteman jarri da produktua, merkatutik erretiratzeko (% 4,5).

Ondorioak

1 atala: Jostailuen etiketak arautegi berrira egokitu diren egiaztatzea eta zenbateraino egokitu diren ikustea

Egiaztatu da 2011ko irailaren 1az geroztik inportatu diren jostailuek badutela 1205/2011 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat datorren etiketa.

Dena den, uste da mota eta funtzionalitate desberdinetako jostailuak ikuskatzen jarraitu beharra dagoela, arautegi berrian xedatutakora egokitzen diren egiaztatzeko.

Komenigarria litzateke jostailu-mota bat baino gehiagotako laginak hartzea, ezarritako segurtasun-irizpideak betetzen dituzten jakiteko.

Enpresa inportatzaileei adierazi zaie indarrean sartu dela 1205/2011 Errege Dekretua, jostailuen segurtasunari buruzkoa.

2 atala: 2011 baino lehen zegoen arautegiaren arabera adostasun-maila egiaztatzea

Izandako emaitzetatik ikusten da ikuskapenaren bidez kontrolatutako jostailuen etiketek betetzen dituztela behar bezala aplikagarri zaizkien arauetan ezarritako betekizunak.

Jostailuen etiketetan ikusi da UNE-EN 71, 1. zatia, jostailuen segurtasunari buruzko arauan deskribatutako “Ohar” berriak sartu dituztela.

Dena den, produktuen arduradunak kokatuta dauden autonomia erkidegoetako kontsumo-zuzendaritzei atzemandako irregulartasunen berri emango zaie, komunikazio bidez, konpon ditzaten.

Ikuskatutako establezimenduei adierazi zaie jostailuen segurtasunari buruzko 1205/2011 Errege Dekretua indarrean sartu dela.