Etengabeko Ikaskuntza
Sarrera
Europar Batasuneko Batzordeak eta kide diren estatuek Etengabeko Ikaskuntza definitzeko esan zuten hura iraunkortasunez egiten den ikaskuntzako jarduera erabilgarri oro dela, betiere gizalegezko ikuspegi pertsonala edota gizarte edo enpleguarekin erlazionatutako ikuspegia erabiliz, prestakuntza, ezagutzak eta gaitasunak hobetzeko helburuarekin gauzatutakoa.
Etengabeko Ikaskuntzaren definizio hau zabala da, pertsona baten bizitza osorako ikaskuntzari garrantzia ematen diona, eta ikaskuntza formal, ez formala eta informala bere baitan hartzen dituena.
• Ikaskuntza Formala: Normalean ikaskuntza edo hezkuntza zentro batek eskaintzen duen ikaskuntza, izaera egituratua daukana eta ziurtagiri batekin bukatzen dena. Ikaslearen ikuspegitik nahitakoa da.
• Ikaskuntza Ez Formala: Ikaskuntza edo Hezkuntza zentroek eskaintzen ez duten ikaskuntza, normalean ziurtagiririk gabe bukatzen dena. Ikaslearen ikuspegitik nahitakoa da.
• Ikaskuntza Informala: Lanarekin, familiarekin edo aisiarekin erlazionatutako eguneroko bizitzaren ekintzei esker lortzen den ikaskuntza. Ez dago egituratuta eta normalean ez da ziurtagiri batekin bukatzen. Nahitakoa izan daiteke baina, kasu gehienetan, ustekabekoa edo zorizkoa da.
Eskualdeen eta Herrien Funtzioa
Europako biztanleek euren gain hartu behar dituzten ahaleginen betebehar garrantzitsu bat, eurek gizartean duten partaidetza sustatzea da, biztanleria aktibo bat garatuz, eta gizartearen kide eta biztanle gisa dituzten eskubide eta betebehar propioetaz konturatuz.
Hau dela eta, azpimarratu beharra dago Etengabeko Ikaskuntzarako estrategiaren eraginik zuzenena toki eta eskualde mailetan daukana dela.
Honen ondorioz, Batzordearen estrategiaren oinarri nagusietako bat toki-lankidetzen garapena da, hauen barruan toki-erakundeak, eskolak, unibertsitateak, bestelako ikastetxeak, enpresak, enplegu zerbitzu publikoak eta elkarteak daudelarik. Honi esker kontaktu modu berriak garatuko dira.
Beste puntu garrantzitsu bat toki-erakundeek eta bestelako agenteek ikaskuntzarako toki-azpiegiturak bultzatu eta garatzen dituzten baldintzak eskaintzea da, hau pertsona ezberdinei moldatzen diren ordutegi, leku eta erritmoekin egitea posible dela ziurtatuz. Informazio eta Komunikazio Teknologiak aurrera doaz etengabe, ikaskuntza malguko aukera berriak sortuz, ohizkoagoa den urrutiko heziketaz aparte. Aldi berean, garrantzitsua da nahi duten guztiek euren ikaskuntza beste pertsonekin batera jasotzeko aukera izan dezatela.
Etorkizuneko toki-azpiegituraren ezaugarrietako bat ezaupideak eta gaitasunak balioztatzea izango da, ikaskuntza formala, informala edo ez formalaren bidez lortu diren kontutan hartu gabe. Hau dela eta, funtsezkoa izango da toki-erakundeek toki nahiz eskualde mailan Etengabeko Ikaskuntza sustatzeko bete beharko duten funtzio aktiboa.
Etengabeko Ikaskuntzari dagozkion politikei toki nahiz eskualde mailan laguntzeko asmoarekin, 2001eko Urriaren 11an Etengabeko Ikaskuntzarako Toki eta Eskualde Agintaritzen Europar Elkartea (EARLALL) eratzen da Bruselan.
Arautzea
222/2001 Dekretuak, urriaren 16koak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen du, bere barnean Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetza bat eratzen delarik, horrela Lanbide Heziketak pertsonen kalitate eta prestakuntzan, enpresen lehiakortasunaren hobekuntzan, gaitasun profesionalak produkzio-inguruen beharretara moldatzeko prozesuan, eta enplegu-politikek lanbideratze prozesurako tresna gisa duten garrantzian betetzen duen funtzio estrategikoa ziurtatuz.
Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak dauzkan funtzioen artean hurrengoak aurki ditzakegu:
• Ezagutzaren gizarte berrian sartzen gaituen eta horren aukera guztiak aprobetxatzen dituen eredu bat ezartzeko beharrezkoak diren etengabeko ikaskuntzako ekintzak diseinatzea, zehaztea eta martxan jartzea.
• Etengabeko gaitasunak eskuratu edo garatzeko xedez, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako politikak zehaztea.
Komunitatearen Jokaerak
2000ko martxoan Lisboan antolatutako Europako Kontseilua une erabakigarria izan zen politikaren orientaziorako eta Europar Batasunaren ekintzarako. Horiek horrela, bileraren ondorioetan finkatutako helburu estrategikoa izan zen Europar Batasuna ezagutzan oinarritutako munduko gizarterik lehiakorrena eta dinamikoena bilakatzea. Hori lortzeko, behar nagusietako bat irakaskuntza eta heziketa moldatzea da, herritar bakoitzaren eta bere bizitzaren aldi guztien neurrira egindako ikaskuntza aukerak eskaini ahal izateko.
Geroago 2000ko ekainean, Feirako Europar Kontseiluak kide diren Estatuei, Kontseiluari eta Batzordeari, bakoitza bere eskuduntzaren esparruan, guztientzako Etengabeko Ikaskuntza sustatzeko estrategia koherenteak eta neurri praktikoak zehazteko gonbita egin zien.
Kontseilu horiek ikusita, Batzordeak 2000ko Urriaren 30an Memorandum bat argitaratu zuen, Etengabeko Ikaskuntzari buruzko sei elementu nagusiekin eta hura Europa mailako kontsulta baterako oinarria bihurtu zen. Momentu horretatik aurrera, kide diren Estatuek Etengabeko Ikaskuntzarako nazio-estrategia koherente eta orokorrak garatzea eta martxan jartzea erabaki zuten.
Lortutako emaitzak Batzordearen 2001eko azaroaren 21ean argitaratutako Komunikatuan jaso ziren, Memorandumaren sei elementu nagusiak berretsiz eta ondorioz Jarduteko Sei Lehentasun eratuz.
Jarduteko Lehentasunak
Batzordearen 2001eko azaroaren 21eko komunikazioak, 2000ko urriaren 30eko Memorandumaren sei elementu nagusiak berresten dituenak jarduteko honako lehentasunak jasotzen ditu Etengabeko Ikaskuntzaren esparruan:
1.- Ikaskuntzaren Balioespena. Herritarrek eskolan, unibertsitatean, ikastetxeetan, lanean, aisialdian eta familia-ekintzetan lortutako ikaskuntza bateratu eta egituratzea ahalbidetzeko, ikaskuntza mota guztiak ezagutu, balioztatu eta aztertu daitezkeela aurresuposatu behar da.
Funtsezko lana egin da estatu eta Europa mailan gaitasun formalen elkarren arteko onarpena eta gardentasuna posible egiteko, oraindik gardentasun hori indartzen duen eremu orokorrik lortu ez bada ere. Beharrezkoa da ikastetxeek, enpresaburuek eta mintzaide sozialek ikaskuntza balioztatzeko tresnen garapenean parte hartzea, eta interesdunek, barne daudelarik, metodo eta sistema baliagarri, fidagarri eta egiazkoak aurkitzea.
2.- Informazioa, Orientazioa eta Aholkularitza. Erdietsi beharreko helburua Europako biztanle guztiek, euren bizitzetan zehar, ikaskuntza aukerei buruzko kalitatezko informazioa eta aholkularitza erraz lortu ahal izatea da.
Helburu hori erdiesteko, orientazio eta aholkularitza zerbitzuek aukera-berdintasuna bultzatu behar dute. Horrela, IKTetan oinarritutako zerbitzuak, bestelako toki-zerbitzuekin batera, liburutegiak besteak beste, sarbide-gune egokiak izan daitezke.
Honez gain, orientazio eta aholkularitza arloetako profesionalen eginbeharra ‘’bitartekotza’’ gisa ulertuko da etorkizunean, euren lana ikaskuntza aukerei buruz pertsonak orientatzea da, informazioa emanez eta erabakiak hartzen lagunduz.
3.- Denbora eta Dirua Ikaskuntzan Inbertitzea. Inbertsio mailak altuagoak izan behar dira ezagutzaren gizarterako iragaitearen beharrei erantzuteko.
Horrela, giza baliabideetako inbertsioa altuagoa izan dadin, beharrezkoa da erantzukizunak elkarren artean banatzeko kultura baterantz eta Etengabeko Ikaskuntzan parte hartzea posible egiten duten elkarren arteko finantzazioko arau argietarantz zuzendutako aurrerapausoak ematea.
4.- Ikaskuntza Aukerak Ikasleengana Hurbiltzea. Etengabeko Ikaskuntzarako aukerak interesdunen erkidegoetan eskaintzean datza eta, beharrezkoa bada, adibidez herri bakandu edo sakabanatuetara heldu behar bada, komunikazio teknologien laguntzaz.
Ikaskuntza etxera hurbiltzeko beharrezkoa da baliabideak berrantolatzea eta birbanatzea, herritarren eguneroko elkarguneetan ikastetxe egokiak sortzeko, eta ez bakarrik eskoletan, baizik eta museoetan, liburutegietan, parkeetan, etab.
5.- Oinarrizko Gaitasunak. Gizartean eta ezagutzaren ekonomian partaide aktiboa izateko, oinarrizko gaitasun berri batzuk zehaztu behar dira, Europar Batasuneko herrialdeetatik pertsonen mugikortasuna posible egiten dutenak.
Hori dela eta, oinarrizko irakurtze, idazte eta kalkuluko gaitasunak hobetu behar dira, eta ikasten ikasteko gaitasuna sartu behar da, informazio teknologia berriekin, hizkuntzekin, kultura teknologikoarekin, enpresa izaerarekin eta gizarte-zientziekin erlazionatutako gaitasunekin batera.
Zentzu horretan, gobernuek derrigorrezko eskolatzearen bitartez, etengabeko ikaskuntzarako oinarriak eta, eskolatik alfabetatze, kalkulu eta beste oinarrizko gaitasunei buruzko ezagutza nahikorik jaso gabe atera diren helduei zuzendutako ikaskuntza orekatzailerako oinarriak finkatu beharko dituzte.
6.- Pedagogia Berritzailea. Herritarrek ikasten ikasi behar dute lehen mementotik. Beraz, irakaskuntza eta ikaskuntza metodo berriak eta irakasle, hezitzaile eta bestelako ikaskuntza bitartekarientzako zeregin berriak behar dira. IKTen bidez buruturiko ikaskuntza, gizartean aritzeko beste metodo egokiagoekin konbinatu behar da, adibidez, ikaskuntza taldeekin, familia-ikaskuntzarekin, lanean jasotako ikaskuntzarekin, eta laguntza indibidual eta teknikoko zerbitzuekin.
Halaber, ikaskuntza ez formalen ziurtagiri eredu berritzaileak bultzatu behar dira, ohiko moduan ikasten ez duten guztiak eta langabeziaren, familia erantzukizunen edo gaixotasunen ondorioz denboraldi batetan lanik gabe egon direnak motibatzeko.