Elkarrizketa: Raquel (Lucas) Platero
“Beste errealitate batzuk txertatzeko deriba horren atzean premia bat ezkutatzen da, aktibismoa deszentralizatzeko premia, hain zuzen, eta eskubide asko eskuratu ditugun arren, oraindik ase gabe dauden premia asko daudela ikusarazi behar dugu

LGBTQ (lesbiana, gay, bisexual, trans eta queer) Harrotasunaren Nazioarteko Eguna edo Gay Harrotasunaren Eguna edo, besterik gabe, Harrotasunaren Eguna; nazioartean ospatzen den egun horretan elkarteek gay, lesbiana, bisexual eta transexualen berdintasunaren alde jardun behar dela aldarrikatzen dute, bai eta ezarritako sexualitatea eta genero-arauak urratzen dituzten pertsona guztien alde ere. Ekainaren 28a izaten da, 1969. urtean Stonewall-en (New York, AEB) izan ziren istiluen harira; liberazio homosexualaren mugimendua deitu zitzaiona sortu zen istilu horien ondorioz, eta gaur egun, bazterkeria-arriskuan dauden LGTBQ pertsonen kalteberatasun-egoera aitortzearekin ere loturik dago.
Data hori dela-eta, Lucas Platero Méndezekin solasaldia izan dugu.
Aurkezpena:
RAQUEL (LUCAS) PLATERO soziologiako doktore da, unibertsitateko eta esku-hartze sozio-komunitarioko irakasle. URJC/Rey Juan Carlos Unibertsitateko Genero Katedrako kide da. Malagako Unibertsitateko Patricia Laurenzo Copellok zuzentzen duen i+g-ko “Colectivos en los márgenes: su exclusión por el derecho en tiempos de crisis” (2013-2015) proiektuko kide ere bada.
"Intersecciones. Cuerpos y Sexualidades en la Encrucijada" liburu ezagunaren argitaratzaile, bi argitalpen berri kaleratu berri ditu: “Trans*exualidades. Acompañamiento, factores de salud y recursos educativos” (Bellaterra, 2014), eta berrikiago, “Por un chato de vino. Historias de travestismo y masculinidad femenina” (Bellaterra, 2015).
1. Maiatzaren 17a Homofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna igaro berri den honetan, ekainean aldarrikapen-egun ezaguna datorkigu: E-28a. LGTBI mugimenduak zer mezu helarazi nahi du egun horretan?
Egun horren inguruan mezu ugari zabalduko ahal dira, ez bakarra! Gaur egun, arazo asko izaten dira, hala nola, prekarietatea edo diskriminazioaren iraunkortasuna. Gainera, nire ustez ez dago LGTBQ mugimendu bakar bat, mugimenduak baizik, pluralean, arauekin bat ez datozen generoa eta sexualitatea aldarrikatzen dituzten eremuak ere ugaritu egin diren aldetik, eta ikuspegi hori txertatu duten elkarteak ere asko direnez. Askotariko toki horietan –elkarteak, okupa-etxeak, sindikatuak, unibertsitateak eta beste asko– eztabaida garrantzitsuak gertatzen ari dira, eta ohartarazi nahi digute oraingo eskubideak ez direla nahikoak egun bizi dugun diskriminazio-egoerari aurre egiteko; krisialdia eta murrizketak aipatzen dituzte, klase ertainekoak ez diren LGTBQ pertsonei, bereziki, kalte egiten dieten prekarietate-egoeren eragile. Eta egungo ikuspegi kritikoen goraldia gauza gehiago egiteko ez ezik, gauza desberdinak egiteko ere baliatuko ahal da!
2. Eta gero eta sigla gehiago eranstearen kontu hori? Lehen Gay Harrotasunaren eguna zen. Orain LGTBI…. Gehiago...? Argigarri ala nahasgarri izaten da? Zer dago horren atzean?
Egia da, bai; batzuetan letra-zopa dirudi. Beste errealitate batzuk barneratze horren atzean premia bat dago; hain zuzen ere, aktibismoa deszentralizatzeko premia, eskubideak lortzen ari garen arren oraindik ere ase gabeko premia asko daudela ikusarazteko. Intersekzionalitatearen esparru teorikoak, hain justu, horixe adierazten digu, pertsonen bizitzak elkarri lotuta daudela; ez da sexualitatea soilik, baizik eta generoa, klase soziala, ahalmena, etnizitatea eta "eta abar" luze batean ezkutatuta geratzen diren beste funtsezko zenbait bizi-egoera. Hortaz, pertsonak ulertzeko garaian soilik beren arauz kanpoko sexualitateari baino gehiagori erreparatzen dion ikuspegi konplexuago batetik begiratu behar diegu.
Lehenik eta behin, eztabaida hau sortzen da: nola heldu politikei, diskriminazio-ardatz bakoitzari dagokionez. Maiz, ardatz bakoitza banatuta lantzen da. Horrek esku hartzeko moduak oso ondo zehazten uzten du, baina arazoak ere sortzen ditu: pertsonak ez gara soilik emakumea, immigrantea edo gorra, eta, horren ondorioz, ardatzak gurutzatu egiten dira gure bizitzetan; ardatz bakoitzeko arduradunak beste eremuetako ardatzen atzetik joan behar dira beraien taldea kontuan har dezaten agenda politikoetan, eta abar.
3. 2007. urtean “Herramientas para combatir el bullying homofóbico” liburua argitaratu zenuen; testu hori eskolako eta hezkuntza ez-formaleko jazarpen homofobikoaren intzidentziarekin kezkatuta dauden irakasle, hezitzaile, ama eta aitei zuzenduta dago. Itxuraz, belaunaldi berriak toleranteagoak dira. Eskolan arazoa al da hori oraindik? Hezkuntzan txertatutako arauek balio izan al dute horrelako jarrerei aurre egiteko?
Bai “Herramientas” liburuan, bai “Trans*exualidades” liburuan, nire asmoa zera izan da, eskola gizarte-transformazio garrantzitsua lortzeko tokia izan daitekeela ikusaraztea, eskolan gaudenon bizi-kalitatea aldatu eta hobetuko duena, betiere arauz kanpoko genero-nortasuna eta sexualitatea dugun pertsonak izateko aukera onartuta. Ildo horri jarraiki, gure gizartea oso dinamikoa da, eta egia da asko aurreratu dugula, baina horrek ez du esan nahi diskriminaziorik eta bazterkeriarik ez dagoenik gaur egun. Borrokan jarraitu behar dugu beste modu askotara ikasi eta irakatsi daitekeela ulertzeko, eskola trans*formatzailea lortzeko moduan, LGTBQ ikasleen gutxiengoa dagoela gaindituta. Horrek bultzatu ninduen eta bultzatzen nau oraindik ere hezkuntza-komunitateari zuzendutako materialak sortzera.
4. Liburu bat argitaratu berri duzu: “Trans*exualidades”; bertan, “trans*” alderdian sakondu duzu, hau da, genero-arauak betetzen ez dituzten haur eta helduentzat zer esan nahi duen. Eta azterketa egiteaz gain, transfobia gainditzeko proposamen zehatzak ere egin dituzu. Azalduko al zeniguke zure proposamena?
Esparru teoriko sendoa sortu nahi izan dut trans* –izartxo eta guzti– gaiei buruzko azterlanen inguruan, esparru teoriko hori "gaiaren egoeraren" adierazgarri izan dadin, baina aldi berean, kontzeptuak ulertzeaz gain, egun ditugun jarrerak gainditu eta agian ez ditugun trebetasunak trebatzen lagunduko duten tresna praktikoak txertatuta. Oso harrera positiboa izaten ari da, eta gaur egun, Bellaterra argitaletxearekin lanean ari naiz trans* gaiei buruzko askotariko material gehiago kaleratzeko: haurrentzako literatura (adibidez, “Mi querido princesito”), edo saiakerak (laster argitaratuko da Dean Spade-ren “Una vida normal”).
5. Eta ideia eta hausnarketak bor-bor dituzularik, beste lan bat aurkeztear zaude: “Por un chato de vino. Historias de travestismo y masculinidad femenina”. Aurreratu iezaguzu zer lortu nahi duzun istorio horrekin.
Saiakera nobelatua eta ilustratua da; azkenaldiko iragana ekarri nahi izan dut gogora, nire esperientziak M.E.-ren bizitzarekin uztartuta. Frankismoaren garai luzean gertatutako istorioa da, lehen pertsonan kontatua Eva Garridoren irudiekin. Generoaren eta heterosexualitatearen binarismo derrigortua betetzen ez zutenentzat bereziki latza izandako garai hartako giro itogarria aurkeztu dut. Ez da erraz sailkatzeko moduko liburua, zeren ertzetan kokatzen baita; arraroa da, eta isilarazi nahi diren gaiak azaleratzen ditu. Sentsazio subjektiboak sentiaraziko dizkizu.
6. Lucas, zer iritzi duzu berdintasun-politikei buruz eta lesbiana, gay eta transek politika horietan duten egitekoari buruz? Zure ustez, arlo honetan politika espezifikoak behar dira edo gure administrazioetan lantzen ari diren berdintasun-politika orokorren barruan sartu behar dira?
Berdintasuna –bai genero-berdintasuna, bai sexualitateari dagokion berdintasuna– lantzeko zer politika izan ditugun ebaluatzeko garaia dela uste dut, etorkizunerako zer politika nahi ditugun pentsatzeko garaia. Nire ustez, estrategia zer den argitzea baino gehiago da kontua, hau da, politika espezifiko bat ote den, ala politika generalista ote den; baizik eta zer premia larri ditugun zehaztea da kontua, eta zer egin dezakegun premia horiei aurre egiteko, jokabide zehatz eta praktikoen bitartez. Horretarako, eztabaida handia izatea lortu behar dugu, premia horiek identifikatzearren eta konponbideak sortzeko kontzientziazio-prozesua ahalbidetuta. Egun egoera ahulenean dauden LGTBQ pertsonei buruz ari naiz, bereziki.
7. Nola kokatzen duzu, gaur egun, feminismoa edo, hobeto esan, feminismoak? Zer eginkizun betetzen dute mugimenduek feminismoan? Ez dezagun ahaztu mugimendu batzuk soilik emakumeenak direla, beste mugimendu batzuek emakume-subjektua eta genero-nortasuna zalantzan jartzen dute, beste mugimendu askok sexu-aniztasunaren alde lan egiten dute, eta beste zenbait mugimenduren helburua gizonak berdintasunaren bidera erakartzea da. Mezuak ez al dira barreiatzen? Edo mezu horiek zalantzan jartzeko eta aberasteko unea al dugu?
Feminismoek funtsezko eginkizuna izan dute eta horiei esker hitz egin dezakegu gaur egun sexu-askatasunez. Nire ustez, feminismoen eta LGBTQ mugimenduen historia lotuta daude, eta egun bizi dugun unea ulertzeko ezin du beste modu batera izan. Transfeminismoak, hain justu, gure historia ezagutzeko premia hori bete du, hein batean, eta historia horretan mugimendu feministak funtsezkoak izan dira egun ditugun askatasunak, galtzeko zorian gauden askatasun horiek eskuratzeko. Feminismoek eta LGTBQ eskubideak sustrai bera dute eta hori erronka garrantzitsua da sexu- eta ugalketa-eskubideak nola ulertu behar diren adierazten duen ideiarentzat, irudikatzen dituen subjektu politikoekin, detektatzen dituen premiekin eta proposatzen dituen konponbideekin.
8. Eta bukatzeko, gure Gizonduz ekimenari buruz zer pentsatzen duzun jakin nahi dugu. Gizonduz erakunde-ekimen bat da, gizonak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde gehiago inplikatu daitezen sustatzeko helburua duena. Zer iritzi duzu horrelako ekimenen inguruan? Sexu-aniztasunaren aldeko lanaren perspektiba sartzen al da berdintasunaren aldeko gizonen kolektiboek egiten duten lanean?
Nire ustez oso garrantzitsua da zera ulertzea, gizonak ere diskriminazio matxistarekin bukatzeko borrokaren parte direla. Bestela esateko, sexu-gerra da. Ildo beretik, gure gizarteetako gizon askok asko aldatu behar dutela esango nuke, gizon guztiek. “Cis” gizonek eta trans gizonek, heterosexualek, homosexualek, pobreek, aberatsenek... guzti-guztiek. Genero-aldea desagerrarazteko garaia heldu da, zaintza-lanetan, parte-hartze politikoan, botere-banaketan eta beste hainbat eremutan, diskriminazioa sortzeko garaian desberdintasunik garrantzitsuena sexua izanik, bai eta klase sozialarekin, gaitasunarekin, etniarekin eta gizartea antolatzeko beste modu batzuekin dituen harreman intersekzionalak ere. Ildo beretik, genero-harremanak ulertzeko moduaren gaineko hausnarketa sakona egin beharko genukeela iruditzen zait, eta horretarako, pribilegioak desegin eta egoera ahulak aitortu behar dira.
R.Lucas Plateroren argitalpen guztiak ikusteko: https://urjc.academia.edu/Platero