ELKARRIZKETA: MIQUEL MISSÉ

“Seguru aski, gure kulturan gorputz maskulinoek gorputz femeninoek baino onarpen handiagoa dute, eta presio gutxiago jasaten dute.”

 

Mikel Missé soziologoa eta trans aktibista da. Bartzelonan trans borrokaren aldeko zenbait kolektibotan parte hartu du, eta Trans Despatologizazioaren Nazioarteko Sareko kide aktiboa izan da, baita Stop Trans Pathologization 2012 nazioarteko kanpainaren dinamizatzailea ere. Gerard Coll Planasekin batera, El género desordenado liburua editatu du (Editorial Egales, 2010). Soziologo-lanak egiteaz gain, Bartzelonako Udalak LGTB kolektiboarentzat prestatutako udal-planean, eta Against Homophobia European Local Administration Devices Europako proiektuan parte hartu du.

1.- Teorian erraza den kontu batekin hasiko gara: zuretzat zer da gizona edo emakumea izatea?

Ez da batere galdera erraza! Niretzat, gizon- edo emakume-kategoriak kodeak dira, tresna bat, jokatzeko eredu batzuk, oso ondo egindako trajeak kalera irten eta harremanak izateko. Ziur aski, jende askok gizona edo emakumea dela esaten du. Hala izanik ere, nire esperientziatik, kontua ez da zer garen, zer irudikatzen dugun baizik. Nik ez nuke gizona naizenik esango; baina bien artean hautatu behar badut, nahiago dut gizontzat hartzea.

2.- “Trans” zarela diozu. Azaldu ahal diguzu zer esan nahi duzun hitz horrekin? Zertan datza transexualitatea?

Genero bat esleitu zizuten, baina zu bestearekin identifikatzen zara. Horixe da nire ikuspuntutik trans esperientzia, horrekin dauka zerikusia. Eta esperientzia horren barruan, egoera eta ñabardura ugari sartzen dira. Transexual guztiek ez dute neurri berean aldatzen beren gorputza edo beren dokumentazioa. Lehen aipatu dudan logika beretik jotzen dut neure burua “transexualtzat”. Ez dut uste trans esentzia bat dudanik, baina kategoria bat da, eta munduari nire berri emateko balio dit. Trans naizela esatea garrantzitsua iruditzen zait, norberak generoari eta identitateari dagokienez egin duen ibilbidea erakusteak zentzua baduelako. Ni bizi naizen lekuetan, trans agertzeak ez du nire bizitza arriskuan jartzen. Eta, seguru aski, horrexegatik izan dezaket aktibismo hori. Eta hori pribilegio handia da, dudarik gabe.

3.-Askotan lotzen al dugu transexualitatea gorputzarekin harreman gatazkatsua izatearekin, eta, horren ondorioz, generoa aldatzearekin, genitalak operatzearekin, eta, batzuetan, feminitatearen edo maskulinitatearen estereotiporik klasikoenak imitatzearekin? Hori guztia ez al da kontraesankorra feminismoak genero-kontzeptuaz egiten duen kritikarekin, kultura eraikuntza den aldetik?

Iruditzen zait maila desberdinetako argudioak nahasten direla kontu horretan. Lehenik eta behin, trans esperientziak badauka zerikusia gorputzarekin harreman gatazkatsua edo, nahi bada, harreman berezia izatearekin. Gure kulturan, genero-identitatea hertsiki lotuta dago sexu biologikoarekin eta gorputz-ezaugarri jakin batzuekin. Identitatea eta gorputza ulertzeko modu hori gure kulturaren funtsezko balioen parte bat da, mundua interpretatzerakoan sartu dugun zerbait. Guk, transok, ez dugu aparteko interesik etengabe buru-hausteetan ibiltzeko gure gorputza dela eta ez dela. Gizarte honetan, denok bizi gara estereotipoen presiopean, maskulinitatea eta feminitatea gora eta behera, eta alde horretatik, geu, transok, ezinegon horien izeberg-muturra baino ez gara, agerikoena. Baina trans ez diren beste pertsona askok ere antzeko ezinegona sentitzen dute. Beste alde batetik, begi-bistakoa da transek genero estereotipoak imitatzen dituztela. Pertsona gehienek genero-rol normatiboak errepikatzen dituzte; transexualek zergatik izan beharko lukete salbuespena?

Bigarrenik, besteak beste, sexu/genero ereduari eta maskulinitatearen eta feminitatearen estereotipoen eraikuntzari egindako kritikak daude. Feminismoetatik haratago, trans mugimenduek bere egin dituzte kritika horiek azken urteotan. Nik beste maila batean kokatuko nituzke. Nire ikuspuntutik, erabat bateragarria da alde batetik biko gizarte batean bizitzea, non pertsona askok genero batetik bestera igarotzeko beharra sentitzen duten, eta, aldi berean, diskurtso eta mugimendu askok generoaren eta sexismoaren eraikuntzaren aurrean planteatzen duten errotikako kritika egitea. Ez dago mundu paralelo bat, pentsatzeko eredu nagusiarekin bat ez gaudenok hara joan gaitezen. Hala, bada, kritikatzearekin batera, saiatzen gara bertan bizirauten, ahal dugun hobekien.

4.- Gero eta gehiago hitz egiten da gai honi buruz. Ume eta nerabe transei buruzko eztabaida argitara ateratzen ari da. Nola ikusten duzu adingabeko transexualen gaia?

Hiru gauza esan nahi ditut. Lehenengo eta behin, konplexua iruditzen zait adingabeko transexualen kategoria. Urtebeteko umeen eta hamazazpi urteko gazteen esperientziak batera hartzen baditugu, oso espektro zabalean sartzen ari gara, eta, funtsean, oso esperientzia desberdinak dira. Ulertzen dut “adingabe transexualak” kategoria planteatzea baliagarria izan dela gaia plazaratzeko, baina espero dut gero eta ñabardura gehiago egingo direla. Bigarrenik, adingabe horiei buruz hitz egiten denean erabiltzen diren argudio batzuk lotuta daude sakonki biologizistak, bikoak eta, azken finean, sexistak diren diskurtsoekin. Orain dela urte asko hasi zen borrokan trans mugimendua gaur egun adingabeko transexualei buruz entzuten diren ideia horietako batzuen kontra, hala nola sexu-bereizketa burmuinetik datorrela edo garrantzitsuena gorputza aldatzea dela. Uste dut kritikoak izan behar dugula formulazio horiekin, nahiz eta pertsona ustez aurrerakoiek esanak izan. Eta esan nahi dut, azkenik, funtsezkoa dela haurtzaroan eta nerabezaroan genero-aniztasuna nola babestu erabakitzeko eztabaida, eta zuhurtziaz egin behar dela. Gaur egun, familia asko ari dira prestakuntza jasotzen, beren seme alabei ahal den hobekien laguntzeko. Nire ustez, helduon trans akitibismoak tresna asko eskaini ahal die familia horiei, eta lagundu ahal die, halaber, norberaren gorputza estimatzeari buruzko gogoeta egiten, trans identitatea aniztasunaren parte bat bezala onartzen, trans esperientziari buruzko mitoen kontra borrokatzen, eta abar. Hau da: batzuok jaso ditugun kolpeak baliagarriak izan daitezela, beste batzuek tresna gehiago izan ditzaten beren bizitza nola bizi nahi duten pentsatzeko.

5.- Garrantzia ematen diozu genero-identitatea eta genero-adierazpenak bereizteari. Zertan datza bereizketa hori?

Genero-adierazpena nahikoa kategoria berritzailea da, eta zoragarria aldi berean. Genero jokabideari buruzko kontzeptua da, genero-identitatearen bestelakoa. Baliteke mutil bat oso femeninoa izatea eta emakume ez sentitzea. Bada, hori ulertzeko balio digu. Kategoria hori izan gabe, harrapatuta geunden. Izan ere, mutil oso femenino bati buruz hitz egiten genuenean, jende askok ondorioztatzen zuen neska sentitzen zelako zuela identitate femeninoa. Eta orain ñabartu dezakegu, aldiz, haren identitatea ez dela zertan aldatu behar genero-adierazpen femeninoa izateagatik. Aldi berean, oso kategoria interesgarria da haurtzaroan lan egiteko.

6.- Eta, amaitzeko: zure ustez, errazagoa da gorputz maskulino batean bizitzea?

Seguru aski erantzun bat baino gehiago daude. Lehena: ez nuke esango errazagoa denik modu absolutu batez, beste trans asko ez liratekeelako identifikatuta sentituko. Pertsona bakoitzaren araberakoa da. Bigarrena: seguru aski, gure kulturan gorputz maskulinoek gorputz femeninoek baino onarpen handiagoa dute, eta presio gutxiago jasaten dute. Azkena: nik nahiago izan dut itxuraz maskulinoa den gorputz batean bizi. Hori diot ez nagoelako seguru ere nire gorputza maskulinoa denik: bibotea daukat, bai, baina bagina ere bai.