'Elikagaiak ukitzeko materialak eta objektuak, zeramikoak barne' ikuskapen-kanpainaren emaitzak

Xedea

Kasuan kasuko entsegu eta kontrolen bidez egiaztatzea araudi aplikagarriak xedatutakoa betetzen zela eta erabilera segurua zela, batez ere plastikozko ontzietan eta elikagaiak gordetzeko zeramikazko objektuetan.

Noiz egin zen

Kanpaina 2014ko otsailaren 12tik martxoaren 4ra arte egin zen. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren kanpainen urteko planaren barruan, elikagaiak ukitzeko materialen eta objektuen laginak (zeramikoenak barne) hartzeko eta haiei buruzko informazioa kontrolatzeko kanpaina hau egitea programatu zen.

Egindako jarduerak 

Plastikozko ontzien eta elikagaiak gordetzeko zeramikazko objektuen laginak hartu ziren. Protokoloak produktuen beren gainean egin ziren.

Elikagaiak ukitzen dituzten materialak 2004ko urriaren 27ko 1935/2004 (EE) Erregelamenduaren bidez daude araututa Europako Batasun osoan.

Bestalde, elikagaiak ukituko dituzten material eta objektu guztiak 2006ko abenduaren 22ko 2023/2006 (EE) Erregelamenduan jasotako Fabrikazio Praktika Onen arabera egin behar dira, haien erabilera normalean edo aurreikusgarria den erabileran beren osagaiak elikagaiei harraraz ez diezazkieten, honako hauek eragin ditzakeen kantitatean:

  • arriskua izatea giza osasunarentzat,
  • ezin onartuzko aldaketa eragitea elikagaien osaeran,
  • elikagaien ezaugarri organoleptikoen aldaketa eragitea.

Hiru lurraldeetan hartutako laginak jaso ondoren, Kontsumobideko Zerbitzu Zentralek Ikerketa eta Kalitatearen Kontrol Zentroaren laborategira (CICC) bidali zituzten.

Merkatuan oso zabalduta dauden material horiez ari garenean, honako hauek aipatzen ari gara: itsasgarriak, zeramika, kortxoa, kautxua, beira, truke ionikoko erretxinak, metalak eta aleazioak, papera eta kartoia, plastikoak, inprentako tintak, zelulosa birsortua, silikonak, ehun-gaiak, bernizak eta estaldurak, argizariak, zura eta material nahiz objektu aktibo eta adimendunak.

Laginak batez ere prezio baxuko dendetan eta bazarretan hartu ziren. Era berean, beste establezimendu batzuk ere kontrolatu ziren, Ikuskaritzaren ustez horrelako produktuak merkatura zitzaketela kontuan hartuta (saltoki handiak eta beste). Ahalik eta establezimendu-kopuru handiena bisitatzea zen helburua, aurrez egindako lanaren ondorioz ikasitakoaren arabera horrelako produktuak zituzten establezimenduak ere kontuan hartuta.

Emaitzak

Laborategira bidalitako 10 laginetatik, sei araudiaren araberakoak izan ziren. Gainerako lau laginetan aurkitutako ez-betetzeek ez zioten eragiten kontsumitzaileen segurtasunari, etiketetan zeuden irregulartasunei soilik zegozkielako.

Egindako 20 protokoloetan, 19 produktu araudiaren araberakoak izan ziren, eta batek irregulartasunak zituen etiketan.

Kanpaina honetan aurkitutako ez-betetze normatibo guztiak agintari eskudunei jakinarazi zitzaizkien, kontrolatutako produktuen erantzulea bizi den lurraldearen arabera. 

Ondorioak

Lortutako emaitzetatik ondorioztatzen da ezen, elikagaiak ukitzen dituzten material eta objektuen artetik, kanpaina honetan aztertu direnak ez direla arriskua kontsumitzaileen osasunarentzat, material plastikoen migrazio orokorrari edo material zeramikoetan berun- eta kadmio-ioien lagapenari dagokionez; era berean, araudi aplikagarrietan ezarritako baldintzak bete egiten dira, etiketetan irregulartasunak dituen portzentaje txiki batean izan ezik.