Ekintzailetza - proiektu berriak finantzatzera diru-laguntzak

Ekintzailetza - proiektu berriak finantzatzera bideratutako laguntzen deialdia, ekonomia - jarduera eta enplegua sortzea bultzatzeko neurri gisara
Lanbidek 2014 ekitaldian enpresa txikiak eta mikroenpresak sortu eta abiarazteko sostengua ematera bideratutako laguntzak arautzea eta horien oinarriak ezartzea da deialdi honen xedea
Orain arte ez da horrelako ekimenik eman finantza merkatuan. Ekimen berritzailea da beraz eta honen bidez 50.000€-tarainoko kredituak lortu daitezke non interesen zati bat Eusko Jaurlaritzak ordaintzen duen, abalen beharrik gabe.
Onuradunak
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzetara jo ahalko dute sustatzaileek, enpresaburu indibidual gisara edo bazkide gisara, baldin eta enpresa edo ekonomia-jarduera berri bat, horren forma juridikoa edozein delarik ere, sortu eta garatzera bideratutako inbertsioak egiteko finantzaketa - akordio bat sinatzen badute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin deialdi honetan aurreikusitako laguntzak gauzatzeko lankidetza-hitzarmena izenpetu duten finantza-erakundeetako batekin
Betebeharrak
- EAEn erroldatuta egotea eta benetako egoitza bertan izatea.
- Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
- Bideragarritasun-txostena eginda duen enpresa- edo negozio-proiektu bat izatea.
- Jarduera berriari Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren (JEZ) zein epigrafetan emango zaion alta, aurreko bi urteetan epigrafe horretan aurretiaz alta emanda egon ez izana, diru-laguntza eskatzen den eguna erreferentziatzat hartuta.
- Nork bere enpresa edo negozioa sortzeko konpromisoa hartzea, jarduera berri hori ez den beste ezein jardueratan aritu gabe.
- Diru-laguntzaren xede izango den enpresa-jarduerari 2 urtez eusteko konpromisoa hartzea, JEZen alta ematen den egunetik zenbatzen hasita.
Ebazpenaren ondoren bete beharrekoak
- Enpresaren egoitza fiskala eta soziala EAEn ezartzea.
- Laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea. Altaren data hori hartuko da jardueraren hasiera-datatzat.
- Langile Autonomoen Araubide Berezian alta ematea, bere konturako langileen araubide berezian edo, hala badagokio, kasuan kasuko lanbide-elkargoaren mutualitatean, laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondorengo hilabetean.
Aktiboak
Diruz lagundutako finantza-mailegu eta/edo –errentamenduaren bidez, empresa edo jarduera ekonomiko berria abiarazteko beharrezko aktiboak erosteko egin beharreko hasierako inbertsioa finantzatu behar da. Era berean, inbertsioa aktibo zirkulatzailean egiteko aukera ere bada, baldin eta aktibo zikulatzailean egindako inbertsioaren ehunekoa inbertsioaren guztizkoaren % 25ekoa edo hortik beherakoa bada.
- Lurrak eta ondasun naturalak.
- Eraikuntzak.
- Instalazio teknikoak.
- Makineria.
- Tresneria.
- Beste instalazio batzuk.
- Altzariak.
- Informazio-prozesuetarako ekipoak.
- Garraio-elementuak, jarduera nagusia pertsonak edota salgaiak garraiatzea bada.
- Bestelako ibilgetu materialak.
Finantza-mailegu eta -errentamenduen ezaugarriak
- Maileguaren gehienezko zenbatekoa: 50.000 euro sustatzaile bakoitzeko; zenbateko horrek inolaz ere ezingo du gainditu proiektuaren inbertsioaren %95.
- Epea: 5 urte, gehienez ere. Maileguen kasuan, epe horren barruan sartzen da maileguaren lehen 6 hileetako gabealdia.
- Epemugak: gutxienez, hilean behingoak.
- Eragiketei aplikatuko zaien gehieneko interes-tasa: %7ko UTB, komisio eta gastu mota guztiak barne.
Diru-laguntzaren zenbatekoa
Finantza-erakundeekin sinatutako hitzarmenaren babesean onartutako finantza-eragiketan adostu diren interesen eta % 4ko interesen arteko aldea izango da emango den diru-laguntzaren zenbatekoa. Zenbateko hori eguneratu egingo da Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratutako interes-tasa aplikatuz.
Diru-laguntzaren zenbatekoa finantza-mailegu edo -errentamenduaren hasierako kapitala amortizatzeko aplikatuko da.