Birgaitze Lanen Katalogoa. 2014ko uztaila

Eusko Jaurlaritzaren Kalitate Kontrolaren Laborategiko Arlo Termikoak argitaratu du Birgaitze Lanen Katalogo hau. Horren bidez, birgaitze energetikoko proiektuetan inguratzailearen ezaugarri termikoak zehazteko tresna baten berri eman nahi da. Birgaitze-soluzio bat pentsatzean, energia-ziurtapenak egitean eta halakoetan eraikinen itxituren ezaugarriak zehaztea zaila denez, katalogoko honetan ezaugarri termikoak jaso dira, itxitura-motaren arabera neurtuta.

Euskadiko birgaitze-lanetako teknikariei lehendik dauden eraikinen eta birgaitze-soluzio posibleen ezaugarri termikoak zehazten laguntzeko sortu zen birgaitze-lanen katalogo bat egiteko ideia. Testuinguru horretan, helburu hauek ezarri dira katalogoarentzat:

  • Euskadiko eraikin-parkeko fatxaden eraikuntza-motak identifikatzea.
  • Historiako garai desberdinen adierazgarri diren Euskadiko hainbat eraikuntza-motatako fatxaden ezaugarri termikoak zehaztea.
  • Euskadiko eraikinetarako ezaugarri termikoak zehaztea, birgaitzeko eraikuntza-moten arabera.

Katalogoa bi bloketan banatzen da:

  • 1. blokea: lehendik dauden eraikuntza-soluzioen ezaugarriak eta sailkapena.
  • 2. blokea: birgaitzeko eraikuntza-soluzioen ezaugarriak eta sailkapena.

1. blokean, Euskadin dauden eraikinen itxitura bereizgarrien eraikuntza-moten fitxa teknikoak azaltzen dira. Eraikuntza-mota horiek orri-kopuruaren, aire-ganbera motaren eta orri horien estaldura-motaren arabera sailkatzen dira.

2. blokean, 1. blokeko itxiturak birgaitzeko erabiltzen diren eraikuntza-motak azaltzen dira. Horiek sailkatzeko, kontuan hartzen da nola gauzatzen den eta ea fatxadaren barrualdean, erdialdean edo kanpoaldean dagoen.

Katalogoan, fatxaden itxitura-motak sartu dira, baina beste itxitura batzuetara zabaltzeko prozesuan dago. Hori dela eta, aurrerago garatzen jarraitzeko moduan egituratu da katalogoa.

Fitxa teknikoetan aurkeztutako itxituren ezaugarri termikoak Eusko Jaurlaritzaren Kalitatearen Kontrolerako Laborategian laginekin saiakuntzak eginez lortu dira.

Lehendik dauden itxituren laginak Euskadiko benetako eraikinen erreprodukzioak dira.

Birgaitze Lanen Katalogoa esteka honetan (PDF, 2 MB) eskuragarri duzu.

Azken aldaketako data:  2015/09/28