'Bigarren eskuko ibilgailuen salmentan ematen diren informazioa eta bermeak' kanpainaren emaitzak
Xedea
Kanpaina hori Kontsumoko Institutu Nazionalak eta autonomia erkidegoek egiten dituzten kanpainen barruan dago sartuta, eta 2009an era horretako establezimenduei egin zitzaien beste baten bigarren fasea da. Xedea hau da:
- Ibilgailuek bete behar dituzten betekizunei buruz kontsumitzaileei ematen zaien informazioa zuzena eta nahikoa dela egiaztatzea.
- Kontsumitzailearen eskubideak onartzen direla egiaztatzea, salerosketak estaltzeko bermeari dagokionez.
Noiz egin den
2011ko otsailaren 7tik 18ra bitartean, biak barne.
Egindako jarduerak
Kanpaina egiteko, kontuan hartzen dira honako jarraibide hauek:
- Lanbidez, kontsumitzaileei erabilitako ibilgailuak saltzen aritzen den pertsona fisikoa eta juridikoa; bereak nahiz besteren batenak izan, jarduera modu esklusiboan egin edo ez.
- Establezimendu bakoitzean, salgai dagoen ibilgailu modelo baten ikuskapen-protokolo bat beteko da. Era berean, bere transakzioak egiteko, kontratazio-klausula orokorrak dituen kontratu mota erabiltzen bada establezimenduan, ale bat eskatuko da aktari eransteko.
- Kanpainak izaera zehatzailea du.
- Lurralde bakoitzean ikuskatu beharreko establezimenduak 2009an ikuskatu ziren berak izango dira.
Emaitzak
EAEko hiru lurraldeetako Kontsumo Eremuetako ikuskaritza-zerbitzuek eta Hernani eta Irungo KIUBek egin dute ikuskapen-kanpaina hori.
40 protokolo egin dira. Egiaz, 2009ko kanpainan ikuskapena egin zitzaien 52 establezimenduetatik 12k (%21,15) utzia zioten jardunari ikuskapena egin zenean, edo ez zuten bigarren eskuko autorik saltzeko.
Zera ikusi da:
- Ibilgailuaren dokumentazioa: Ikuskatutako ibilgailu guztiek dute erosleari eskaini beharreko nahitaezko informazioa: zirkulazio-baimena, azterketa teknikoaren txartela eta, hala badagokio, ibilgailuen azterketa teknikoa (IAT) gainditu izanaren ziurtagiria.
- Ibilgailuaren ezaugarriak: Ikuskatutako ibilgailu guztiek dute beraien publizitate, iragarki edota aurkezpenean, ibilgailuaren informazio osoa honako hauei dagokienez: marka eta modeloa; motorraren potentziaren ezaugarriak eta erregai-mota; eta ibilgailuaren antzinatasuna eta egindako kilometroak.
- Prezioa: Ikuskatutako ibilgailuen %97,5ak ikusteko moduan jarrita du informazioa: ibilgailuaren prezioa, zergak, garraio-gastuak eta transferentzia-gastuak.
- Bermeak: Ikuskatutako establezimenduen %90,60ak zuzen ematen du honako informazio hau: urtebetekoa dela, gutxienez, berme-epea; konponketak, berme-garaian egiten badira, doan direla; kontsumitzaileak eskubidea duela prezioa jaistearen edota salmenta-kontratuaren ebazpenaren artean aukeratzeko, berme-garaian egindako ibilgailu- konponketak direla-eta desadostasun garrantzitsuak sortzen badira.
- Kontratuak: Ikuskatutako establezimenduen %95ak kontratazio-klausula orokorrak dituen kontratu mota erabiltzen du.
- Erreklamazio-orriak: Ikuskatutako establezimendu guztiek dituzte erreklamazio-orriak, eskatzen duen edozein erabiltzaileri emateko.
Ondorioak
Emaitza horiek ikusita, garbi geratu da bigarren eskuko autoak saltzen dituzten establezimenduetan, ikuskapena egin zaienetan, bete egiten dituztela araudiak eskatutako baldintzak.
Hala eta guztiz ere, erosi aurretik kontsumitzaileari erakusten dizkieten kontratuak aztertzean ikusi da, batzuetan, 23/2003 Bermeei buruzko legea ?indargabetuta dago? aipatzen dutela; beraz, egun indarrean dagoen legea kontuan hartuz gero, gehiegizkoak diren zenbait klausula eduki ditzakete.
Kontsumoko Lurralde Eremuei eman zaie egoera horien berri, behin aztertuta, erabaki dezaten, egoki diren errekerimenduak egitea ala zehazpen-espedientea hastea komeni den.