Baia ibaiko ur-jauziak (6 km)
Baia ibaiko ur-jauzien ibilbidea erraza eta atsegina da. Arabako Lurralde Historikoko ipar-mendebaldean kokatzen den ibaiaren ibilguari jarraituko diogu, Zuiako udal barrutian eta Gorbeiako mendi-adarren eskualdearen barruan. Ibilbidea hasteko gertuen dagoen herria Sarria da. Bertara Murgiatik joan gaitezke A-4414 errepidea hartuz.
Sarria herritik Gorbeiako Parke Naturaleko interpretazio zentroraino garamatzan pista hartu behar dugu. Interpretazio zentroko aparkalekuan ibilgailua utzi, ibilbideari oinez ekingo diogu, ibaiaren paraleloan eskuin ertzeko pistatik. Harizti batean zehar egingo dugun ibilbide guztian, ur-jauzi txikiak eta turrustak agertuko zaizkigu, aukera eskainiz atsedena hartzeko eta ibai aldeko paisaiaz gozatzeko. 1.100 metro inguru ibili ondoren zubi batetik ibaia gurutzatuko dugu eta pistan aurrera egin, borda bat eskuinaldean utziz. Gure ezkerraldean ibaiak, lizarrez eta sahatsez osaturiko ibaiertzeko landaredia nabarmenduz, ibai-paisaia ederra eskaintzen digu. Pistatik jarraituko dugu ibai ibilguan aurrera, esker-eskuma haritzez inguratuta. 2,8 kilometro inguru ibili ondoren pista bitan banatzen da ibaia zubi batetik gurutzatzeko. Zonalde horretan, ibaian gora zein ibaian behera, hainbat ur-jauziz gozatzeko aukera izango dugu. Itzulera pista beretik egingo dugu.
Jaitsi
Azken aldaketako data:
