Arantzazu ibaia (4,3 km)
Arantzazu ibaiaren goiko tartea Gipuzkoako Lurralde Historikoaren hego-ekialdeko muturrean dago Debagoiena eskualdeko Oñati udalerriko Arantzazu Santutegiaren lurretan. Hara heltzeko Oñatitik santutegira doan errepidea (6 km) hartuko dugu.
Ibilbide honek Arantzazu ibaiaren goiko tartea ezagutzeko parada emango digu. Arantzazu Santutegiko aparkalekura heltzean errepideari jarraitu behar diogu, basilikaren albotik pasatuta, lurrezko aparkaleku bateraino. Bertatik hasiko dugu ibilbidea oinez edo bizikletaz, PR-GI-3005 pistan aurrera. Ezkerretara utziko dugu Urbia eta Aizkorrirako pista, eta PR pistan segituko dugu Iturrigorrira.
Hasieran ibaiaren ezker ibarretik doa bidexka, pagadian eta ibarbasoan zehar, lehenengo zubiraino. Bertatik ibaia eta lizar, sahats eta haltzez osaturiko ibar landaredia gozatzea ditugu.
Kilometro bat inguru eginda, ezkerretara utziko ditugu aspaldiko futbol zelaiak, eta ezkerreko pista hartuta bigarren zubira helduko gara. Ondoren, apur bat eskuinetara egiten duen pistatik jarraituko dugu.
Hirugarren zubiraino iritsita, ibai ondotik sartuko gara Iturrigorri basoan, non pagadia den nagusi. Hirugarren zubia baino lehentxeago, eskuinera utziko dugu Arriona saroiko pinudirako igoera, eta ibilguaren presa txikiraino helduko gara. Itzulbidea toki beretik egingo dugu. 5 kilometro eta bi orduko (joan-etorria) ibilbidean, ur isuriaren soinua izango dugu lagun, ibai ertzeko paisaia zoragarri batean.
Ingurumarietan, Arantzazuko aparkalekutik bertatik, Iritegi iturbegia gozatu ahal dugu. Horretarako, aparkalekutik beherako eskailerak jaitsi beharko ditugu amildegian behera. Iritegiko zubia zeharkatu eta ibar ezkerretik doan bidexka txiki bati jarraituko diogu. Atzean utziko dugu ur-presa batek egindako ur-jauzia, eta azkenean haitzetatik jaulkitako uraren ikuskizun magikoarekin egingo dugu topo.
Jaitsi
Azken aldaketako data:
