Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Genero Identitateko Unitateko arduradunek Eusko Legebiltzarrean egin dute agerraldia

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Genero Identitateko Unitateko arduradunek Eusko Legebiltzarraren Giza Eskubideen eta Berdintasunaren Batzordean egin dute agerraldia, 2009an sortu zen unitate horretan transexualen osasun-premiei erantzuteko egiten ari den lanaren berri emateko.
2017an martxan jarri zenetik, Genero Identitateko Unitateak, guztira, 237 pertsonari eman die arreta; horietatik 50 adingabeak ziren. Aldi horretan, 4.870 kanpo-kontsulta eta 154 kirurgia-operazio (organo genitalen berresleipena, aldebiko mastektomia, areagotzeko mamoplastia, histerektomia + anexektomia bikoitza eta beste prozedura batzuk) ere izan dira.
Era berean, Genero Identitateko Unitate honen arduradunek esan dute gaur egun 16 urtetik beherako 26 pertsonari ematen ari zaiela arreta.
Estatu osoan transexualitate-egoeran dauden pertsonei osasun-estaldura integrala ematen aitzindaria izanik, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Genero Identitateko Unitatea, arduradunek Legebiltzarrean azaldu dutenaren arabera, diziplina anitzeko unitatea da, eta, euskarri psikologikoa, terapia hormonala eta prozedura kirurgikoak (kirurgia plastikoa, kirurgia otorrinolaringologikoa eta kirurgia ginekologikoa eta urologikoa) oinarri izanik, helduei eta adingabeei arreta integrala ematea du xede.
Gaur Legebiltzarraren Batzordean eginiko agerraldian, Genero Identitateko Unitateko arduradunek 2017ko azarotik lantzen ari diren hobekuntza-arloen berri ere eman dute. Orduan Unitateak hausnarketa-prozesuari ekin zion, Unitatearen funtzionamenduan aurrera egiteko eta Transexualitate Egoeran dauden Pertsonentzako Arreta Integralaren Gidaren jarraibideetara egokitzeko. Hori horrela, Unitatera doazen pertsonen sarbidea Endokrinologia Zerbitzuak hasiko duela jakinarazi dute, Psikiatria Zerbitzuak hasi beharrean; neurri horren bidez, hobetu egingo da prozedura eta kontsulten antolaketa, tratamendu hormonalera jotzeko denbora hainbeste ez luzatzeko.
Era berean, elkarteekin unitatea hobetzeko proposamenetan lankidetzan jarraitzen dutela esan dute.
Azken aldaketako data: