Gomendio baliagarriak beherakoa duzunerako

Beherakoak gorozkiak maizago eta kantitate handiagoan kanporatzea dakar, eta eginkariak likidoak edo oretsuak izan daitezke.

Kausarik ohikoena gastroenteritisa da (hesteetako infekzioa); gaixotasun hori eskuetatik transmititu ohi da, baita sendatu eta egun batzuetara ere. Egoera txarrean dauden elikagaiak hartzeak ere eragin dezake. Sarritan harrapatzen den gaixotasun arina da, eta berez sendatzen da egun gutxiren buruan, inolako tratamendu zehatzik gabe.

Ekidin kutsatzeak eskuak garbituz

Gaixoak berak eta bere ingurukoek eskuak garbitzea da kutsatzeak saihesteko prebentzio-neurririk eraginkorrena.

Bereziki garrantzitsua da eskuak garbitzea elikagaiak prestatu baino lehen, jan baino lehen eta komunera joan ondoren.

Hidrata zaitez

Beherakoekin, likido asko galtzen da, eta horrek deshidratazioa eragin dezake. Deshidratazioaren zantzuak honako hauek dira: egarri bizia izatea, gernu kantitatea murriztea, gernu oso iluna izatea, ahoa eta mingaina asko lehortzea, eta nekea eta zorabio-sentsazioa nabaritzea.

Hartu likidoak ahal duzun bezain laster. Hasi zurrupaka edaten, eta saiatu gero eta maizago eta gehiago edaten, hobeto sentitzen zaren heinean.

  • Hidratatzeko moduak
    1. Ahotik hartzeko errehidratatzeko serumak likidoen galera berrezartzeko neurri zehatzak ditu. Tratamendu lehenetsia da. Ez ditu gorakoak sendatzen, baina deshidratazioa prebenitzen eta tratatzen du.
    2. Etxeko prestakinek galerak berrezartzeko neurri zehatzak betetzen ez badituzte ere, ahotik hartzeko errehidratatzeko serumik ez badago erabil daitezke. Horiek prestatzeko, honako hauek nahasi: 1 l ur, koilarakada 2 azukre, koilaratxo erdi gatz (1/2), koilaratxo erdi bikarbonato (1/2) eta kikara 1 limoi-zuku.
      • Prestakin horiek, berdin du etxekoa edo komertziala izan, 24 orduz gorde daitezke hozkailuan.
    1. Likidoak edatea gomendatzen da, hala nola ura, limoia duen ura, koipe gutxiko etxeko saldak eta kamamila, poleo edo ezki lore infusioak.
    2. Saihestu zuku industrialak eta freskagarri komertzialak. Kirolarientzako edariak ere ez dira gomendatzen (edari isotonikoak, energetikoak, hipertonikoak).

Zer jan dezaket?

Ez da beharrezkoa murrizketarik jartzea; ohiko elikagaiak jaten jarrai dezakezu, eta unean gogoko dituzunak jan. Saihestu elikagai koipetsuak. Ez da gomendagarria denbora luzez egotea baraurik.

Egokitu elikadura zure behar eta lehentasunetara. Besteak beste, honako elikagai hauek har ditzakezu:

  • Karbohidrato ugari dituztenak, hala nola arroza, patatak, ogia eta zereal integralak.
  • Haragi gihartsuak (adibidez, oilasko edo indioilar haragia), arrautzak, arrain zuria eta jogurtak.
  • Frutak eta barazkiak.
  • Esnea eta esnekiak ongi toleratzen dira kasu gehienetan.
Icono pedir información

Egin kontsulta baldin eta…

  • Min handia baduzu abdomenean.
  • Gorozkietan mukiak, zornea edo odola ikusten badituzu.
  • Sukarra baduzu, hau da, 38 ºC-tik gorako tenperatura baduzu.
  • Argi badago gutxiagotan egiten duzula txiza eta, gainera, kolore hori ilunekoa bada.
  • Ondoez orokorra, zorabioak, azal zurbila, aho lehorra… badituzu.
  • 24 orduko epean, 6 alditan baino gehiagotan beherakoa kanporatu baduzu, aholku higieniko-dietetikoei jarraitu arren.
  • Beherakoa ez bada hobetzen 7 egun igaro ostean.

Azken aldaketako data: