12. Osasun Plana 2013-2020

Helburuak

Osasuna da baliorik preziatuenetako bat. Izan ere, osasuna da pertsona guztiei euren asmoak eta bizi-helburuak energia osoz betetzeko eta euren aukerak arrakastaz gauzatzeko aukera ematen diena. Era berean, osasunik gabe, guztiz aktibo egoteko eta guztiz aktiboak izateko gaitasunak mugatu eta murriztu egiten dira.

Osasuna lehen mailako faktore makroekonomikoa da. Giza eskubide bat da, ongizatearen funtsezko elementua, produktu-ondasun publiko globala eta justizia sozialaren eta ekitatearen parte da. Berau gabe osasun-kostuak areagotu egiten dira, kostu sozial altuak sortzen dira eta laguntza-sistemetan eragiten da, eskariak sortuz eta baliabideak atzeratuz.

Osasun-planak garatu dira komunitate baten osasunari eragiten dioten alderdi ugariak jorratzeak dakarren erronkari erantzuna emateko eta osasun-sistemaren eta tartean dauden eragile guztien politiken norabidea markatzeko. Hortaz, Euskadiko Osasun Plana osasuna baino esparru zabalagoa jorratzen duen Jaurlaritzaren plan bat da. Osasun-planak sektore anitzeko jarduera proposatu du, biztanleen osasun-maila handitzeko. Euskadirako osasun-politikak ezartzen ditu, eta Osasun Sailentzat erreferentzia da, bai eta Eusko Jaurlaritzako beste sailentzat, gainerako administrazio publikoentzat, erakundeentzat eta biztanleen osasunarekin lotutako eragileentzat ere.

Horrenbestez, 2013-2020rako Osasun Planak zehazten ditu tartean dauden zenbait zerbitzuren jarduera biztanleriaren osasun-premia nagusietara bideratzeko aukera ematen duten osasun-politikaren ildo estrategikoak. Horren haritik, gogorarazi behar dugu «osasuna» kontzeptua ez dela «sanitario» hitzaren sinonimo, eta, beraz, biztanleriaren osasunarekin zerikusia duten esku-hartze askok osasun-sistemaren berariazko eskuduntzak gainditzen dituztela eta beste eragile batzuk sartzen dituztela tartean.

Bi helburuk gidatzen dute 2013-2020rako Osasun Plana:

1.- Biztanleriaren osasuna hobetzea, bizi-iraupena eta bizitza osasuntsuaren urte-kopurua handituz.

2.- Pertsona ahulenen osasuna hobetzea eta osasunaren alorreko gizarte-desberdintasunak gutxitzea.

Planaren lehentasunezko eremu horiek aukeratzeko, kontuan hartu dira osasun-arazoen larritasuna eta garrantzia, datozen urteetan izango den ebaluazioaren balioespena, horien eragin soziala eta ekonomikoa eta esku-hartze eraginkor eta efizienteak egiteko aukera.

Plana bost arlotan egituratzen da, eta horietako bakoitzak arloarekin lotutako helburuak, ekintzak eta adierazleak jasotzen ditu. 1 eta 5 arloak zeharkakoak dira, eta 2, 3 eta 4 arloak biztanleria-talde zehatzei buruzkoak.

Lehenengo arloa: Osasuna eta osasun-berdintasuna politika publiko guztietara eramatea, eta kalitatezko eta bidezko euskal osasun-sistema indartzea. Zeharkakotasuneko helburu eta mekanismoak ezartzen ditu, gainerako sektore eta erakundeen agendetan osasuna ikusgarri egiteko, osasunean ahalik eta ekitate gehien lortze aldera. Gainera, herritarren partaidetzarako benetako bide eraginkorrak sakontzen ditu eta osasunaren aldeko gobernamendu onerako betekizunak zehazten ditu.

Bigarren arloa: Biztanleriaren gainean jardutea, gaixotze- eta heriotza-tasak eta biztanleriarengan eragin handiena duten gaixotasunen mendekotasuna murrizteko. Ikuspegi integrala duten laguntza-prozesuen helburu eta ekintzak, kronikotasunaren eta mendekotasunaren arreta, medikamentuen erabilera arrazionala eta preskripzioa, segurtasun klinikoa eta bizitzako egoera terminalak jorratzen dira. Osasun-arazo esanguratsuenetarako helburu zehatzak finkatzen ditu.

Hirugarren arloa: Zahartze osasuntsua sustatzea. Zahartze aktiboa sustatu nahi du, pertsonen autonomia mantentzeko esku-hartzeen bidez. Balorazio integralerako, diziplina arteko kudeaketarako eta teknologia berriak erabiltzeko prestakuntza emateko mekanismoak proposatzen ditu, eta pertsonak euren ohiko inguruan mantentzea eta boluntario-lanak egitea sustatzen du.

Laugarren arloa: Haurtzaroan eta gazterian osasun-baldintzak eta -aukerak hobetzea. Haurrek eta gazteek osasunaren gainean dituzten eskumenak lantzen ditu, erabaki osasungarriak eta seguruak hartzeko.

Bosgarren arloa: Estilo eta bizimodu osasungarriak, sektore arteko lankidetzaren eta tokiko eta erkidegoko lanaren bidez.

Aurrekariak

  • Euskadirako osasun-politika 2000.
  • 1994-2000rako Osasun Plana, Osasuna Zainduz erreforma-prozesuaren barruan.
  • 2002-2010erako Osasun Plana

Legegintzaldia

XI. Legegintzaldia

Esku hartzen duten sailak

Osasun Plana da Osasun Sailak darabilen bide-orria hurrengo urteetan haren eredua aldatzeko asmoz. Biztanleen osasuna eta ongizatea ondo gobernatzeko, elkarri oso lotuta dauden erronka bi gainditu behar dira:

  • Osasunaren aldeko gobernamendua: zeharkakotasuna eta sektore artekotasuna administrazio publikoetan, ekoizpen sektorean eta hirugarren sektorean. Gobernuek eta beste eragile batzuek ahalegina egiten dute osasuna biztanleen ongizaterako ezinbesteko alderdia izan dadin.
  • Osasunaren gobernamendua: osasun-sistema sendotu egin behar da ekitatea, iraunkortasuna, kalitatea eta eraginkortasuna kontuan hartuta.

Biztanleen osasun ona kudeatzeko Eusko Jaurlaritzak aitzindaritza argia izan behar du, Osasun Sailaren bitartez; horretarako, gainera, antolaketa-proposamen bat egin behar du erakunde eta sozietate guztientzat. Politika Guztietarako Osasuna da ikuspegi hori, hain zuzen.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzaren sail guztiek parte hartzen dute Planaren garapenean, haien eskumeneko arlo bat edo batzuk osasunarekin lotuta baitaude, lehen adierazi dugun bezala. Hona hemen parte-hartze zuzenagoa duten sailen arloak: Koordinaziorako Idazkaritza Nagusia, Gizarte Politikak, Teknologia, Etxebizitza, Enplegua, Ingurumena, Lurralde Antolamendua, Hezkuntza, Ekonomia eta Aurrekontuak, Garraioak, Gazteria, Kirola.

 

Gizarte-eragileek partizipazioa

Antolamendu Sanitarioaren Legearen printzipio programatikoetan azaltzen da eragile sozialek zer parte-hartze izango duten. Beste formula batzuen artean, parte-hartze komunitariorako kontseiluak aipatzen ditu; kontsulta-ahalmena izango dute, planak prestatzeko prozesuetan aholkularitza-eginkizunak gauzatuko dituzte, eta emaitzen jarraipena eta ebaluazioa gauzatuko dituzte.

Herritarren parte-hartzeari dagokionez, EAEko Osasun Planak honako xede hauek ezartzen ditu: informatzea, kontsulta egitea eta parte-hartzea sustatzea pertsonak ahalduntzeko. Horrela, herritarrak eragile aktibo bihurtuko dira osasun-zerbitzuak zehazteko, antolatzeko eta hobetzeko prozesuetan, eta informazioa eman besterik egiten ez duten ikuspegi paternalistez harago joango gara.

Hortaz, pertsonak (banakako ikuspegitik eta ikuspegi komunitariotik) izango dira osasun-estrategien ardatz politika guztietan, hau da, sistemaren ardatz izango dira. Pertsonen autonomia sustatzen da, haien osasunaren eta gaixotasunaren gaineko erantzukizuna hartu eta erabakiak har ditzaten. Pertsona gaixoen elkarteekin eta hirugarren sektorearekin lankidetzan jarduteko esparruak eta tresnak zehazten dira. Gainera, osasun-zerbitzuak zehazteko, antolatzeko eta hobetzeko prozesuetan parte hartzeko bideak ematen dira.

 

Eraginak

Araudian eragina :

Osasun Plana tresna egokia da osasun-zerbitzuen eraginkortasuna hobetzen laguntzeko, 8/1997 Legeak, Antolamendu Sanitarioarenak, adierazten duen eran; horixe da, hain zuzen ere, erreferentziazko arau-esparrua. Haren 13. artikuluak xedatzen du sistema planifikatzeko eta programatzeko tresna nagusia dela EAEko Osasun Plana. Behin Eusko Jaurlaritzak onartutakoan, Osasun Sailaren proposamenari jarraiki, Eusko Legebiltzarrari aurkezten zaio ezagutu eta arauz izapidetu dezan.

Arau horrek, 2. artikuluan, osasun-arloko erakunde-esparrua zehazten du, eta honako hau xedatzen du:

– Euskal aginte publiko guztien lehentasuneko zeregina da, izan, jarduera sozio-ekonomikoko sektore bakoitzean osasuna sustatzea eta indartzea.

– Eusko Jaurlaritzaren zeregina da Euskadin osasunaren instituzio-eremu hori jagotea (…) sektore-politika guztietan (…) diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua emanez…

Esparru horretan, EAEko 2013-2020 Osasun Planak Antolamenduari buruzko Legearen 8. artikuluan jasotzen diren euskal sistema sanitarioaren antolaketarako eta funtzionamendurako printzipio programatikoak hartu ditu oinarri.

Halaber, Antolamendu Sanitarioari buruzko Legearen 13.2. artikuluan ezarritako eskakizunak ere kontuan hartzen ditu: biztanleriaren osasunaren mailak eta beharrizanak eta zerbitzu sanitarioetara heltzeko baldintzak ebaluatzea; patologiei, osasun-arriskuei eta atenditzeko lehentasuna ematen zaien gizarte-taldeei buruzko politika sanitarioko lehentasunak; sistemaren prestazio sanitarioen karterari buruzko eta osasun plana garatzeko beharrezkoak diren finantzazko, gizazko eta gauzazko eskuarteei buruzko norabideak eta irizpide estrategikoak; sistemaren osasun, gestioko eta kalitateko helburuen ebaluazio-adierazleak.

 

Antolamenduan eragina:

Osasun Planaren xedea da erakundeen arteko konpromiso bat lortzea sektoreen arteko ekintza sustatzeko gobernuaren zeharkako estrategia gisa; gobernu osoak osasuna eta osasun-arloko zuzentasuna haren xedetzat hartzea lortu behar dugu, horiek politika publikoen xede bihurtzea, hau da, osasuna sustatu behar da politika guztietan.

Horretarako, Osasun Planaren Zuzendaritza Batzorde bat abiaraztea proposatzen du, erakunde-artekoa eta sail-artekoa. Lehendakaria izango litzateke batzordeburu, eta Osasun Planean jasotako konpromisoekiko erantzukizunkidetasuna zehaztuko eta aplikagarri egingo litzateke, Eusko Jaurlaritzako sailen, aldundien eta toki-erakundeen eskumen-esparruari dagokionez.

Bestalde, Osasun Sailak zuzentzen dituen politika guztietan Osasun Batzorde Tekniko bat abiaraztea ere proposatzen du; sektore guztiek parte hartuko lukete bertan, eta Osasun Planaren Zuzendaritza Batzordeari laguntzea izango litzateke horren eginkizuna.

Aurrekontu eta finantzetan eragina:

Erreferentzia-esparru bat ezarri beharra dago asistentzia-maila egoki bat bermatzeko, dauden baliabideekin, eta finkatzen doazen aurrerapen teknologikoak eta prozeduretakoak herritarren osasunaren mesedetan aplikatzeko.

Xede hori konplexua denez, hainbat sektore inplikatu behar dira, jardunbide egokiak eta arreta goiztiarreko jarduerak sendotzeko, eta pertsonak Euskal Osasun Sistemaren beharrezko iraunkortasunarekin inplikatzeko. Osasun-politikak lantzea eta osasun-sistema iraunkor bat izatea, unibertsaltasunaren, zuzentasunaren, erantzukizunkidetasunaren eta eraginkortasunaren irizpideekin batera, funtsezko oinarri izango dira euskal gizartearen bizi-kalitaterako eta ongizaterako.

Osasun Plana sektore-artekoa eta zeharkakoa denez, Eusko Jaurlaritzaren gainerako sailetan eta EAEko gainerako erakunde publikoetan aurreikusitako aurrekontu ekonomikoak ere erabili beharko dira proposatutako xedeak eta ekintzak gauzatzeko.

Edonola ere, Osasun Planaren xedeen zerbitzura daude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan Osasun Sailari esleitutako aurrekontu-sailak.

Aurreko paragrafoan adierazitakoaren ildotik, ez da aurreikusten aipatutako aurrekontu horietan esleitutakoaz gainera beste finantziaziorik beharko denik.

 

Beste jardueretan eragina:

Hona hemen planarekin lotuta dauden sail-sektore garrantzitsuenak: Hezkuntza, Gizarte Zerbitzuak, Enplegua eta Lan Baldintzak, Ingurumena, Zientzia-Teknologia eta Berrikuntza, Familia Politikak, Hiriak Birgaitzea eta Berroneratzea, Garraio Iraunkorra, Bide Segurtasuna, Genero Berdintasuna…

Erakunde harremanetan eragina:

Beste administrazio publiko batzuekiko harremanak Osasun Planaren ardatz egituratzaile dira, hori zeharkakoa eta erakunde-artekoa denez. Horregatik, harreman horien eragina helduko da Eusko Jaurlaritzara eta foru-aldundi eta udaletara.

Batez ere, honako arlo hauetan eduki beharko dira harremanak beste erakunde publiko batzuekin: espazio soziosanitarioan, gizarte-zerbitzuetan, adineko pertsonentzat egoki eta edozein pertsona horietan ibiltzeko moduko diren hiriak eraikitzeari buruzko arloan, mugikortasunaren eta garraio publikoaren arloan…

Plana burutzeko aurreikusi den epea

2013 - 2020

Lortutako faseak

Fase Hasiera data Amaiera data Egoera
Oinarrizko ildo estrategiko eta ekonomikoak markatzea Amaituta
Oinarrizko ildo estrategiko eta ekonomikoei buruzko txostenak egitea Amaituta
Plana egitea Amaituta
Planei buruzko txostenak egitea Amaituta
Gobernu Kontseiluan plana onartzea Amaituta

Ebaluatzeko moduak

Ebaluazioa, jarraipena eta kontuak ematea funtsezkoak dira Osasun Plana zuzen gauzatzeko. Osasun Sailak izango du proiektuak gauzatzeko eta helburuen ebaluazio publiko eta gardena egiteko ardura. Urtero, Osasun Planaren emaitzen txostena aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean.

Aldizkako ebaluazioak

Ebaluazio data:

Dokumentuak:
Urteko Emaitzen Txostena, 2014
Ebaluazio data:

Dokumentuak:
Urteko Emaitzen Txostena, 2015
Ebaluazio data:

Dokumentuak:
Urteko emaitzen txostena2016.pdf (PDF, 1.81 MB)
Ebaluazio data:

Dokumentuak:
urteko emaitzen txostena 2017.pdf (PDF, 1.46 MB)
Ebaluazio data:

Dokumentuak:
Urteko emaitzen txostena 2018.pdf (PDF, 2.08 MB)
Ebaluazio data:

Dokumentuak:
Informe-anual-resultados_-2019-eu.pdf (PDF, 1.99 MB)

Azken aldaketako data: