03. Berrikuntza Publikoko eta Gobernantzako Plan Estrategikoa 2020

Helburuak

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoak bi konturi erantzuten die: batetik, administrazio publikoetan herritarrek betidanik izan dituzten beharrizanei (adibidez, efikaziari eta efizientziari lotutakoak); eta, bestetik, gizarteen egungo eskakizunei, erakunde publikoei eskatzen baitiete oraingo aukera teknologikoetara egokitzeko, bai eta kultura demokratiko zorrotzago batera ere erakundeen funtzionamenduari dagokionez, batik bat jardun publikoaren gardentasunaren arloan eta politika publikoen kudeaketan herritarrek duten partaidetzaren arloan.

PEGIP 2020ren programazio-helburua, beraz, Administrazioa eraldatzea da jarraian zehazten diren premia publikoei erantzungo dien antolamendu publiko baterantz joateko, horiek izango baitira Planeko ekimen guztietarako helburuak eta betekizunak:

1.      Kudeatzaile publikoenganako konfiantza berreskuratzea eta erakunde zintzoak izatea, oinarri bi dauzkatenak: estandar etikoen atalase garaia eta jarraipen eta ebaluaziorako mekanismo eraginkor bat.

2.      Administrazio publikoaren funtzionamendua erregimen demokratiko aurreratu baten eskakizunetara egokituta egotea; horretan, herritarrek kontrol zuzena dute erakundeen jardunean eta eginkizun erantzunkidea dute politika zein erakunde publikoak diseinatzen, gauzatzen eta ebaluatzen.

3.      Politika publikoen kudeaketa sarean diharduen eredu parte-hartzaile eta barne-hartzaile bat izatea oinarrian, kanpoko eragileak politika publikoak bultzatu, diseinatu, betearazi eta ebaluatzeko prozesuan sartzen dituena.

4.    Politika eta zerbitzu publikoak era instituzionalizatuan ebaluatzea eta sistematikoki eta aldian behin haien emaitzen kontuak ematea.

5.      Herritarrei arreta emateko kalitatezko zerbitzuak, egun elkarrekin jarduteko dauden kanalak erabiliz: aurrez aurrekoa, telefonoaren bidezkoa, elektronikoa, eta abar.

6.      Administrazio publikoen arteko harremanak maila anitzeko gobernantza-eredu batean oinarritzea, batez ere datu eta informazio-trukean (elkarreragingarritasuna), informaziorako elkarlaneko hitzarmenetan eta administrazio eta kudeaketa elektronikoan.

7.      Administrazioen arteko lankidetza eraginkorra, zenbait eragile publikori eragiten dieten politiken diseinua eta ezarpena gidatu behar duen adostasuna errazteko.

8.      Zerbitzu publiko efizienteak, baliabide publikoak zentzuz eta neurrian banatuz eta erabiliz, datuetan oinarritutako kudeaketa-sistemen bidez administrazio-jardunaren jarraipena eta ebaluazioa egin ahal izateko.

9.      Sektore publikoak (enplegatu publikoen kudeaketa, antolaketa, prozedurak eta kudeaketa autonomikoaren moduak) gobernantza publikoaren postulatuekin lerrokatuta jardutea eta kultura administratiboa haren printzipioetan oinarritzea.

10.   Antolaketa-egitura eta lanpostuen profilak administrazio elektronikoa eta kudeaketa-sistema berriak ezartzearen ondorioz sortutako lan egiteko modu berrietara egokitzea, bai eta gardentasunaren kudeaketari eta herritarren parte-hartzeari erantzuna ematea ere.

11.   Eraldaketa digitalaren eta administrazio elektronikoaren garapena finkatzea eta eguneratzea, bai enpresentzat eta bai herritarrentzat, karga administratibo gutxiago izan ditzaten eskubideak eta betebeharrak gauzatzeko.

12.   Euskal sektore publikoa guztiz digitalizatuta egotea eta harekin bermatutako bitarteko elektronikoen bidez harremanak izateko eskubidea izatea.

13.   Berrikuntza publikoan elkarrekin sortzen eta lan egiten parte hartu ahal izatea; bereziki, gizarte-berrikuntzan.

Aurrekariak

PEGIP 2020k bere egiten ditu eta elikagai ditu administrazio hau herritarren zerbitzurako aspalditik egiten ari den ahalegin guztiak. Komeni da gogoraraztea PEGIPren aurreko mugarriak:

  • Administrazio eta Gobernu Elektronikoen Lehenengo Plan Estrategikoa, 2004-2006
  • Administrazio eta Gobernu Elektronikoen Bigarren Plan Estrategikoa, 2008-2010
  • Administrazio Publikoa Arrazionalizatu eta Hobetzeko Batzordearen Txostena - Corame 1994
  • EAEko Administrazio Orokorra Modernizatzeko Plana, 1999-2002
  • Informatika eta Telekomunikazioetako Plana 2006-2009
  • Berrikuntza Publikoaren Plana, 2011-2013
  • Berrikuntza Publikoaren Plana, 2014-2016

Horrela, Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoak jarraipena ematen dio Eusko Jaurlaritzaren berrikuntza publikoko estrategiari, eta eguneratu egiten du 2017-2020 epealdirako, aurreko planen formulazio estrategikotik abiatuta lortutako esperientziatik eta ikasitako lezioetatik egindako aurrerapenaren jarraipen gisa, eta, zehatzago esanda, aurreko Berrikuntza Publikoko Planaren (2014-2016) jarraipen gisa.

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoa bat dator Europa 2020, Hazkunde Adimentsu, Jasangarri eta Integratzailerako Estrategiarekin, bai eta Europa 2020, Hazkunde Adimentsu, Jasangarri eta Integratzailerako Estrategia - Agenda 2030ekin ere, kontuan izanda agenda emergente bat dagoela bai mundu osoan eta bai Europan berrikuntza maila eta eremu guztietan bultzatzeko eta, nola ez, IKTen eta administrazio elektronikoaren eremuan. Azken esparru horretan, Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoa eskuz esku doa, halaber, Europar Batasunaren Administrazio Elektronikoari buruzko 2020 Ekintza Planarekin.

Eta, ezin bestela izan, PEGIP 2020 espezifikoki eta berariaz lerrokatzen da Garapen Jasangarrirako Munduko Estrategiaren 5. helburuarekin, “generoen arteko berdintasuna”rekin eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planarekin.

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategiko honek berariaz bete nahi ditu XI. Legegintzaldiko Gobernu Programaren eduki hauek:

–     Gardentasuna, efikazia, parte-hartzea eta emaitzak ebaluatzea oinarri izango dituen administrazio kultura berri baten zutabeak eraikitzea.

–     Plangintza eta herritarren parte-hartzea Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean aldarrikatutako gobernu ona eta administrazio ona izateko eskubidearen ardatz bermatzaile gisa.

–     Gardentasuna eta herritarren parte-hartzea alderdi lehenetsi eta transbertsal gisa, sareak sortzeko eta herritarren eskaerak entzun, haiei erantzun eta haiek partekatzeko gai den administrazio publiko baten eredu baten alde. Herritarren parte-hartzea demokraziaren ideiaren bihotz-bihotzean dago: herritarrekiko elkarrizketa arazoei aurre egiteko, konponbideak entzun eta partekatzeko.

Legegintzaldia

XI. Legegintzaldia

Esku hartzen duten sailak

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzaren eskumena da PEGIP 2020.

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoak jarduera-eremu hauetara hedatzen du bere irismena:

1.   Gardentasuna eta parte-hartzea

2.   Plangintza estrategiko adimenduna

3.   Herritarrekiko harremanak

4.   Integritatea

5.   Berrikuntza

6.   Kudeaketa aurreratua (Administrazioen arteko elkarlana, Pertsonak, Antolaketaren egokitzapena eta Eraldaketa digitala barne)

PEGIP 2020ren antolaketa-eredua plana gauzatzeaz arduratzen den proiektu-taldeez dago osatuta, bai eta Plana zuzentzeaz, koordinatzeaz, horren jarraipena egiteaz eta eguneratzeaz arduratzen diren zenbait organoz ere.

Zuzendaritza-, koordinazio-, jarraipen-organoak honako hauek dira:

  • Zuzendaritza eta Koordinazio Batzordea.
  • Erakunde arteko Batzordea.
  • Planaren talde teknikoa.

Gizarte-eragileek partizipazioa

Herritarrak inplikatzea eta modu aktiboan parte hartzea helburu dituen prozesuari lotuta dago PEGIP 2020.

Prozesu horrek honako baldintza mugatzaile hauek ditu:

  • Dagoeneko badago planaren dokumentu oso aurreratu bat, legegintzaldi honetarako Gobernu Programarekin eta bere konpromiso eta ekimenekin bat datorrena eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko arduradun politikoek ezarritako gidalerroak betetzen dituena.
  • Planak jarraitzen die neurri handi batean aurreko planetik datozen eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuaren Sailaren helburuen artean oinarrizkoak diren ekimenei.
  • Gobernu Kontseiluaren agindu bat dago, Gobernuaren plan estrategiko guztientzat: Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiaren bidez, 2017. urtea amaitu aurretik behin betiko onartzea.

Testuinguru horretan, ez da bideragarria elkarrekin sortzean parte hartzeko prozesu bat edo PEGIP 2020an jasotako esparruetan zuzenean lan ez duten pertsonei eta erakundeei irekitako prozesu bat burutzea.

Hori guztia dela eta, prozesuaren helburuak honako hauek dira:

  • Planaren zirriborroa kontrastatzea eta, hala badagokio, ildo eta eduki nagusiak balioztatzea.
  • Plana hedatzeko erabakigarriak diren elementuak zehaztea (kodiseinuko prozesua ez den eta irispide mugatua duen arren, interesgarria izan daiteke “plan biziaren” ikuspegitik bere zabalkundea erraz dezaketen elementu eta ideiak identifikatzea.
  • Aliantzak sortzea, parte hartzeko ebaluazio-prozesu jarraitua burutzeko:

Helburu horiek lortzeko, honako fase hauek gauzatuko dira:

a) Kanpo- eta/edo barne-eragile espezializatuen laguntzarekin, planean esparruka jasotako eduki eta ildo nagusiak kontrastatzeko eta egiaztatzeko fasea.

  • Lantaldeetan, kontrastatze-bilerak egitea, honako lan-esparru hauen arabera:
  • Gardentasuna eta parte-hartzea.
  • Herritarrekiko harremanak.
  • Eraldaketa digitala – Administrazioarteko lankidetza.
  • Kudeaketa aurreratua.

b) Osoko bilkura, Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zurian jasotako printzipioekin bat, Parte-hartze prozesuak ebaluatzeko gida erreferentzia hartuta, printzipioak definitzeko eta elementu erabakigarriak eta tresnak zehazteko, honako helburu hauei begira:

  • Era jarraituan eta irekian ebaluatzeko eta kontuak emateko
  • Parte hartzeko Plan irekia hedatzea. Planak hausnarketan jarriko ditu PEGIP 2020 bistaratzeko eta ulertzeko oinarrizko elementuak, adituak ez diren parte-hartzaileek ebaluazioan erabil ditzaten, eta ebaluaziorako erabakigarriak diren eragileekin aliantzak sortuko ditu.

Eraginak

Araudian eragina :

Planaren esparruan, herritarren arreta eta administrazio elektronikoa hobetzeko eta prozedurak errazteko arauak sortzeko beharra antzeman daiteke, baita karga administratiboak murrizteko beharra edo EAEko administrazio publikoaren antolamendua eta funtzionamendua hobetzeko beharra.

Era berean, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea arautzeko beharra antzeman daiteke, baita informazio publikoa hedatzeari dagozkion arauak eta informazioaren jabetza eta erabilpena arautzen dutenak ere.

Honako hauek sartzen dira PEGIP 2020koaren proiektu zehatzak bezala:

Legebiltzarrarekin elkarlanean aritzea EAEko Gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen Lege Proposamena burutzeko

  • Euskal enplegu publikoari buruzko lege-proiektua
  • Eusko Legebiltzarrarekin elkarlanean aritzea Euskal sektore publikoaren lege-proposamena burutzeko
  • Xedapen orokorrak egiteko prozedura erreformatzeko legearen proiektua
Antolamenduan eragina:

Planak ez ditu antolaketaren aldaketa zuzenak ekarriko. Hala ere, plana betetzeak sail arteko eta erakunde arteko koordinazio-mekanismoak eta -organoak sortzea ekar lezake, baita laneko prozesuetan eta lanpostuen profiletan ere eta, bereziki, antolamendu-kulturaren balioetan.

Honako hauek sartzen dira PEGIP 2020koaren proiektu zehatzak bezala:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko enplegu plana egitea eta martxan jartzea
  • LPZ egokitzea administrazio modernora egokitzeko
  • Esku-hartze Publikoak Ebaluatzeko Sistema ezartzea
  • Enpresa-sektore publikoa berrantolatzea
  • Politika Publikoen Euskal Kontseiluak bere gain hartuko dituzten eginkizunak dauzkaten kontseiluak eta batzordeak identifikatzea
  • Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu elektronikoak kudeatzeko eredua finkatzea
Aurrekontu eta finantzetan eragina:

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoa ezartzeko, berriz, Gobernantza eta Autogobernu Sailaren zerbitzu propioak erabiliko dira, funtsean, eta, kasuan kasu, kanpo-zerbitzuen[1] laguntza baliatuko da, osagarri.

Nahiz eta proiektuetan badiren Gobernantza eta Autogobernu Saileko organo arduradunez gain bestelako organo batzuk ere, ez da aurreikusten azken horiek proiektuak egikaritzeko inolako finantzaketa-kosturik beren gain hartzerik, organo horietako langileak proiektu horietan lanean aritzeak dakarren kostuaz harago.

Aurreikusi den administrazioen arteko lankidetzarako ere ez da jarri esku hartzen duen administrazio bakoitzaren aurrekontu-baliabiderik.

Kalkulatutako aurrekontu gehiena administrazioaren eraldaketa digitalaren azpiegitura teknologikoa finantzatzeko erabiliko da, 6. ardatzean, Kudeaketa aurreratuan.

Administrazioarteko elkarlanaren ardatza oso lotuta dago aurrekoarekin. Izan ere, bertan sartzen dira administrazioen arteko datu trukea (elkarreragingarritasuna) eta EAEko administrazio publikoen elkarreragingarritasun sistema orokorra (NISAE) abiaraztea.

Azkenik, PEGIP 2020 honen izaera programatikoa gogoratu beharra dago, hau da, benetan erabilgarri dagoen aurrekontuaren mendean egongo da, zeinak plangintzaldian indarrean dauden EAEko aurrekontuei buruzko legeek ezarriko baitituzte.

 

Beste jardueretan eragina:

Plan hau zeharkakoa da, eta sail guztietako jardunetan eragina du arlo desberdinetan: 

  • Politika eta zerbitzu publikoen etengabeko plangintza- eta ebaluazio-mekanismoak
  • Kudeaketa aurreratuko sistemak, etengabeko hobekuntza bultzatuko dutenak eta erabiltzaile edo onuradunekin konprometitutako zerbitzu-kartak ezarriko dituztenak.
  • Herritarrei informazioa emateko eta interakzioan jarduteko plataforma presentzialak eta birtualak, proposamenak eta iradokizunak egiteko, kontrastatzeko eta aktiboki entzuteko aukera ematen dutenak.
  • Berrikuspen-tresnak, arauak, administrazio-prozedurak... sinplifikatzeko, arrazionalizatzeko, eta kalitate hobekoak egiteko
  • Lana antolatzeko eta langileak eta erabiltzaileak inplikatzeko eredu malguak.
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak, prozesuak automatizatzeko eta informazio publikoa biltzeko eta egoki erabiltzeko

 

Erakunde harremanetan eragina:

PEGIP 2020k elaborazioan bertan aurreikusten du EAEko gainerako erakunde eta administrazio publikoen elkarlana eta baita herritarrena ere, pertsona fisiko zein juridikoena.

Aurreko atalean zehaztu diren barneko koordinazio-premiez gain, Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoaren zenbait ekintza burutzeko beharrezkoa da beste administrazio publiko batzuekin koordinatzea, batik bat "Gardentasuna eta parte hartzea" eta "Administrazio elektronikoa" arloetako ekintzen kasuan.

Hala, esaterako, Gardentasuna eta parte-hartzea ardatzeko proiektuak erreferente dira euskal administrazio guztientzat. Hori dela eta, hitzarmen bat egongo da Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin (Innobasque); izan ere, plataforma pribilegiatua da bai administrazio publikoen artean bai horien eta sektore pribatuko erakundeen artean parte-hartzea eta elkarlana sustatzeko.

Administrazioen arteko elkarlana ezinbestekoa da administrazio elektronikoaren arloan. Alde batetik, elkarreragingarritasun-zerbitzuak martxan jarri eta datu-trukeak egiteko; horrela, prozedura administratibo ziurtatuetan interesdunei ez zaizkie eskatu beharko dagoeneko edozein administrazio publikok gordeta dituen datuak. Eta, bestalde, aukera asko daudelako azpiegitura teknologikoak partekatzeko eta zerbitzu komunak izateko; horrela, herritarrei zerbitzu hobea emango zaie eta gure administrazio publikoek eskura dituzten baliabide urriak modu efizienteagoan erabiliko dira.

Gainera, kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin elkarlanean, asko lagun diezaiekeela tokiko erakundeei haien zerbitzu elektronikoak garatzeko dituzten zailtasun teknikoak eta ekonomikoak gainditu ditzaten eta, beraz, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, ezartzen dituen baldintza legaletara egokitu daitezen.

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoaren ardatzetako bat “Administrazioen arteko elkarlana” da, hain zuzen ere, administrazioen arteko elkarlana maila guztietan (estatu, autonomia, foru eta toki mailetan) sustatzeko, administrazioarteko izapidetzerako ekimenak abiarazteko eta administrazio elektronikoan oinarritutako irtenbide teknologikoak baliatzeko.

Aurrerabideren helburuetako bat da Kudeaketa Publiko Aurreratuaren Eredua beste administrazio batzuetara hedatzea. Hain zuzen, honako hauetara:

  • hezkuntza-administrazioa;
  • osasun-administrazioa;
  • gainerako erakundeetako eta sektore publikoko administrazioak;
  • nahi duten gainerako administrazio publikoak.

Azkenik, Berrikuntza ardatzari dagokionez, aipatu beharra dago 2016ko eta 2017ko ekitaldietan, foru-aldundiekin eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin batera, lanean aritu dela lankidetzarako esparru estrategiko bat ezartzeko, eta horren bidez, Euskadin, euskal administrazioen mailatik hasita, gizarte berrikuntza bultzatzeko.

Plana burutzeko aurreikusi den epea

2017 - 2020

Lortutako faseak

Fase Hasiera data Amaiera data Egoera
Oinarrizko ildo estrategiko eta ekonomikoak markatzea Amaituta
Oinarrizko ildo estrategiko eta ekonomikoei buruzko txostenak egitea Amaituta
Plana egitea Amaituta
Planei buruzko txostenak egitea Amaituta
Gobernu Kontseiluan plana onartzea Amaituta

Ebaluatzeko moduak

Legegintzaldirako Plan Estrategikoak onartzen dituen Gobernu Kontseiluaren 2017ko urtarrilaren 17ko Erabakiaren arabera, jarraipenak alderdi hauen gaineko ikuspegia jasoko du:

  • Aurreikusitako ekimenak zenbateraino bete diren, aurreikusitako epearen arabera.
  • Aurreikusitako neurriek garatutako ekimenetan hasierako zer eragin izan duten kalkulatzea.
  • Ekimenak egitean edo ezartzean izandako gertakari azpimarragarrienak eta emaitzetan gerta litezkeen eragina aztertzea.
  • Azken emaitzekin alderatuta, Planaren eragina kalkulatzea.

Horretarako, Planaren Lantalde Teknikoak txostenak bidaliko dizkio Zuzendaritza eta Koordinazio Batzordeari, proiektuen aurrerapenari, ardatzen egoera orokorrari eta helburu estrategikoen betetze mailari buruzko informazio garrantzitsuarekin.

Gobernu Kontseiluaren 2017ko urtarrilaren 17ko Erabakiak xedatutakoaren arabera, txosten hauek egingo dira PEGIP 2020ren jarraipenari eta ebaluazioari buruz:

  • Urteko jarraipen-txostena hurrengo urteko urtarrilean Planaren betetze-maila neurtzeko. Lortutako emaitzen eta ezarritako helburuen betetze-maila azalduko du, gobernu-programaren planteamenduekin koherentzia gorde den ala ez, eta halaber EBko erakundeek ezarritako estrategia orokorrak eta sektorialak.
  • Bitarteko ebaluazio-txostena 2019ko urtarrilean.
  • Amaierako ebaluazio-txostena 2021eko urtarrilean.

PEGIP 2020 emaitzetara bideratutako plan bat da, eta beraz, helburu estrategiko eta operatiboak ezarri dira, neurgarriak eta zenbagarriak; horiei esker, abian jarritako ekimenen benetako eraginaren jarraipen egokia egin ahal izango da.

Helburu estrategiko eta operatibo horien adierazleek osatzen dute PEGIP 2020ren adierazle-sistema planaren exekuzioaren jarraipena eta ebaluazioa behar den bezala egiteko.

Adierazle-sisteman sartzen dira jarduera eta emaitza neurtzeko adierazleak, efikazia eta efizientzia neurtzekoak (proiektu eta azpiproiektu bakoitzaren helburu operatiboei buruz) eta inpaktu-adierazleak (PEGIP 2020ren ardatz estrategikoen helburuei buruz), bereziki zaila izan arren, bideragarritzat jotzen denean, informazio fidagarriagoa emango dutelako politika publiko batek epe ertain eta luzean herritarren premiei zenbateraino erantzuten dien ikusteko alde guztietatik.

Aldizkako ebaluazioak

Ebaluazio data:

Dokumentuak:
2019ko Bitarteko ebaluazio txostena

Azken ebaluazioa

Ebaluazio data:

Azken aldaketako data: