Gas anestesikoak biltzeko sistema berria Barrualde-Galdakaoko ESIan
Barrualde-Galdakaoko ESIa aintzindaria da gas anestesikoak biltzeko sistema berri bat erabiltzen. Sistema horrek berotegi-efektuko gasak neutralizatzen ditu eta ingurumenaren jasangarritasunean laguntzen du.
Anestesiologiak berotegi-efektuko gasen ekoizpen handia eragiten du gas anestesikoak ingurumenera isurtzeagatik, eta horrek eragin negatiboa dauka osasunean. Hala, gas horiek atmosferara jaurtitzeak, berotze globala ekartzeaz gain, lagundu egiten du ozono-geruza zuzenean suntsitzen.
Ebakuntza-geletatik gas anestesikoen zero emisio erdiesteko, eta, horrela, Europar Batasunaren Itun Berdeak ezarritako helburuak betetzeko (Europar Batasuna trantsizio ekologikorako bidean kokatzea helburu duten ekimen politikoen multzoa, hemendik 2050era klima-neutraltasuna lortzeko azken helburuarekin), sistema berri bat ezarri da gas horiek atzitzeko, biltegiratzeko eta ondoren birziklatzeko gure ESIko anestesia-arnasgailu guztietan. “Helburua da Europako Itun Berdeak ezarritako helburuak betetzea, hau da, ebakuntza-geletatik eta prozedura diagnostiko/terapeutikoetarako anestesia eta sedazioak egiten diren eremu ez-kirurgikoetatik gas anestesikoen zero emisio lortzea”, azaldu du Sorkunde Telletxeak, Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko Anestesiologiako eta Bizkorketako Zerbitzuko eta Minaren tratamenduaren Unitateko buruak.

Sistema honetan datza: CONTRAfluran kartutxo batek ebakuntza-gelan darabiltzagun gas anestesikoak (Sevofluoranoa eta Desfluoranoa) bereizi gabe biltzen ditu. Kartutxo hori zuzenean konektatzen da anestesia-makinaren gasen irteerara, eta atmosferara kanporatzea saihesten du; izan ere, biltegiratu egiten ditu eta, ondoren, birziklatu. Kartutxo beteak, behar bezala paketatuak, enpresa batek jasotzen ditu prozesatzeko, eta, horrela, hondakinik gabeko prozesua osatzen da ospitalerako.
“Ekainaren amaieran, proiektuaren lehenengo faseari ekin zitzaion. Hasteko, protoxidoa kendu zen kirurgia-blokeko zirkuitu anestesikoetatik eta gas hori erabiltzeko konexioak zeuden ospitaleko gainerako lekuetatik”, baieztatu du fakultatibo honek. Eta zera gaineratu du: “gas anestesiko berrien etorrerarekin, gas hori ez zen hainbeste erabiltzen, eta, gainera, ezin da biltegiratu edo neutralizatu Sevofluoranoa eta Desfluoranoa bezala”. Bigarren fasea urtarrilean amaitu da; arnasgailu guztietan gasak biltzeko eta birziklatzeko sistemak jarri direnean. Sistema hori ezartzeak eta horrek berekin dakartzan jarduera guztiek zuzeneko eragina daukate ozono-geruza babesteko orduan.
Ingurumen-onura frogatuaz gain, sistema honen bidez urtean 94.595 €-ko aurrezpen ekonomikoa lortzen dugu, ez baitira erabiltzen kanpora isurtzeko gas fluoratuekin nahastu behar diren gas sendagarri garestiak erabiltzen. Era berean, ESIaren 2022-2025 Plan Estrategikoaren helburuetako bat betetzen dugu, ingurumenaren jasangarritasunari laguntzeko neurriak bultzatu nahi dituena.
Azken aldaketako data: