Finantzaketa eta gastu publikoa kulturan (EAE txostena 2020)

Euskal Autonomia Erkidegoko kulturako Finantzaketa eta Gastu Publikoari buruzko estatistikaren zazpigarren edizioaren emaitzak eskaintzen ditu txosten honek, 2020 urteko datuei dagokienez.

Azterlan honen helburua da EAEko Administrazio Publikoaren kulturako finantzaketa eta gastu publikoaren izaeraren berri izatea, eta horretarako Administrazioaren kultura-aurrekontuak zehatz-mehatz aztertzen dira, baita haren mendeko erakunde autonomo, sozietate publiko eta elkarteen kultura-aurrekontuak ere, eta horrek aukera ematen du kultura-baliabideen izaera ekonomikoa eta kultura-jomuga zein diren jakiteko.

Azterlan hau bi Urtean behin egin da 2008. Urteaz geroztik, eta beraz, azken 12 urteetan EAEn kulturara bideratutako baliabide-publikoen bilakaera jakiteko bide ematen digu, 2020ko datuen berri emateaz gainera.

Azterlan hau irakurtzean kontuan hartu beharra dago, une oro, 2020an Covid-19ak eragindako krisia. Horren eraginez, Urtea oso desberdin joan zen aurreikusita zegoenaren aldean, eta krisiaren inpaktua hainbat jarduera ekonomikotan nabarmendu zen, besteak beste, kulturan. Urruntze sozialeko neurriek eta zenbait motatako debekuek 2020. Urtearen zati handi batean kultura-jarduera bertan behera uztea ekarri zuten, ia sektore guztietan eraginez. Estatistika honen helburua Covid-19aren krisiak gastu publikoan eta kulturaren finantzaketan izan duen inpaktua neurtzea izan ez bada ere, 2020ko datuetan nabarmena da krisi horrek sektorean izan duen inpaktua, batez ere gastu mota batzuetan eta azpisektore jakin batzuetan. Krisi berri horrek zuzenean eragin du kultura-gastuak aurreko krisi ekonomiaren ondorioz jasan zuen efektu negatibotik suspertzeko prozesuan. Estatistikaren hurrengo edizioetara begira oso garrantzitsua izango da datuen bilakaera aztertzea, eta kultura-sektorea nola suspertzen den eta kultura-politikek suspertze horretan nola eragiten duten ikustea.