Haurrek eztarriko mina dutenerako gomendio erabilgarriak
Normalean, eztarriko mina sentitzen da birus edo bakteriaren batek eztarrian infekzio bat eragiten duelako. Umeek birusek eragindako infekzioengatik izaten dute eztarriko mina batik bat, eta beste arnas sintoma batzuk ere izaten dituzte aldi berean, hala nola errinitisa edo konjuntibitisa. Eztula gehiago lotzen da infekzio mota horrekin, eta ez hainbeste bakterioekin.
Bakterio-infekzioak estreptokoko izeneko bakterio batek eragiten ditu gehienbat, eta 3-4 urtetik gorako umeek izaten dituzte sarriago. Eztarriko mina da infekzio horien sintoma nagusia. .
Gehienetan eztarriko mina birusek eragindako infekzioen ondoriozkoa izaten denez, bere kabuz eta konplikaziorik gabe sendatzen da egun gutxiren buruan, inolako tratamendurik gabe. Antibiotikoak ez dira eraginkorrak birusen ondoriozko infekzioak sendatzeko..
Ekidin kutsatzeak
Kutsatzea ekiditeko, higiene-neurriak zorrotz bete behar dira.
- Eskuak garbitzea bereziki garrantzitsua da sintomak dauden bitartean. Sarritan garbitu urarekin eta xaboiarekin, eta beti garbitu eztul edo doministiku egin eta mukiak kendu ondoren.
- Eztul edo doministiku egitean, saia zaitez umeak ahoa eta sudurra mukizapi batez edo ukondoaz estal ditzan, arnasbideetako jariakinak zabaltzea ekiditeko.
- Ahal bada, kendu mukiak erabili eta botatzeko mukizapiekin, eta bota itzazu erabili bezain laster.
- Saiatu sintomak dituzten pertsonengandik ahal besteko distantzia mantentzen.
Nola arindu sintomak?
- Ez erre umearen aurrean, eta ez dadila egon kea dagoen tokietan.
- Eskaini erraz irensten diren jaki eta edariak; esate baterako jogurta, saldak eta zopa epelak. Normalean, eztarriko mina duten bitartean, umeek jangura txikiagoa izaten dute, eta aipatutako jakiak ematen badizkiegu, errazago egongo dira hidratatuta.
- Ahal badu, gargarak egin ditzala urarekin, eztiarekin eta limoiarekin egunean behin baino gehiagotan, lagungarria izaten baita irenstean min gutxiago izateko.
- Utzi umeari etxean geratzen, errazago har dezan atseden: horrela, gaixotasuna gainditu ahal izateaz gain, bere eskola-ingurunekoak kutsatzea saihesten da.
- Mina edo ondoeza sentitzen baditu, analgesikoren bat eman dakioke, hala nola ibuprofenoa edo parazetamola.

Egin kontsulta baldin eta…
- Arnasteko zailtasunak baditu.
- Haurrak ezin badu ezer irentsi edo adur gehiegi jariatzen badu, edo eztarriko mina pixkanaka areagotzen zaiola ikusten baduzu.
- Denbora luzez badago likidoak eta jakiak jateari uko egiten.
- 38,5 gradutik gorako sukarra badu 3 egunez baino denbora luzeagoan.
- Larruazalean orbanak agertzen bazaizkio.
- Umearen kontzientzia-maila aldatzen bada, lokartuta bezala badago edo arretari eusteko zailtasunak baditu.
Informazio interesgarria
- Medikamentuen erabilerari buruzko informazio gehiago jasotzeko, zoaz i-botikaren eta Espainiako Lehen Mailako Arretako Pediatria Elkartean (AEPap) webgunera.
Azken aldaketako data: