Ezkabako Hileria (Iruña, Nafarroa)

KOKAPENA Ezkabako kanposantua. San Kristobal kartzela, Iruña (Nafarroa).
BIKTIMAK 45
IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA 1
DATA 2007ko uztailaren 2a

Andres Gangoiti Cuesta (1920 Gorliz, Bizkaia – 1943 Iruña, Nafarroa) Gorlizen jaio zen (Bizkaia) eta marinela zen. 1936an atxilotu zuten, eta 30 urteko kartzela-zigorra jarri zitzaion Gerra Kontseilu baten ondorioz, “matxinadara atxikitzeko” delitua egitea egotzita. 1941eko abenduaren 23an, San Kristobal espetxean sartu zuten, Iruñeko Ezkaba mendian. Bertan hil zen 1943ko abenduaren 26an, 23 urte zituela, birikietako tuberkulosiak jota.

Iruñeko iparraldetik 10 kilometrora, Ezkaba mendian, gotorleku militar bat eraiki zen XIX. mendearen amaieran. Gotorleku hori espetxe moduan erabili zen Gerra Zibilean eta diktadura frankistaren lehen urteetan. 1942an, mendiaren hegalean kanposantu bat prestatu zen, espetxean hiltzen ziren presoak lurperatzeko, asko baitziren baldintza ez osasungarriak jota hiltzen zirenak: hotza, gosea, pilaketa eta gaixotasun kutsakorrak tarteko, batez ere arnasketarekin eta birikiekin lotutakoak (esaterako, tuberkulosia). Hori dela eta, espetxea tuberkulosiaren aurkako kartzela-erietxe bihurtuko zen, 1945ean itxi zen arte.

Kanposantuan guztira 131 hilobi zeuden. Horiek osorik edo partzialki ikusgai ziren 2007an, 2010ean eta 2012an egondako hiru indusketa kanpaña eta gero, 45 hilobi deshobiratu zirelarik, beren senideek hala eskatuta. Banakako lurperatzeak ziren, pinu-egurrezko hilkutxetan eginak. Guztiak ahoz gorako etzanera zeuden.

Ezkabako hilerria Botilen Kanposantua izenez ezagutzen zen. Izan ere, ehortzitako pertsona guztiek zeukaten botila bat hanken artean edo hanken alde batean. Botilan, dokumentu bat zegoen gordeta, hildako pertsonaren identifikazio-datuak jasotzen zituena. Franco jeneralak 1937ko urtarrilean emandako agindu bat betetzen zuten. Horren arabera, batailan edo beste inguruabar batzuetan hiltzen ziren pertsona guztiak identifikatu behar ziren botila batean gordetako agiri batekin, edo identifikazio-plakarekin, baldin eta altxatutako armadako borrokalariak baziren.

2007ko ekainean, lehen indusketak egin ziren kanposantuan, hormatik hurbilen zegoen ingurutik eta eskuineko beheko angelutik hasita. Uztailaren 2an, Andres Gangoiti Cuestaren hilobitik atera ziren gorpuzkiak. Senideak ere bertan izan ziren.

Gorpua ahoz gorako etzanera zegoen. Eskuineko besoa gorpuan zehar luzatuta zegoen, eta eskua abdominalaren inguruan; ezkerreko besoa, bestetik, toraxaren gainean tolestuta zegoen. Hankak paraleloan kokatuta zeuden. Tibien artean, belaunen parean, jarabe-botila bat aurkitu zen, kolore marroi argiko kristalez egina, 210 mm-koa. Aluminiozko tapoiari eta lepoko paper trinkoko blokeari esker zaindu ahal izan zen haren barrualdean zegoena, aurretik induskatu ziren kasuetan ez bezala. Botila zabaldu eta barruko agiria ateratzean, emozio handia piztu zen, bai eta suspensea ere, orduan ez baitzekiten barruan zer informazioa egongo ote zen.

Honako hau da agiriaren transkripzioa:

Gizonezko heldu gazte baten gorpua zen, 25 urtetik beherakoa. Ezkerreko aldeko hainbat saihetsetan birikietako gaixotasun batekin bateragarriak ziren zantzuak ikus zitezkeen, erraietan. Gainera, kautxu gorriko zunda bat berreskuratu zen saihetsen artean; birikietako leizeko drainatze-zunda izan zitekeen.

Kasu honetan, botilaren barruan zegoen filiazio-agiriak eman zituen gorpua identifikatu ahal izateko datuak. Gainera, kalkulatutako adina eta antzemandako zantzu patologikoak bat zetozen birikietako patologia zuen batekin. Andrés Gangoiti Cuesta birikietako tuberkulosiak jota hil zen, 1943ko abenduaren 26an.

Hezur-hondarrak familiari entregatu zitzaizkion, ondoren berriz ere ehortz zitzan.