Europako proiektuak I+D+I

  • BIM-SPEED (2018 – 2022)

    2018ko azaroan hasi zen proiektu hau, eta Europako Batzordeak H2020 programaren bidez finantzatu du. Visesak 4 urtez beste 21 bazkiderekin lankidetzan dihardu.

    BIM-SPEED proiektuaren helburua da Europako eraikinen birgaitzearen efizientzia hobetzea, eraikinen birgaitze-proiektuetako bizi-ziklo osorako informazio integratuko datu-base bat emanez: aurretiazko eraikinari eta haren berrikuntzari buruzko hasierako informazio-bilketatik hasi eta birgaitze baten ondoren eraikinaren azken errendimendua neurtzeraino.

    Visesaren partaidetza nagusia izan zen birgaitze-kasu erreala aurkeztea (frogatzailea). Izan ere, proiektuan zehar garatu diren tresnak aplikatu zaizkio, eta birgaitzeen sustatzailearen ikuspegitik tresnen zehaztapenak eta beharrak definitu dira.

    Informaziao gehiago

  • OSIRYS (2013 – 2017)

    7. Esparru Programaren barruan,Osirys I+Geko proiektu bat da. Helburua zen bioerretxinetan eta biozuntzetan oinarritutako eko-materialak garatzea; gerora, eraikuntzan ohiz erabiltzen diren materialei gehitu nahi zitzaien fatxadetarako eta barne-banaketetarako, barneko airearen kalitatea eta itxituren “arnasgarritasuna” hobetze aldera.

    Proiektua 2013ko ekainean hasi zen, eta 4 urte iraun zituen. 9.264.200 euroko aurrekontua izan zuen, eta 6.320.000 euro Europako Batzordeak diruz lagundu zituen.

    Tecnalia buru izan zuten partzuergoko 18 bazkidek. Osirysen gure rola izan zen Morlansen (Donostia) alokairuko babes ofizialeko 70 etxebizitzetan (BOEa) ereduzko etxebizitza baterako garatutako materialak txertatzea eta beharrak definitzea, hedapen-zereginetan aritzea, etab.

    Informaziao gehiago

  • Azeb: “Affordable Zero Energy Buildings” (Kontsumo nuluko eraikin eskuragarriak) (2017 – 2020)

    AZEB proiektua H2020 programan kokatzen da, hain zuzen ere, “kontsumo ia nuluko eraikin berrietan kostuak murriztea” eremu tematikoaren barruan (EE-13-2016).

    Proiektu honen helburu nagusia izan zen NZEB (Kontsumo Ia Nuluko Eraikinak) berriak diseinatzean eta eraikitzean kostua murrizteko eta, aldi berean, bizi-zikloaren kostu globala gutxitzeko metodologia orokorra garatzea. Horretarako, A-ZEB egiaztatutako estrategien eta teknologien esparrua sortu zen. Hala, diseinutik, eraikuntzatik eta plangintzatik abiatuta, konbinaziorik egokiena hautatu daiteke.

    Bigarrenez, merkaturako prest zeuden konponbideen bidez ezagutza eta esperientzia zabaldu nahi ziren eta, horrekin, NZEB berrietarako konponbide errentagarriak inplementatzea bultzatu nahi zen.

    Azkenik, A-ZEB programak eraikuntzaren sektorea etorkizuna duen industria jasangarrirantz erakartzen eta eraldatzen laguntzea espero da.

    2017tik 2020ra, Visesak proiektu honetan parte hartu zuen Europako zenbait herrialdetako erakunde eta enpresekin batera: Frantzia, Italia, Alemania, Holanda eta Bulgaria.

    Informaziao gehiago

  • FosterREG (2015 – 2017)

    Proiektuaren helburua zen (H2020-EE-2014-3 deialdia) zenbait administrazio-mailaren artean (birgaitzeko sozietate urbanistikoak –BSU–, eskualdeko administrazioa/sustatzailea eta eskualdeko agentzia energetikoak) gaikuntza, koordinazioa eta lankidetza sustatzea birgaitze energetikoaren eta hiri-berroneratzearen arloan erabakiak hartzeko katean oztopoak deuseztatze aldera.

    Informaziao gehiago

  • Open House (2010 – 2013)

    Europar Batasuneko I+Garen 7. Esparru Programak finantzatuta, Open Houseren helburua zen eraikinen jasangarritasuna ebaluatzeko Europarako metodologia komuna garatzea. Lehendik zegoenarekiko osagarria izan nahi zuen, eta eraikin jasangarriak modu efizientean ebaluatzea eta ziurtatzea nahi zuen.

    Garatutako tresnari esker, ingurumenaren ikuspegitik eraikinaren jasangarritasuna neurtu daiteke, eta beste tresna batzuen aldean, gizarte- eta ekonomia-ebaluazioa sartu daiteke, eraikinaren bizi-ziklo guztia kontuan hartzeaz gain. Web tresna honetan aske sartu daiteke, erabilerraza da eta Europar Batasun guztian aplikatzen da. Era berean, metodologia hau erabiltzean Europako jasangarritasun-etiketa eskuratu daiteke.

    Metodologia hau definitzeko, Open House proiektuak kontsulta-prozesu irekia aukeratu zuen, eta Europa osoko eraikuntza-prozesuko eragile ugari nahasi ziren: ikerketa-zentroak, erakunde publikoak, eraikuntza-enpresak, ingeniaritzak… Euskadin Visesak koordinatu zituen zenbait lan-pakete. Batean UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean jardun zuen, Bilboko Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan mintegi bat antolatu baitzuen. Era berean, Ihoberen laguntza izan zuen Open House teknologia Kontratazio Publiko Berdean aplikatzeko

    Nazioan, Europan eta nazioartean jasangarritasuna ebaluatzeko aurretiazko metodologia desberdinak erabiltzea aukeratu zen (hala nola LEED, LENSE, BREEAM, GBTOOL, o DGNB…). Hala, metodologia horien adierazleak hobetu ziren, oraindik ebatzi gabe zeuden beste batzuk gehitzearekin batera, besteak beste, adierazleen irisgarritasun edo pisuaren haztapena. Gainera, bestelako aldagaiak sartu ziren, hala nola eraikin motak, metodologiaren erabiltzaile motak, klima, etab.

    Informaziao gehiago

  • PIMEs – Concerto (2009 – 2014)

    I+G+b-aren 7. esparru programan kokatuta, PIME´s Concerto proiektuan 4 herrialdetako 14 bazkidek parte hartu zuten, eta Vitoria-Gasteiz, Dale (Norvegia) eta Szentendre (Hungaria) hirietan aritu ziren lanean.

    Hiru proiektuen lankidetza-ildo nagusiak honako hauek izan ziren: eguzki-energia termikoa urte-sasoian gordetzea, mikrosareen bidez kudeaketa energetiko adimenduna aplikatzea eta maizterrak sartuta ESCO´s eredu berriak garatzea. Vitoria-Gasteizen kasuan, efizientzia energetiko handiko eraikin jasangarriak garatzeko eta energia berriztagarriak txertatzeko, Visesak 176 gizarte-etxebizitza gauzatu zituen Salburua auzoan eta energiaren eskea % 40 murriztu zen Eraikingintzaren Kode Teknikoaren datuekin alderatuz gero. Energia elektrikoa eta termikoa sortzeko iturri berriztagarriak erabiltzen dituen mikro-sarea instalatu zen.

    Halaber, proiektu honetan Zaramaga auzoan (Vitoria-Gasteiz) 30 etxebizitzako eraikin baten birgaitze energetikoa gauzatu zen.

    Informaziao gehiago