Hasiera: Vitoria-Gasteiz
Helmuga: Vitoria-Gasteiz
Vitoria-Gasteiz da itzultzera animatuko zaituen bosgarren arrazoia. Hiri horrek lehenengo aldiz doazen bisitari guztiak harritzen ditu. Alde zahar ederrean -Erdi Aroko almendra ere esaten zaio-, harresiaren zati bat, jauregiak, elizak eta museoak ikus daitezke. Museo horietako bat Fournier Karta Museo interesgarria da, Bibat kultura gunean dagoena. Dena dela, zalantzarik gabe, Santa Maria katedrala da Erdi Aroko almendrako harribitxia. Tenplua beste era batera bisitatzeko aukera dugu, estilo gotikoko eraikinaren arkitektura konplexuaren sekretuak ezagutzeko. Hala, jendearentzako itxita egon ohi diren tokiak ikus ditzakegu, esaterako, triforioa eta adarbea. Askatu irudimena historian zehar, Ken Follett nobelagileak bezala. Hark idatzitako World Without End nobela, hain zuzen, horma horien artean dago girotuta. Azkenik, eraztun berdean barrena paseatzea proposatzen dizugu. Eraztun berdea hiria inguratzen duen parke multzoa da, eta hiri parke paregabea osatzen du. Horietako batzuk nazioarte mailan daude babestuta, eta hainbat animalia espezie dituzte; batzuk, galzorian.