Hasiera: Bastida
Helmuga: Lantziego
Gasteiztik atera eta Armiñonetik igaro ondoren, N-124 errepidea hartuko dugu, Arabako Errioxako hegoaldera jotzeko. Bertan, ardo goxoak dastatu eta Erdi Aroko harresiez inguratutako herrietatik ibiltzeko aukera izango dugu.
Hala, Buradon Gatzagan (Bastida) egingo dugu lehen geldialdia. Harresien babesean dago herrigune txikia, eta, bertan, nabarmentzekoa da Oñatiko kondeen jauregia. Bastidako hirigunera berehala iritsiko gara. Antzinako harresietan bi sarrera nagusi daude; Toloño eta Larrazuria arkudun ateak. Alde zaharrean sartuta, bertan, merezi du Jasokundearen parrokia bisitatzea; barruan, egurrezko (intxaurrondoa) erretaula barroko nagusia dago ikusgai. Bestalde, bitxikeria moduan, azpimarratzekoa da Kristo Santuaren baselizan, gurutziltzatutako Jesukristoren irudian, beso bat erorita azaltzen dela. Kristauen ikonografian keinu hori ez da batere ohikoa.
Ondoren, une batez, Errioxan barneratuko gara, berehala Arabara itzultzeko. Samaniego da gure ibilbideko hurrengo herria eta, bertan, gotzain-jauregia, Samaniegoren jauregia eta Haraneko Andre Mariaren baseliza aipatu behar ditugu. Ardoaren lurraldean, mahatsondoek marrazten dute paisaia, eta, inguru eder horretan, Villabuena de Alava eta Mañueta topatuko ditugu. Lehenbizikoan, San Andres eliza ikusiko dugu eta, bigarrenean, berriz, Antiguako Amaren tenplua.
Bidean aurrera eginez, Elciegon geldialditxoa egitea merezi du. Bertan, San Andres elizan nabarmentzeko modukoak dira bi dorreak. Errenazimentukoak biak, elkarren desberdinak dira eta nortasun berezia emate diote elizari. Udaletxeko fatxada ere ikusgarria da, armarri inperial ederra du eta. Aurrez aurre, Plazako Andre Mariaren ermita aurkituko dugu. Elciegotik Lapuebla de Labarcara egingo dugu orain. Antzina, handik irteten zen Ebro ibaia zeharkatzen zuen ontzia eta hortik datorkio izena herriari. Ardoaren kultura erabat errotuta dute han, La Cuevas XVII. eta XVIII. mendeko upeltegietan ikus daitekeenez.
Arabako Errioxako beste herri askotan bezala, hemen ere Jasokundearen Amari eskainitako eliza dago. Ibilbidea Asa Lantziegoko auzoan amaituko dugu, Mantibleko erromatar zubiaren ondoan.