Ezagutu Euskadi
Bizkaiko Golkoak berezko gida izango du Lonely Planet etxean
Lonely Planet bidaia liburuen argitaletxeak Bizkaiko Golkoari eskaini dio eskualde bati buruzko bere gida bildumaren lehenengo alea. Oraingoz, 2.000 edo 3.000 ale argitaratuko dira, gaztelaniaz, Bay of Biscay izenburupean. Ideia gida bi urtean behin eguneratzea eta ingelesez ere argitaratzea da. Gida osatzeko, egileek hilabete eta erdi igaro zuten Euskadiko hiru hiriburuetan, Arabako Errioxan, Nafarroa Iparraldean, Iparralden eta Landetan barrena bidaiatzen. Nabarmentzekoak dira bertako “kultur ondare aberatsa, tradizio zaharrak eta gastronomia bikaina”. Michelin izarrak dituzten jatetxeen munduko per capita kontzentraziorik handiena, Bizkaiko Golkoak besarkatzen dituen kostaldeetan egiten diren jaialdiak edo surfa izan dira, “interes turistiko gero eta handiagoa”rekin batera, gidaren aldeko apustua egiteko arrazoiak. Ez da Euskadi Lonely Planeten agertzen den lehen aldia, iaz aurkeztu baitzuen Bilbori eta Donostiari buruzko gida bat. Lonely Planet munduko gida turistiko hedatuenetako eta ezagunenetako bat da. 1973an sortu zen, “Across Asia on the Cheap” (Asian barrena gutxi gastatuta) izenburuarekin. Denbora igaro ahala, Lonely Planet erreferentzia bihurtu da mundu osoan bidaiatzeko. Gaur egun, 500 titulu baino gehiago daude, eta bost kontinenteetako milaka norako xehetasunez ezagutzeko aukera eskaintzen dute. Egun, Lonely Planeten argitaletxea BBCrena da, eta telebistako ekoiztetxe bat, aldizkari espezializatuak eta beste euskarri batzuk ere baditu.
