Ezagutu Euskadi
Arabako Errioxako ardoak, Espainiako onenen artean
Arabako Errioxako ardoak albiste dira berriro; izan ere, emaitza bikainak lortu dituzte Peñin Gidaren 2013ko edizioan. Argitalpen horretan Espainiako jatorrizko deiturako ardo guztien ebaluazioa egiten da, eta oraingo honetan dastatzaile taldeak 10.000 ardo baino gehiago probatu ditu. Arabako ardo gehienek 100 puntutik 90 baino gehiago jaso dituzte. Aparteko aipamena merezi du Luis Cañas upategiaren (Villabuena) Hiru 3 Racimos 2006 ardoak, orotara 94 puntu lortu baititu. Aurrekoa gutxi balitz, Andres Proensa kazetariak egiten duen Proensa Gidaren 2013ko edizioan 99 puntu eskuratu ditu. Luis Cañas Gran Reserva 2004, Baigorri Garnacha 2009, Baigorri Garage 2007 eta Altos R Pigeage 2009 ardoek 93 puntu lortu dituzte. Kalitate-prezio erlazioa ere hartzen du kontuan Peñin Gidak, eta zentzu horretan, bost izar jaso dituzten Araex taldeko lau upategiak nabarmendu behar dira. Azken urteotan Arabako Errioxako ardo ospetsuak hainbatetan saritu eta goretsi dituzte. Horren adibide ditugu The Wine Advocate Ameriketako Estatu Batuetako aldizkarian berriki argitaratu diren laudorioak.
Eskaintzak
Estekak
