XVI. mendeko errota batean ogia egitea

Igaralde baserriko Ogiaren Museoaren atean bertan egingo digu ongietorria Tibur Agirrek, 2016. urtean ´Euskadiko Ogiaren Laguna´ saria jaso zuen gizonak. Pozik irekiko dizkigu bere etxeko ateak, non 5 belaunalditik gorako familia tradizioari jarraiki, ogia eskuz egiten jarraitzen duen.

 

Lanari ekin, eta Tiburren jarraibideen arabera, orean sartuko ditugu eskuak. Hala, baserriko opil gozo-gozo bat egingo dugu, nahi izanez gero txistorrarekin bete daitekeena. Ogia egur-labean sartuko dugu, eta bisitak iraun bitartean erretzen utziko dugu. Ogiaren Museora ere egingo dugu bisita. Han, baserrien eta herri kulturaren testuinguruan kokatzeko baliagarriak izango zaizkigun lehenengo azalpenak jasoko ditugu.

 

Igaralde Bekoa baserrira joango gara, 500 urtetik gorako historia duen errota baten funtzionamenduaren berri jasotzera. Bisitaren amaieran, garai bateko labera itzuliko gara, egindako baserriko ogi ezin gozoagoa jatera.