Hiru templuen ibilbidea

Road Trip bat Gipuzkoako barnealdean barrena, kulturarekin eta erlijioarekin lotutako hiru gune, gure herriaren historian funtsezkoak diren hiru gune ezagutzeko, euskaldun unibertsalenaren figura, San Ignazio Loiolakoa, izanik hiruren arteko lotune. Loiolako santutegia (Azpeitia), Antiguako ermita (Zumarraga), Arantzazuko santutegia (Oñati). Hiru tenpluen ibilbidea.

 

GOIZEAN

Planaren abiapuntua Loiolako santutegia (Azpeitia) izan daiteke, ibilbidearen iparraldean, edo, bestela, Arantzazuko santutegia (Oñati), hegoaldean, betiere lurraldera nondik sartzen garen arabera. Gure kasuan, Loiolatik abiatuko gara. Lehenik, Loiolara iritsi behar dugu; Azpeitian dago, Donostiatik 45 km hego-mendebaldera.

 

Loiolako santutegia Jesusen Konpainiaren sortzaile izan zen San Ignazio Loiolakoaren omenez eraikitako monumentu multzo ikusgarria da; loiolatarren familia-etxean jaio zen San Ignazio, gune horretan bertan. Horregatik eraiki zen santutegia haren omenez eta toki horretan bertan, erlikia-ontzi moduan, barruan loiolatarren dorretxea edo Etxe Santua erlikia gisa gordetzen da. Santutegian, basilika nabarmentzen da, bereziki; estilo barrokokoa da eta kupula zirkularra du, eta Italia eta, zehazkiago, Erroma gogorarazten du.

 

Santutegia bisitatu ostean eta Zumarraga aldera abiatu baino lehen, basilikaren pareko lorategiak berdegune ezin hobea dira atseden hartzeko eta aire garbia arnasteko.

 

Errepide sigi-sagatsu batetik joango gara, Urola ibaiari jarraikiz eta izen bereko bailaran gora eginez Zumarragara iritsi arte; Zumarragan, errepideko seinaleetako jarraibideei kasu eginez gero, gure hurrengo geldialdira iritsiko gara: Antiguako ermitara. Euskal erromanikoaren adierazgarri gorenetako bat ez ezik, ermiten arteko katedrala dela ere esaten da, barrutik eder-ederra delako; izan ere, itsasontzi baten kroskoaren forma duen egurrezko barne-egitura harriarekin uztartzen baita, edonor aho zabalik uzteko modukoa izanik.

 

Ermitaren ondoan Zumarragako interpretazio-zentroa dago; eskualdeko turismo-bulegoa eta taberna ere aurki daitezke bertan, eta bazkaltzeko toki egokia izan daiteke. Bestela, bai Zumarraga-Urretxun, edo bai Legazpin, gure ibilbideko hirugarren eta azken geldialdirako bidean, jatetxeen eskaintza eta eskaintza gastronomikoa aberatsa eta askotarikoa da.

 

ARRATSALDEAN

Bazkalostean, hegoalderantz joango gara Legazpi eta Oñati aldera, Udanako gaina igarota. Lehenago, Mirandaola parketik igaro behar izan dugu; toki enblematikoa da, XVI. mendeko burdinola bat baitago bertan, eta igande eta jaiegunetan martxan jartzen dute, jendeak ikusteko. Oñatiko sarreran, Udana jaitsitakoan, Arantzazuko portura igotzeko desbideratu egingo gara, eta portuaren amaieran dago izen bera duen santutegia; toki horretako naturaren edertasuna tenpluaren beraren handitasuna bezain harrigarria da.

 

Euskal arte garaikidearen adierazgarri garrantzitsuenetako baten aurrean gaude. Jorge Oteiza, Eduardo Chillida eta Nestor Basterretxea euskal artista handien lanak ikus daitezke bertan, besteak beste. Ezagunena, agian, Jorge Oteizaren 14 apostoluen eskultura izango da; tenpluaren sarreran dago eskultura, eta bere garaian eztabaida handia eragin zuen. Dena den, gainerako guztiak ere merezi du.

 

Arantzazuko historia ere entzuteko eta bizitzeko modukoa da, eta santutegiaren sarreran dagoen Debagoieneko Turismo Bulegoak antolatzen dituen bisitaldiak aukera paregabea izan daitezke horretarako.

 

Eta honekin, egun bete-bete honen amaierara iritsi gara.

 

 

KONTRATA DAITEZKEEN ZERBITZU-ENPRESAK:

Bisitaldi gidatuak, tokiko gidaria:

Mendi-ibiliak - Mendiko gidaria:

 

 

Non jan plan honetan: https://tierraignaciana.com/eu/bidaia-antolatu/jatetxeak

Non ostatu plan honetan : https://tierraignaciana.com/eu/bidaia-antolatu/jatetxeak