Planaren xehetasunak
Gaia
- Natura eta paisaia
- Kultura
Egokia hauentzat
- Bikotekidea
- Haurrak
- Lagunak
Hizkuntzak
Gaztelania, Euskara
Arabako Errioxa izenak ardoa gogoratzen badu ere, Arabako hegoaldeko eskualde honek askoz gehiago du eskaintzeko. Trikuharriz eta milaka urteko aztarnaz zipriztinduriko paisaia magikoak.
23 herri eta hiribildu eder, historia- eta kultura-ondare apartaren jabe. Herri harresidunak eta Erdi Aroko kalatuak arkitektura abangoardistako eraikinekin batera. Ingurune paregabea natura maite dutenentzat. Eta gastronomia gozo-gozoa, eskualdeko ardo handiei ezin hobeto doakiena.
Hiru eguneko ibilbide hau proposatzen dizugu Arabako Errioxako altxor guztiak ezagut ditzazun.
1. EGUNA
Hiru eguneko ibilbideari ekiteko, Buradon Gatzagago kale gotortuetan zehar ibiliko gara. Erdi Aroko herri txiki bat da, Toloño mendiaren magalean, eta osorik du oraindik harresia. Gero, Bastidara joango gara; 8 km-ra dago. Erdi Aroan sortu zuten hiribildu hau, eta hirigune historiko zinez ederra du; multzo historiko-monumental izendatuta dago. Ibil zaitez jauretxe armarridunez beteriko kaleetan barrena, eta bisitatu, hutsik egin gabe, Andre Mariaren Zeruratzearen eliza –erretaula barroko ikusgarria du– eta Santo Kristo ermita erromanikoa. Herri honetako turismo-bulegoan bisita gidatuak antolatzen dituzte egunero. Bastidako Erdi Aroko kobazuloak dituzten upategietako bisitatzea ideia oso ona da, halaber. Edo, lagunekin bidaiatzen baduzu eta zerbait ludikoagoa nahiago baduzu, antzinako kalatuetako ihes-gela batera joan zaitezke. Bazkaltzeko, herrian jatetxe eta taberna ugari dituzu aukeran. Ez zaitez handik joan patatak Errioxako erara eta mahats-aihenetan eginiko bildots-txuletak probatu gabe.
2. EGUNA
Samaniegon edo Villabuenan bizikletaz edo oinez ibilaldi bat eginez hasiko dugu eguna. Bi herriak elkarren ondoan daude, eta mahastien artean ibilaldi zoragarriak egiteko aukera dago. Halaber, egin paseo bat bi herrietan. Samaniegok hirigune historiko oso zaindua du, eta oso egoera onean dauden harrizko etxe ederrak. Eta Villabuenan oso ibilaldi interesgarria egin daiteke errenazimentuko etxe eta jauregi armarridun ugari ezagutzeko. Upategi bat bisitatu nahi izanez gero, horien eskaintza izugarri handia dago herri hauetan, herri txikiak badira ere. Bisita osoa egin dezakezu, edo, bestela, haietakoren batera joan, eta barran ardo bat edan. Inguruko Navaridas eta Leza herrietan ere aukera asko aurkituko dituzu. Arratsaldean, plan ona da Navaridasera joatea. Herrixka horretan Burdin Aroko kastroaren (Castejón Gaina) aztarnategiaren interpretazio-zentroaz gain, IX. eta X. mendeetako Erdi Aroko nekropoli bat ere bisitatu daiteke.
3. EGUNA
Hirugarren eguneko
proposamena Azken egunerako, hasteko, gure proposamena da kayakean ibilaldi bat egitea Ebro ibaian: Lapuebla de Labarcatik Povedako ibilbidean barrena. Edo oinez nahiago baduzu, mendi-ibilaldi bat egin dezakezu Eltziegon, herri horretatik igarotzen den GR-99 «Ebroren bide naturala» ibilbidean. Mahasti arteko begiratokietako batera ere joan zaitezke. Bi dorre guztiz desberdinen panoramika berezia ikusi ahal izango duzu handik, hau da, San Andres dorrea eta Frank O. Gehryren eraikin abangoardistako dorrea.
Ez galdu Eltziegoko jauregiz betetako kaleetan zehar ibiltzeko aukera. Ibilbidea Guardian amaituko dugu, eskualdeko hiriburuan. Hirigunean barneratu aurretik, Santiago CalatravakGuardiako kanpoaldean diseinatu zuen upategiaren arkitektura abangoardistako eraikinean gelditzea gomendatzen dizugu. Hirigune historikoak atxiki ditu harresiak eta Erdi Aroko trazatua; hara iritsita, beraz, gal zaitez bertako kalexka eta zokoetan, eta bisitatu, hutsik egin gabe, Erregeen Andre Maria elizako atari polikromatu ikusgarria.
Guardiako jatetxeren batean bazkaldu ondoren, 3 eguneko ibilbide oso honi amaiera ederra eman ahal diozu herriko museoetako bat bisitatuz; adibidez, Villa Lucía Ardoaren Erakustokia, non nazioarteko 17 sari irabazi dituen 4Dko esperientzia esklusiboa bizitzeko aukera izango duzun. Edo Abadía de Morata etxe-museoa, iraganera bidaiatuz Arabako Errioxa ezagutzeko aukera izan dezazun.
KONTRATATU DAITEZKEEN ZERBITZU-ENPRESAK
Bidaia-agentzia hartzailea, ibilbide turistikoak (garraioa barne), bisita gidatuak: Thabuca Wine Tours / 945 33 10 60 / www.thabuca.es/arquitectura-del-vino/ Rioja Alavesa Turismo / 676 92 57 46 / info@riojaalavesaturismo.com / www.riojaalavesaturismo.com / Top Rioja / 945 60 12 04 / info@viajestoprioja.com www.rutadelvinoderiojaalavesa.com/es/agencias/22/Top-Rioja
Non jan plan honetan: www.euskadigastronomika.eus | www.rutadelvinoderiojaalavesa.com/es/restaurantes
Non lo egin plan honetan: www.nekatur.net | www.rutadelvinoderiojaalavesa.com/es/alojamientos
Gaztelania, Euskara