Arkitektura zaleentzat

Oiartzualdeko –Erdi Arotik dokumentatuta dago eskualde hau– 4 herriotako historia beste modu batez ezagutzea proposatzen dizugu: Oiartzun, Errenteria, Lezo eta Pasaia, arkitekturaren bitartez. Plan honetan hala herrigune historikoetan nola mendiko monumentu-multzoetan ibiliko zarete, eta, betiere, eguraldiak horretarako aukera ematen badu. Gogoangarria izango da.

 

Bazkaltzeko ordua iristen denean, gogoan eduki: Euskal Herrian gaude, eta gastronomia gure kulturaren ezinbesteko balioa da, aukera ugari eta bikainak daude, beraz!

 

GOIZEAN 

Eguna Oiartzunen hasiko dugu; haren garai bateko izena Oiasso da, eta erromatarren inperio ahaltsua nagusi zen garaian inguruan zegoen kokagunetik dator.

 

Erromesen ospitalea nabarmentzen da eta, batez ere, Lartaungo Doneztebe eliza, non XVII. mendeko erretaula bat dagoen, Juan Uitzi maisuak egina; Eusko Jaurlaritzak kultura-ondasun izendatua du, monumentu kategoriarekin.

 

Eraikin horiez gain, udaletxea ere nabarmentzekoa da: 1678an eraikitako eraikin soil bat da, eta orduko Gipuzkoako gainerako udaletxeek ez bezala, ez du estilo platereskoa. Hiru eraikin horiek arkitektura- eta historia-balio handiko multzoa osatzen dute.

 

Horren ondoren, Errenteriarantz abiatuko gara, baina hara iritsi aurretik, San Marko gotorlekura joatea gomendatzen dizugu, eskualdearen eta baita Gipuzkoako kostaldearen begiratoki bikaina da-eta.

 

Errenteriara jaitsita, herrigunera joko dugu. Erdi Aroko morfologia argia du oraindik kale-trazadurari, partzelazioari eta etxadiei dagokienez, eta eskualdeko lau udalerrietako zabalena ere bada.

 

Errenteriako hiribildua 1320. urtean sortu zuen, Alfontso XI.ak, Donostiako Forua eman zionean. Asko dira nabarmendu beharreko eraikinak; esate baterako, estilo errenazentistako udaletxea, Erdi Aroko Torrelekua eta Morrontxo dorretxeak, Andre Mariaren Jasokundearen eliza eta bertako erretaula flandriarra, eta Zubiaurre edo Kapitanenetxea jauregi barrokoa, non gaur egun Jantziaren Zentroa dagoen.

 

Ibilaldiaren ondoren, indarrak berritu beharra dago, eta horretarako aukerarik bada: jatetxeak, pintxoz betetako barrak edo sagardotegia. Eta gozozaleentzat, probintzian tradiziorik handienetako gozotegi bat.

 

ARRATSALDEAN

Bazkaldu ondoren eta gure hurrengo geralekurainoko bidean (Lezo, alegia), Jaizkibelgo dorreak bisitatzea proposatzen dizugu; mendikateko gailur-lerroan daude, eta monumentu-multzo gisa katalogatuta. Azken Karlistaldian eraiki zituzten (1872-1876), eta haietatik hegoaldera begira jartzen bagara, Irundik Pasaiara arteko lurralde osoa ikusiko dugu, eta iparralderantz, berriz, Jaizkibelen mendi-mazelen ikuspegia, itsasorantz erortzen.

 

Handik jaitsita, bi aukera dituzu: 1. aukera: herrigunea bisitatzea, kaleetan hara-hona ibili eta, bertako historia ezagutzeko. Eraikinen artean hauek nabarmendu behar dira: udaletxea, etxe armarridunak, San Joan Bataiatzailearen eliza edo Kristo Santuaren basilika barrokoa, Europa osoko hiru kristo bizargabeetako bat bertan dagoelako ospetsua.

 

2. aukera: Balio handiko baserrien arkitektura ezagutzea: Darieta-zar baserria, Erdi Arokoa eta zutik oraindik, edo Miura baserria, Lezoko garrantzitsuenetako bat; diotenez, Hondarribiko zezen-plazak ukuiluak baserri honetan izan zituen, eta hortik datorkio izena.

 

Nabarmendu beharreko beste baserri batzuk: Borda, Minkura, Bordatxo, Iribarren, Gaintza, Apaiziartza, Itzua bekoa, San Juan Iturria, Itxue, Galardi, Arpire-enea, Maisu Cristobal-enea, Susana-enea, Sagu-enea, Jamot-enea, Mandasayania, Pikandia-enea, Paskual-enea, Kuartela, Mariya-enea, Txerrimuño, Zabala-etxea, Andreone.

 

Eguna amaitzeko, Pasaiako badiara joango gara, eta San Pedro eta Donibaneko herrigune historikoak bisitatuko ditugu. Izate handiko jauregi-etxeak eta familia-etxeak nabarmentzen dira. Era horretako eraikinek bereizketa tipologiko-arkitektoniko argia dute. 1800. urtea baino lehenagokoak dira guztiak.

 

KONTRATA DAITEZKEEN ZERBITZU-ENPRESAK:

  • Kultour Incoming Service: Koldo Mitxelena plaza, 7 – Errenteria / (00 34) 688 818 017 / info@kultour.pro

 

Non jan plan honetan: www.euskadigastronomika.eus

Non ostatu hartu plan honetan: www.nekatur.net

Gomendioak

  • Planifikatu denborak eta erreserbatu bazkaria. Proposatutako plana zuk nahi bezain zabala izan daiteke. Planifikatu bisitak gomendatutako hurrenkeran –edo beste batean–, baina denborak kontuan hartuta. Aztertu aukera gastronomikoak, eta erreserbatu zure tokia
  • San Marko Gotorlekua. Gaur egun itxita dago. Begiratu informazio ofizialean.