Done Jakue Bideko multzo historiko eta artistikoa (kostaldea)
Arte eta Kultura
Ondare kulturala
Done Jakue Bideak, Konpostelara iristeko Erdi Arotik erromesek erabilitako bideak, bi ibilbide nagusi ditu gure erkidegoan: kostaldekoa eta barnealdekoa.
Kostaldeko bidea, Frantziatik sartu eta Irunetik eta Hondarribiatik abiatzen da Gipuzkoan. Gipuzkoa eta Bizkaia zeharkatu ostean, Bilbon bitan banatzen da Kantabriara igarotzeko Muskizetik, edo Burgosera Balmasedatik.
Gipuzkoan, erromesak hainbat monumentu bisitatzeko aukera izango du, besteak beste, Hondarribiko Guadalupeko Santutegia, Jaizkibel mendian gora, edo Orioko Tourseko San Martinen ermita, erromesen zaindaria.
Bideak kostaldeko zenbait herri zeharkatzen ditu ondoren: Pasaia, Donostia, Zarautz, Getaria eta Zumaia. Ibilbidean aurrerago, nabarmentzekoak dira Itziarko Santutegia eta Debako eliza erromanikoa.
Bizkaian, ibilbidea barnealdetik doa Markina-Xemeinetik sartuz. Bertan, Arretxinagako San Migelen ermita ikusgarria dago, megalito hirukoitz naturala den oin hexagonala duela. Erromesa Bizkaiko kolegiata bakarrera iritsiko da ondoren, Zenarruzako kolegiatara, Ziortza-Bolibarren. Gernika-Lumo hiri historikoa iragan ostean, Morga, Larrabetzu, Lezama eta Zamudio gurutzatuko ditu Bilboraino.
Hiriburuari so, Begoñako Ama Birjinaren Basilika dago. Bertatik Mallonako galtzadek Santiagoko Katedraleraino eramango dute bidaiaria. Bilbon ibilbidea bitan banatu eta Portugalete, Sestao, Zierbena eta Muskizetik Kantabriaraino doa, edo Alonsotegi, Gueñes eta Zalla zeharkatuz, Burgosen sartzen da Balmasedatik. Balmasedan, San Seberino eliza eta Muzako zubia edo Zubi Zaharra ikusgarriak daude.