Hasiera: Vitoria-Gasteiz Helmuga: Legutio

Gasteiztik abiatuko gara, N-622 errepidetik. Ondoren, A-3608 bidea hartu eta Gopegin (Zigoitia) egingo dugu lehen geldialdia. Han, Jasokundearen Amaren eliza (Erdi Aroko ezaugarriak ditu tenpluak) eta Goikoetxeatarren jauregia ikusi behar dira. A-3608 errepidearen albo batean Murua (Zigoitia) utzi, eta Ollerieta Legutioko auzora iritsiko gara N-240tik. Bertan, Elosuko kontzejuan, Euskal Buztingintza Museoa ikustea merezi du.

Gainera, museoaren ondoan, Euskal Herrian gordetzen den zeramikazko labe bakarra ikusteko aukera izango dugu. A-623 errepideak iparralderantz eramango gaitu, Otxandioraino. Herri hori Bizkaian dago, Urkiola mendatearen magalean, eta, han, nabarmentzeko modukoak dira Zelaietako San Martin baseliza (Foruaren zina egiteko erabiltzen zen), fatxada barrokoa duen udaletxea eta Santa Maria eliza. Otxandiotik gertu, Oleta auzoa, Aramaioko haraneko herrigune txikia, aurkituko dugu. Oleta Urkiolako Parke Naturalaren barruan dago, eta, bertan, Anbotoko tontor ikusgarria (1.328 m) gailentzen da.

A-3941 errepidea hartuta, Aramaioko haran ederrean barneratuko gara, Ibarra auzora iritsi arte. Herrixka honetako plazan arkupedun udaletxea eta San Sebastianen baseliza dira eraikin aipagarrienak. A-2620tik hegoaldera egin eta Legutiora helduko gara. Hiriguneko sarreran, Erdi Aroko arku zorrotza du Urrunaga urtegiaren ertzean dagoen herriak. Urtegi horretan, uretako hainbat kirol egiteko aukera dago eta Nazioarteko Arraunketa eremu bat ere bada bertan.

Ez ezazu galdu ibilbide honetan