Hasiera: Vitoria-Gasteiz
Helmuga: Lalastra
Gasteizen, A-2622 errepidea hartuko dugu Gesaltza Añanan lehen geldialdia egiteko. Gatza erauzteko instalazioek eta egurrezko egitura zuriek paisaia bitxia marrazten dute, benetan, bertan. Lurrazaleko gorabeherak aprobetxatuz, hainbat mailatan antolatuta daude larrainak, 120 hektareatan. Ondare kultural izendatu dituzte horiek, ura lurrunduz antzina gatza nola lortzen zuten ikus daitekeelako.
Errepidean aurrera jarraitu eta, eskuinaldean, Tuestarako (Gaubea) saihesbidea hartu behar dugu. Jasokundearen eliza erromanikoa eta bere atari ikusgarria nabarmentzen dira han. A-2622ra itzuli eta Villanañera (Gaubea) iritsiko gara, Varonatarren dorretxe-jauregia ikusteko. Araban ondoen gorde duten gotorlekua da, eta dorre ederra eta almenadun harresia ditu. Eraikina inguratzen, berriz, hobi bat dago. Errepidearen beste aldean, bide batek Angostoko Andre Mariaren santutegira eramango gaitu.
XIV. mendeko tenplu mailakatu soila da eta, barruan, Errenazimentuko erretaula du. Haitzulo estu baten ondoan agertutako Ama Birjina gurtzen dute bertan, eta Angostoko Andre Mariak ("angosto" hitzak estua esan nahi du gaztelaniaz) gertakizun horri zor dio izena, hain justu. Santutegiaren atzetik, bidexka polit bat dago Agerkundearen haitzuloraino, Tumecillo ibaiaren ertzetik. Errepidean aurrera jarraituz, Uribarritik (Gaubea) pasatuko gara, eta, bertan, herriko 16 ermitategietako bat bisita dezakegu.
Ermita hauek haitzean landutako haitzuloak ziren ermitategiak, eta bizileku bezala erabiltzen zituzten. Lalastran (Gaubea), Valderejoko Parke Naturalean, amaituko dugu ibilbidea. Parkearen erdigunea da Lalastra, oinez zein bizikletaz egin daitezkeen ibilbide gehienen abiapuntua. Gainera, Valderejon dauden lau herrixketatik, biztanleak dituen bakarra da. Herriaren amaieran dago Valderejoko Parketxea; bertan, inguruan egin daitezkeen ibilbideen gaineko informazio guztia eskura dauka bisitariak. Ibilbide ikusgarriena Puron ibaiaren haizpitartean barrena doana da. Inguruak , gainera, flora eta fauna aberatsa dauka, sai arrea izanik bertako ikur nagusiena.