Hasiera: Vitoria-Gasteiz
Helmuga: Korres
Gasteiztik abiatuta, Trebiñuko Konderria igaroko dugu. Trebiñu, Arabaren bihotzean egon arren, Burgosko Administrazioaren menpe dago. Bertan, Armentiako Benten parean, BU-741 errepidea hartuko dugu Bernedorako noranzkoan. Handik gutxira, eskuinaldera Faidu Urizaharreko kontzejua ageri da, eta han benetan bitxiak diren haitzuloak ikus ditzakegu. Antzina, gizakiek haitzak zulatuz egindako kobazuloak dira, eta haitzulo horietan handienak Peñako Andre Mariaren ermita du barruan. Euskal Herriko eliza kristau zaharrenetakoa da; harrian landutako arkitektura-lan bikaina, ezbairik gabe.
BU-741 errepidera itzuli eta ezkerretarako lehen bidea hartuta, Markizera (Bernedo) iritsiko gara. Han, ibai ederra eta zenbait armarridun etxe azpimarragarri daude, besteak beste. Horrez gainera, haitzetan zulatutako 16 haitzulo ditu herri honek ere. Horien artean, Santa Leokadia, landutako erliebeak dituen haitzuloa, da ezagunena. Handik, Lagranera joango gara, atari platereskoa duen eliza eta harresiak ikusteko. Jarraian, A-3130 errepidea hartuta, Bernedoko herrigunean egingo dugu geldialdia. XII. mendeko harresiaren hondarrak eta gazteluaren aurriak daude bertan ikusgai.
Ondoren, Santikurutze Kanpezura (Kanpezu) abiatuko gara, harresiez eta Jasokundearen eliza ikusgarriaz gozatzeko. Paisaian gailentzen den Kodeseko mendilerroaren hegalean, Ibernaloko santutegia dago eta, barruan, XIII. mendeko tailu ederra du.
Hara joatea merezi du, bertatik ikuspegia bikaina delako. A-132 errepidea hartuko dugu Antoñanara (Kanpezu) bidean. Bada, armarridun etxe asko ikus daitezke Erdi Aroko erdigunean, harresiaren babesean. Arabako eskualde honetako ondare kulturala ezagutzeko egiten ari garen ibilbide honetan, Maeztuko (Arraia-Maeztu) jauretxe ederrak ere aipatu behar ditugu. Bestalde, Kanpezu-Arabako Mendialdeko Koadrilan naturaz gozatzeko aukera paregabea dago. Horregatik, Ibilaldia Korresen (Arraia-Maeztu), Izkiko Parke Naturalean, amaituko dugu. 9.000 hektarea ditu naturguneak, eta, fauna eta flora aldetik, oso aberatsa da. Haginek, makalek, haritzek eta arteek marratzen dute paisaia eta, bertan, okil ertainak, azeriak, urtxakurrak, basakatuak eta gabiraiak bizi dira, besteak beste.