Hasiera: Vitoria-Gasteiz
Helmuga: Irun
Gasteizko gozogintza ospe handikoa izan da betidanik. Neskita eta baskito gozoki ospetsuak, esaterako, hiriaren jaki bereizgarriak dira, lur arabarrotatik ezinbestean eraman beharreko plazer jangarria. Arabako hiriburuko pastelgile eta gozogileek klasiko bihurtu dituzte haien lanak eta horren erakusgarri dira egun bereziei lotutako gozokiak: San Prudentzio postrea, herriko jaietan falta ezin den mokadua, Gasteizko txutxitoak, igande eta jai egunetako postrea, eta esnetan bustitako ogi torradak, inauterietako jaki klasikoa.
Halaber, Bizkaiak ere jaki gozo anitz dastatzeko aukera eskaintzen du. Kremaz betetako kanutiloak eta arroz pastela nabarmendu ditzakegu Bilboko gozoki berezien artean. Barakaldoko "barakaldesitak" ere gozamenerako jaki paregabeak dira eta Markina-Xemeinek bere kokote ospetsuekin liluratuko gaitu.
Bizkaiko barrualderantz joz, euskal postre tipiko batekin egingo dugu topo, ardiaren esnez egindako mamiarekin, alegia. Egun, Durangaldeko eta Arratiako txoko ugaritan aurki daiteke etxean egindako mamia. Lurralde honetan aurki dezakegun beste bereizgarri gastronomiko bat pastel errusiarra da, gurinezko kremaz eta merengez osatutako prestakin gozozalea. Halaber, erromeria erlijiosoetan ere ezinbesteko lekua dute jaki gozoek; malba zuri gozokiak egoten dira Abadiñoko San Blas festetan, eta erroskilak Urkiolan, San Antonio egunean.
Gipuzkoako lurretan barneratu ahala, hango gozogintza anitzak harrituko gaitu. Gainera, egutegiko hainbat jaik ere postre eta jateko zehatzak ekarriko dizkigute gogora; intxaur-saltsa, esaterako, Eguberri jaiekin batera etortzen da euskal etxe askotara, Deba eta Urola aldekoetara, batez ere. Antzinako plater honek lan handia eskatzen du ehotako intxaurra azukrearekin nahastu eta esnetan egosi behar baita, krema lortu arte.
Mendarok, bestalde, garrantzi handiko jarduera izan du txokolatearen fabrikazioan. Are gehiago, Mendaroko Saint-Gerons da gaur egun Euskadin eskuz egiten den txokolate bakarra. Euskadiko gozogintzaren aniztasuna Bergarako barrubeteek ere erakusten dute.
Ibilbide gastronomiko gozo honen azken zatian, Tolosako jaki tipikoek izan duten garrantzia azpimarra dezakegu. Tolosarrek gozoekin izan duten zaletasunak ekarri dio herriari egun duen pastelgintza zein gozotegi jarduera garrantzitsua; eginbide horren erakusgarri dira Tolosako teila, gorrotxak eta zigarretak, edota franchipan deritzon jakia, almendrazko tarta dotorea. Azkenik, Bidasoako eta Oarsoaldeko zonaldeetan, opil bereziak egiten dituzte San Marko egunean, eta, tradizioari jarraiki, amabitxiek ezkondu gabe dauden besoetakoei oparitzeko izaten dira jaki preziatuok.