Hasiera: Santa Maria atea Helmuga: San Nikolas atea

Erromatarren garaian, garrantzi handia zuen Hondarribiak; ondoren, Nafarroako Erresumaren itsasorako irteera izan zen, eta Gaztelara bildu zen XIII. mendearen hasieran. Forua lortu zuen Gipuzkoako bigarren hiribildua izan zen. Mugatik gertu egotean, kokapen estrategikoa zuen, eta, horregatik, Armadarentzat oso garrantzitsua zen. Horren harira, mendetan, setio ugari jasan ditu, eta, ondorioz, harresi sendoa eraiki zuten hiribildua babesteko.

Urteen joan-etorrian, harresiak tinko eutsi die gerra eta erasoei, eta zati handi bat zutik dago oraindik. Santa Maria atean, hiriko hiru ateetako batean, has dezakegu ibilbidea. Hara heltzeko, eskuinera hartu behar da hirigunearen sarrerako errotondan. Alde Zaharreko sarbide nagusiak Kale Nagusira garamatza zuzen-zuzenean. Horixe da monumentu gehien biltzen dituen kalea. Alde batean zein bestean, jauregi itxurako etxeak ikus daitezke, orube estuetan eraikita. Burdina forjatuz eginiko balkoiei erreparatu behar diegu.

Udaletxea eta parrokia ikusi ondoren, Kale Nagusiaren goiko muturrera, Arma plazara, iritsiko gara. Karlos V.a enperadorearen gaztelua, apaingarririk gabeko eraikin sendoa, topatuko dugu han. Kolore bizia duten etxeek inguratzen dute gaztelua, eta eraikinok kontraste itzela egiten dute. Ondoan, Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren eliza dakusagu. XV. eta XVI. mendeetan eraiki zuten arkitekturaren aldetik balio handia duen tenplua.

Arma Plazatik abiatuta, San Nikolas Alde Zaharra zeharkatzen duen kalea hartuko dugu, berriz ere harresiarekin topo egin arte. Kalearen mutur batean, Gipuzkoa plaza bitxia eskuinean utzi ondoren, San Nikolas atearen aztarnak ageri dira. XV. eta XVI. mendeetan, ate hau izan zen hiribilduko sarrera nagusia. Garai hartan, kapera, dorrea eta bi ate (kanpoaldean bata, barrualdean bestea) zituen. Gainera, zulo batek inguratzen zuen San Nikolas, herria erasoetatik babesteko. Hobi hori igarotzeko bi zubi zeuden, bata altxagarria eta bestea finkoa.

Ez ezazu galdu ibilbide honetan