Hasiera: Hernani Helmuga: Astigarraga

Gipuzkoan daude sagardotegi gehienak eta horietako asko eta asko baserriak dira. Sagardoa egiteko eta botilatzeko instalazioak dituzte, eta, horrekin batera, upelen ondoan, mahaiak egoten dira, ohiko menua (bakailao tortilla, bakailaoa piper berdeekin eta txuleta txingarretan) jan ahal izateko. Sagardo garaian, urtarriletik apirilera bitartean, jende andana joan ohi da sagardoaren tenplu hauetara, giro ederrean sagardoa upeletik zuzenean hartu eta edateko. Txotx garaia esaten zaio horri: sagardotegiaren jabeak upel bat aukeratu ondoren, "txotx" hitza ozen esan eta ingurukoak sagardoa dastatzera gonbidatzen ditu. Nahi beste sagardo edan dezake bezeroak.

AstigarraganHernani eta Usurbilen daude sagardotegi gehienak, eta herri horiek ardatz hartuta proposatuko dizuegu ibilbidea. Gastronomia eta artea uztartuko ditugu Chillida Leku Museoan hasiko dugun ibilaldian. Eduardo Chillidaren familiak zuzentzen du eskultore bikainak Zabalaga XVI. mendeko baserrian (Jauregi auzoa, Hernani) eta inguruko lur eremu berdeetan uzitako ondarea. Handik, GI-2132 errepidea hartu eta Hernaniko erdigunera joango gara. Asteburuetan giro aparta egon ohi da han, batez ere Txotx garaian, sagardotegietatik bueltan, askok herri honetan jarraitzen dutelako parranda. Hernanin, alde zaharra nabarmentzeko modukoa da. Bertan, San Joan Bataiatzailearen eliza (XVI. mendekoa), San Agustin komentua (XIII. mendekoa), eta Kale Nagusiko eta Kardaberaz kaleko hainbat eraikin azpimarratuko ditugu.

Ondoren, GI-131 errepidea hartu eta Astigarragan egingo dugu hurrengo geldialdia. Sagardoaren hiriburuak 4.000 biztanle inguru ditu eta hogei bat sagardotegi. Horietako edozeinetan sagardo gozoa edan eta menu tipikoa jatea benetan merezi du: bakailaoa, tortillan edota piper berdeekin; txuleta txingarretan, bi aldeak ongi eginda eta erdialdean odola duela, eta, amaitzeko, Idiazabal gazta (latxa ardiaren esnea erabilita egindakoa), irasagarra eta intxaurrak.

Astigarragan Sagardoetxea - Euskal Sagardoaren Museoa bisitatzeko aukera izango dugu. Hiru gunek osatzen dute Sagardoetxea: museoak, sagastiak eta sagardoa dastatzeko guneak. Museoan argazkiak, informazio-panelak, jokoak eta tresna elkarreragileak daude.

Astigarragako plazatik, udaletxearen eskuineko aldean dagoen errepidetik gora egingo dugu Santiago auzora bidean, Santiagomendira iritsi arte. Baserri zaharrak han-hemenka ikus daitezke paisaia berdean, eta, tarteka, sagardoa egiteko dolarea eta lanabesak ere topatuko ditugu, aspalditik bertan sagardoa egiteko ohitura egon den erakusgarri. Errepidean gora, Santiago baselizara iritsiko gara. Kostaldeko Santiago Bidea handik igarotzen da, eta leku aproposa da atseden hartu eta bista ikusgarriaz gozatzeko.

Ez ezazu galdu ibilbide honetan