Hasiera: Gros
Helmuga: Erdigunea
Donostia pintxoaren hiriburutzat har daiteke. Hartara, tradizioari atxikita edo proposamen berritzaileak eginez, barra pintxoz josita dituzten tabernak hamarka aurki daitezke hiriko auzo guztietan. Horietako bakan batzuk aukeratu eta ibilbide bat proposatzea ez da lan erraza; barraren aurrean jarri eta pintxo bakarra aukeratzea bezain zaila da. Horrenbestez, ibilbidea osatzeko, sariak jaso dituzten tabernak hartuko ditugu aintzat, eta, pintxo berritzaileak eta errezeta tradizionalak dastatzeaz gain, hiriburuko toki esanguratsuenak ikusteko parada izango dugu.
Gros auzoan hasiko dugu pintxoen ibilbidea, Mil Catas (Zabaleta, 55) tabernan, hain zuzen. Handik oso gertu dago Bergara (Artetxe Jenerala, 8), tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen taberna bizia. Aurrerago, Zurriola pasealekutik barrena, Kursaal Rafael Moneoren jauregira iritsi aurretik, El Patio de Ramuntxo tabernara (Peña y Goñi, 10) joango gara. Bi aldiz irabazi dute pintxo lehiaketa eta jaki landuak dastatzeko aukera paregabea dago han.
Gros auzoa atzean utzi eta Alde Zaharrera, hiriaren bihotzera, abiatuko gara. Ezbairik gabe, pintxoei dagokienez, tradizio handiko zonaldea dugu Donostian. Txepetxa tabernan (Arrandegi, 5), esaterako, Kantauriko antxoa finarekin prestatzen diren gutiziak jan ahal izango ditugu. Abuztuaren 31 Donostiako kalerik zaharrenean, kalezulo ezkutu batean, berriz, La Cuchara de San Telmo aurkituko dugu; koilaraz eta sardexkaz jaten diren pintxo berritzaileak ditu, baita postrerako egokiak diren pintxo gozoak ere.
Alde Zaharretik San Jeronimo kaletik irtetekotan, azken geldialdia Ganbara tabernan egin dezakegu. Han, pintxoen artean, nabarmentzekoa da onddo platerkada. Alderdi Ederreko lorategiak zeharkatuz, San Martzial kalera helduko gara. Bertan, bata bestearen ondoan, tradizio handiko bi pintxo-taberna daude: Alustizan (San Martzial, 50), ýgabillaký (urdaiazpikoa, gazta eta bexamela duten pintxoak) azpimarratuko ditugu, eta La Espigan, berriz, osagai ezberdinekin egindakoak aurki ditzakegu barra luzean, apain-apain ipinita. Askatasunaren Hiribideari jarraituta iritsiko gara gure ibilbidearen amaierara, Hikamika tabernara (Etxaide, 5), alegia. Duela gutxi irekitako taberna honek dekorazio modernoa du, baina bezeroek gogokoen dituzten pintxoak ýklasikoaký dira: arrain-pastelak eta kroketek dute arrakasta gehien.