Hasiera: Ate Berria Helmuga: Collado pasealekua

Harresiz inguratuta dagoenez, Arabako Errioxako hiriburutzat har daitekeen herriak pasieran ibiltzeko aproposa den hirigunea du, oinezkoentzat gordeta. Proposatzen dizuegun ibilbidea jarrai dezakezue, edo, bestela, kaleetan barrena zeuen kabuz ibil zaitezkete. XIII. mendean, harresi sendoa eraiki zuten hiribilduaren inguruan. Gerra karlistetan, zatiren batzuk suntsitu bazituzten ere, egun zutik jarraitzen dute harresiek, eta tartean hainbat dorrek eta erdigunean sartzeko XV. mendeko Ate Berriak, hiriko bost ateetako batek, alegia.

Sarrera horri Harategien Atea ere deitzen diote eta handik hasiko dugu ibilbidea. Berehala egingo dugu topo Plaza Nagusiarekin.

Arkupeek inguratzen dute enparantza eta, bertan, udaletxe ederra ikus dezakegu. Nabarmentzekoa da eraikin horren erlojua; izan ere, 12:00etan, 14:00etan eta 20:00etan automatak agertzen baitira dantzan. Eskuinetara egin eta Kale Nagusira helduko gara, XV., XVI. eta XVII. mendeetako oinetxe eta jauretxe ikusgarriak dituena. Ikusteko modukoak dira eraikinon armarriak, balkoiak eta teilatu-hegalak. Kale barrenean, Erregeen Andre Mariaren eliza, Guardiako altxorretako bat, ageri da. Hainbat estilo nahasten dituen tenplua XII. eta XV. mendeen artean eraiki zuten. Eliza honetako aurrealdea aparta da, XVII. mendeko polikromia gordetzen duelako eta, antza, harriaren gainean antzina eginiko pintura-lanak galtzea ohikoa baita. Ezkerreko aldean, berriz, Abade-dorrea du, kanpandorre bilakatutako eraikin militarra.

Eskuineko aldean barrena, berriz, Collado pasealekura hel gaitezke, eta, harriaren kolorearen ordez, landarediaren berdea eta zeruaren urdina gailentzen dira bertan.

Ez ezazu galdu ibilbide honetan