Hasiera: Sodupe
Helmuga: Karrantza
BI-636 errepideak Bilbotik Gueñesera eramango gaitu, Sodupetik igaro ondoren. Gueñesen, Santa Maria parrokiaren aurrean geldituko gara, portada gotiko flamigero interesgarria ikusteko. Gero, Zallarako bidea hartuko dugu eta, bertan, Murgatarren jauregi barrokoa, egun udaletxea dena, eta Terreros dorrea azpimarratuko ditugu.
Errepide berari jarraituz, Balmaseda herri dotorera helduko gara. Aste Santuko prozesioek ezagun egin dute Enkarterrin biztanle gehien hartzen duen herria. Bertan, merezi du Erdi Aroko hirigunetik zehar batetik bestera ibiltzea. Monumentu eder asko ditu, tartean Zubi Zaharra edo Muzako zubia. Antzina, aduana zegoen zubi horretan, eta merkantziak edota pertsonak leku batetik bestera igarotzeko bidesaria ordaindu behar zen. San Seberino eliza ere nabarmentzeko moduko eraikina da, gotikoa izan arren hainbat elementu barroko dituelako.
BI-630 eta BI-2701 errepideetatik iparraldera joko dugu, Sopuerta aldera. Han, Urrestietako Juntetxe bikaina topatuko dugu. Egun, XIV. mendeko dorrearen hondarrak Enkarterriko museoaren barruan sartu dituzte. BI-630 errepideari berriz ere jarraiki, Villaverde Turtzios zeharkatuko dugu eta, ondoren, Escrita mendatean gora joango gara Karrantzako haranean sartzeko.
Mendatean behera, saihesbide bat hartuko dugu, Gertakari Oneko Andra Mariaren ermitara joateko. Zelai batean kokatuta dago, pare bat baserri eta, harrigarria badirudi ere, mendiaren erdi-erdian dagoen zezen-plaza alboan dituela. BI-630 errepidera itzulita, beste bide bat hartuko dugu Karpin Abentura Bizkaiko Parke Ekologikoa ezagutzeko. Iberiar Penintsulako eta Europako faunaren adierazgarri diren animalia espezieak ikus daitezke bertan, eta, horrez gainera, dinosauro-parke bat ere badute. Karrantza naturgune paregabean sakabanatutako auzo askok osatzen dute. Ranero izenekoan, esaterako, Pozalaguako haitzuloak aipatu behar ditugu. Kobazulo natural horietan estalaktita bitxiak ikus daitezke. Munduan ez omen dago beste inon horrenbeste batera bilduta, eta zuhaitzetako adarren itxura hartzen dute, grabitatearen indarrari desafio eginez.