Hasiera: Donostia Helmuga: Irun

Donostian, GI-2640 errepidea hartuko dugu ekialderantz, Pasaiako badiara iritsi arte. Bertan dago Gipuzkoako porturik handiena, eta, handik, Lezoko bidegurutzea igarota, Pasai Donibanera joango gara, Pasaiako lau barrutietan politenera. Lau etxeren azpitik, kale nagusi batek zeharkatzen du barruti hau, Santiago plazara heldu arte. Bertan, nabarmentzeko modukoak dira Victor Hugo Frantziako idazlearen etxea izan zena eta San Joan Bataiatzailearen eliza. Lezora joango gara berriz ere, eta, han, Jaizkibel mendian gora doan errepidea hartuko dugu.

Bidean, itsasoaren ikuspegi bikaina dago eta, Hondarribira jaistean, Guadalupeko santutegian eta gotorlekuan geldituko gara, hango ingurune ederraz gozatzeko. Hondarribia herri dotorea da oso, eta armarridun etxe asko dituen alde zaharra monumentu multzo izendatu zuten. Eraikinen artean aipagarriena Karlos V.aren gaztelua da, egun Emperador izeneko paradore ederra dena. Erdigune historikotik gertu, Marina auzo bizia topatuko dugu. Jatetxez eta tabernaz josita dago eta arrantzaleen etxe koloretsuak ditu. Horrez gainera, itsas pasealeku ederra dago hondartzaren inguruan, eta, handik, kirol portu berrira eta arrantzaleen kaira joan gaitezke oinez. Irun Hondarribitik oso gertu dago. Mugan dagoen herria merkataritzari lotuta dago eta Europako gainerako herrialdeekin komunikatzeko gune garrantzitsua da egun.

Ondare kulturalari dagokionez, azpimarratzekoak dira Santa Elena erromatarren garaiko nekropoliaren aztarnak gordetzen dituen ermita-museoa eta Junkalgo Amaren (herriko zaindaria) eliza. Azken horretan, Ama Birjinaren XI. mendeko taila ikustea merezi du. Bisitaldia bukatuta, N-I errepidea hartuko dugu Donostiara itzultzeko.