Hasiera: Donostia
Helmuga: Mutriku
Lehenengo egun honetan, Gipuzkoako mendebaldeko itsasbazterrean barrena egingo dugu ibilaldia. Horretarako, kostaldetik doan trena hartuko dugu Donostian, EuskoTrenen geltokian. Usurbil igaroko dugu lehenik eta behin, eta, denbora izanez gero, San Salbatore eliza bisita dezakegu bertan. Ondoren, Aginaga angulen hiriburutik eta Orio arrantzale-herritik pasatuko gara, Zarautzera, Donostiaren ostean Gipuzkoan turista gehien hartzen dituen herrira, iritsi arte.
Zarautz herri bizia da eta hondartza zabala eta balio artistiko handiko hainbat eraikin daude, Luzea Erdi Aroko dorrea eta Santa Maria la Real eliza, esaterako. Halere, zalantza barik, itsas pasealekua da Zarautzeko lekurik xarmangarriena. Narros jauregiaren eta Argiñano sukaldariaren jatetxearen artean, terrazek eta abangoardiako eskulturek apaintzen dute ingurua. Bestalde, argazkigintza atsegin dutenak Photomuseumera joan daitezke.
Zarautzetik Getariako San Anton mendiaren silueta bitxia ikus dezakegu. Getariako arratoia izenaz ere ezagutzen dute mendia, animalia horren itxura duelako. Joan Sebastian Elkano nabigatzailearen eta Cristobal Balenciaga jostunaren sorterria Zarautzetik 5 km-ra dago. Trenak ez du hemen geltokirik, eta, bertara, N-634 errepidetik hel gaitezke. Getariako karriketan merezi du txingarretan erretako arrain freskoa jatea, eta, nola ez, txakolin gozoa, bertako ardo zuria, dastatzea. Horrez gainera, San Salbatore eliza ederra ikusteko aukera dugu portutik gertu. Tenplu gotiko bikainak lurrari egokitzen zaion oinplano irregularra eta bi dorre (horietako bat moztuta dago) ditu.
Zarautzera itzuliko gara berriz ere, trena hartu eta hurrengo geldialdia Zumaian, Urola ibaiaren bokalean, egiteko. Bi hondartza eta, hiru interesgune kultural ditu: San Pedro eliza (Juan de Antxietaren erretaula du), eta Zuloagari eta Julio Beobideri eskainitako museoak. Inguruan, itsaslabar ikusgarriak aho zabalik utziko ditu bisitariak. Itsasbeheran, itsas bazterraren zati batek duen forma geologiko bitxia agerian gelditzen da.
Zumaia eta Deba arteko labarrean, olatuek haitzak higatu dituzte mendeetan, zabalgune edo abrasio-plataforma osatzeko. Itziar gainean egingo dugu hurrengo geldialdia, Itziarko Andre Mariaren santutegia ikusi ahal izateko. Handik, trenak Debara eramango gaitu, izen bereko ibaiko haranaren barnealdera sartu aurretik. Herriak hondartza atsegina du, eta, ondare kulturalari dagokionez, Santa Maria eliza, euskal gotikoaren altxorra, topatuko dugu alde zaharreko karriketan. Denbora izanez gero, GI-638 errepidea har dezakegu Mutrikura arte. Gipuzkoaren mendebaldeko muturrean eraiki zuten arrantzaleen herria, mendi magalean. Artearen eta arkitekturaren ikuspuntutik balio handiko eraikinak daude erdigune historikoan. Halaber, herritarrek arrantzarekin betidanik izan duten harremana Bentalekua museoan ikus daiteke.