Hasiera: Boulevard Zumardia Helmuga: Pasealeku Berria

Boulevard Zumardian zeuden antzina hiriko harresiak eta, egun, kale horrek Donostiako Alde Zaharra eta Zabalgunea lotzen ditu. Bertan hasiko dugu ibilbidea eta, horretarako, San Juan kalea hartuta, erdigune historikoan murgilduko gara. Eskuinetara utziko dugu Bretxa merkataritza-gunea eta ezkerretara, berriz, Raimundo Sarriegiren izena daraman plaza ikusiko dugu, mutur batean musikagile donostiarraren omenez egindako monumentua duela. Berehala iritsiko gara Fermin Kalbeton kalera. Giro aparta egon ohi da bertan, jatetxez eta tabernaz josita baitago.

Ondoren, Narrika kalea hartuko dugu Konstituzio plazara, Alde Zaharraren bihotzera, iristeko. Enparantza arkupez inguratuta dago eta, alde batean, antzinako udaletxearen eraikin dotorea ikus dezakegu. Plazako eraikinen balkoietan dauden zenbakiek, berriz, duela urte asko zezen-plaza bezala erabili zutela ekartzen digute gogora. Egun, hiriko ospakizunik garrantzitsuenak egiten dira bertan. Narrika kalera itzulita, San Bizente eliza gotikora helduko gara. Donostiako elizarik zaharrena XVI. mendean eraiki zuten. Atzeko aldean, San Telmo Museoa aurkituko dugu. Komentu izandako eraikin batean dago, klaustro eta guzti duena, eta bertan, nabarmentzeko modukoak dira Jose Maria Serten margo bikainak eta hilarriak.

Handik, eskailera batzuk igo eta Urgull mendira igo gaitezke. Tontorrean, Bihotz Sakratuaren monumentua dagoen tokitik, hiriaren ikuspegi bikaina dago. Antzina, hiria zaintzeko gotorleku aproposa zen mendia bera, eta XII. mendean Mota gaztelua eraiki zuten horregatik. Inguru horretan, Ingelesen Hilerria ere badago, eta Independentziaren gudan eta Karlistadetan hildako soldadu britainiarren omenez egindako monumentua ikus daiteke bertan. San Bizente elizara berriz ere itzuli eta Abuztuaren 31ko kaletik abiatuko gara. 1813ko egun hartan Donostia suntsitu zuen sutearen ondoren zutik iraun zuen kale bakarra da hori. Amaieran, Koruko Santa Maria basilika, osagai gotiko eta barrokoak dituen eliza ederra, topatuko dugu. Aldare Nagusian Koruko Ama Birjinaren eta San Sebastianen, hiriko bi zaindarien, irudiak daude.

Handik oso gertu dago Donostiako portua. Bertan, arrantzontziek eta etxe bitxiek paisaia ederra marrazten dute. Itsas Museoa eta Aquariuma ere kaian daude. Merezi du Aquariumeko ozeanarioa ikustea. Ibilaldia Pasealeku Berrian amaituko dugu: Oteizaren "Eraikuntza hutsa" eskultura dagoen lekura joan eta hantxe eseriko gara olatuei begira.

Ez ezazu galdu ibilbide honetan