Hasiera: Plaza Biribila
Helmuga: Guggenheim Bilbao Museoa
Areatzako zubiak Zazpikaleak eta zabalgunea lotzen ditu XIX. mendetik. Eraikin dotoreek osatutako etxadi zabal eta erregularrak egin zituzten zabalgunean, eta inguru horren mutur batean, plaza Biribilean, hasiko dugu ibilbidea. Diego Lopez de Haro Bilboko fundatzailearen omenez egindako estatua ikus daiteke plazaren erdian eta, handik, bere izena daraman Kale Nagusia, zabalgunearen ardatza, hasten da. Merkataritzagunez eta bankuz betetako kale dotorea dugu, eta orain, gainera, kalearen zati handi bat oinezkoentzat itxi dute. Une batez, Kale Nagusitik alde egin eta eskuinetara egingo dugu Albia lorategia ikusteko. Zuhaitz eta usoen artean, Antonio Trueba idazlearen estatua dago han. Berriz ere, Kale Nagusira itzuli eta Banco de Vizcaya zenaren eraikinaren goiko aldean, Merkurio jainkoaren irudiari erreparatuko diogu. Pixka bat aurrerago, Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregia ageri da. 1900. urteko eraikin horretan nabarmentzeko modukoak dira kuxindura-aurrealdea eta balkoi korritu handia.
Kale Nagusiaren erdian, Moyua plaza edo Plaza Eliptikoa dago. Bertan, Carlton hotelaren eraikina eta Chavarri jauregi bitxia, egun Gobernu Zibilaren egoitza dena, ikus ditzakegu. Kale Nagusiaren amaierara, Jesusen Bihotza Plazara, iritsi aurretik, eskuinetara egingo dugu Casilda Iturrizar parkerantz. Urmael baten inguruan dago berdegune dotorea eta haren mutur batean Bilboko Arte Eder Museoa aurkituko dugu. Estatuko museorik onenetakoa izan arren, itzalean egon da urte askotan. Halere, Guggenheimen arrakastak mesede handia egin dio museo bikain horri. Mazarredo zumarditik beste paisaia mota bat ikusteko aukera dugu; Euskalduna biltzar-jauregi eta auditorioa, Abandoibarran altxatzen diharduten eraikinak...
Amaieran, Guggenheim Bilbao Museoa ageri da. Zalantza barik, hiriaren irudi bilakatu da Frank Gehryk diseinatutako eraikina. Arte garaikidearen zaleek bisitatu beharreko lekua da, eta, gainera, museoak erabat aldatu du inguru hori, antzinako inguru grisa argitu eta bere onera ekarri baitu.