Etapa
: Bilbao-Balmaseda
Hasiera: Bilbao Amaiera: Balmaseda

Zazpigarren egunean, Bizkaiko lurralde historikoaren bihotzean, Bilbon, emango diogu hasiera ibilaldiari. Erreferentzia-puntu bihurtu da Bilbo azken urteotan. Gaztelu Zubia (egun San Anton) zen garai batean hirira sartzeko bide nagusietako bat. Zubia eta eliza (gotikoa eta karratua da) hiriaren ikur bihurtu dira, Bilboko armarriak argi erakusten duenez. Era berean, aipatzekoa da hiriko zaindariaren omenez egin zuten Santiago katedral gotikoa ere. Ondoren, Basurtutik Kastrexanara doan errepidea hartuko dugu. Kastrexanara iristen garenean, Bilbotik Balmasedara doan bidetik jarraituko dugu, Deabruaren zubitik oso gertu; Bizkaiko hiriburua eta Barakaldo bereizten dituen Cadagua ibaia zeharkatzen du. Zubi horrek Alonsotegira eramango gaitu. Bizkaiko udalerririk menditsuenetarikoa da. Iritsi eta berehala, Gidako Ama Birjina eliza aurkituko dugu. 1933ko kapera dauka. Ondoren, Gueñesko Quadra-Lakabex auzora joango gara, La Quadra dorre erakargarria eta ezaguna (antzina leinu-gerrak egin ziren bertan) eta Andra Mari eliza aparta bisitatzeko. Aranguren auzoa atzean utzi eta Zallara iristen garenean, San Pedro Zarikete ermita topatuko dugu aurrez aurre, Erdi Aroko galtzadaren behealdean. Badira, ordea, interes historiko eta etnografiko handiko beste gune batzuk ere, esaterako, XVI. mendeko San Pedro Ad Vincula baseliza, Beataren antzinako etxea, Gernikako Haritzaren kimua, plaza (erromesen iturria dago bertan) eta Santuaren zelaia. Cadagua ibaiari paraleloan jarraituko diogu Balmasedarantz eta, etapa hau amaitu baino lehen, Terreros dorrearen, Urrutia de la Mella Jauregiaren eta San Antonio ermitaren aldamenetik igaroko gara. Ondoren, Balmasedan sartuko gara, Magdalena auzotik. Bizkaiko aurreneko hiribildua da Balmaseda, eta bere ondare historikoa eta artistikoa ongi gordetzen jakin du mende hauetan. San Severino eta San Joan elizek aparteko aipamena merezi duten arren, Muzako Zubia (Zubi Zaharra) da Balmasedako eraikuntzarik esanguratsuena; Monumentu Nazional izendatu zuten. Erromatarren galtzadari jarraiki, Menako bailaran sartuko gara, eta Burgosko lurretatik Santiagorantz joko dugu.