Hasiera: Bilbao / Apatamonasterio
Helmuga: Errotabarriko meatzeak (Atxondo)
Bilbotik etorriz gero, A-8 autobidea (edo N-634 errepidea) Durangon, Durangaldeko herri nagusian, utziko dugu. Bertan, Kurutziagako gurutzea eta udaletxe bikaina azpimarratuko ditugu. Azken horrek aurrealde ederra du, eragin napolitarreko horma-pintura deigarriek apaintzen dute eta. Ondoren, BI-632 errepidea hartu eta Abadiño igaro ondoren, Apatamonasteriora iritsiko gara. Han utziko dugu autoa, Elorrio bisitatu ostean.
Bidean aurrera egin eta berehala helduko gara Elorriora. Hiribilduak erdigune historiko-artistiko ederra du eta XVII. eta XVIII. mendeen artean izan zuen unerik gorena. Sasoi horretakoak dira Elorrioko karriketako armarridun etxe sendo eta dotoreak. Guztira, harrizko 69 armarri zenbatu dituzte monumentu-multzo izendatu duten herri honetan. Elorriotik gertu, iparraldera, Argiñetako San Adrian ermitara eta nekropolira joan gaitezke.
Elorriotik Apatamonasteriora itzuliko gara. Axpe eta Arrazolarekin batera, Atxondoko udal barruti zabala osatzen du Apatamonasteriok. Autoa bertan utzi eta Arrazolako bide berdea oinez egitea gomendatzen dizuegu. Malda gutxiko bideak bost kilometro ditu eta baserriek eta Arratia ibaiak inguratzen dute. Errotabarriko meatzetaraino iristen zen antzinako trenbideari jarraitzen dio, eta, oinez, joan-etorria bi ordu eta erdian egin daiteke, gutxi gorabehera. Dena den, badago Apatamonasterio, Arrazola eta Errotabarri lotzen dituen errepidea, autoz joan nahi duenarentzat.
Arrazolan, Ollargan Bizkaiko baserririk zaharrena izan daitekeena dago, batzuen ustetan. Horrez gainera, XVIII. mendeko errota hidraulikoa eta San Rokeri eskainitako ermita daude. Ermitaren ondoko bihurguneak adierazten du Arrazolako bide berdearen amaiera. Han aurkituko ditugu 1946an errentagarri izateari utzi zioten antzinako burdin-eta kobre-meatzeetako labeen hondakinak eta meatzarien herrixka.