Hasiera: Oiartzun
Helmuga: Oiartzun
Ibiltzera ohituta daudenei luzatzen diegun proposamen honek (oinez eginez gero, lau bat ordu behar dira) Oiartzunen du abiapuntua. GI-3420 mendi aldera abiatzen den errepidea hartu behar da horretarako. Hori bai, astirik izanez gero, merezi du Luberri Ikasgune Geologikoan gelditzea. Azken mila milioi urteetan, Euskal Herriaren bilakaera geologikoa laburbiltzen dute Ergoien auzoan dagoen museo txiki honetan, eta, horrez gainera, Oiartzungo bailarako eta Aiako Harria parkeko aberastasun geologiko eta paleontologikoa jasotzen dute.
Museoa bisitatu ondoren, Aritxulegiko tuneleraino joango gara GI-3420 errepidetik. Bide ertzean autoa uzteko tokia dago, eta hantxe hasiko gara oinez, Aiako Harria osatzen duten hiru gailurretara. "Napoleonen aurpegia" edota "Hiru koroak" deitzen diete hiru tontor horiei, itxura berezia baitute.
Ezkerretara, bideak gora egiten du sigi-sagan lehenengo gailurreraino; Erroilbide (837 metro). Tontorrera iristeko, ezkerreko aldetik inguratuko dugu mendia. Aiako Harria osatzen duten hiru mendietatik garaiena da eta harrigarria da mendi-gainetik dagoen ikuspegia.
Txurrumurru (826 m.) bigarren tontorrera heltzeko ibilaldiko zatirik zailena gainditu behar dugu. Uztaiaren Pasabidea izenekoa oso bertikala baita, eta poliki eta kontu handiarekin igaro behar da. Irumugarrietara (810 m) iristea, berriz, askoz ere errazagoa da.
Oiartzunek, Irunek eta Lesakak (Nafarroa) bat egiten dute bertan eta hortik datorkio izena mendiari. Txingudiko badia osoa ikusten da handik. Aritxulegira itzultzeko, Elurretxeko gainetik behera eginez inguratuko dugu mendia.