Hasiera: Santo Toribio baseliza
Helmuga: Santikurutze Kanpezu
Hirugarren zatia Santo Toribio baselizan (Zekuiano) hasten da. Bide Berdera berriz sartzeko hormigoizko bide bati jarraituko diogu. Handik gutxira Elortzako tunelarekin eta Elortza-Aletxa errepidearen gaineko pasagunearekin egingo dugu topo. Berron ibaiaren gaineko zubiak Maeztu herriraino eramango gaitu, eta bidegorriari jarraituta antzinako geltokira iritsiko gara; gaur egun, bertan dago Udaletxea.
Aboro mendia ikustatu eta Zumalde atsedenlekuan egingo dugu hurrengo geldialdia. Berron ibaiaren ertzean dago, eta jolasgunea eta askaldegiak ditu, besteak beste. Pasabide batek Gasteiz-Lizarra errepidea eta ibaia zeharkatzen ditu. Mendi-pista bati helduta Bakardadearen baselizaraino eta Atauriraino iritsiko gara, zuhaitz ederrak bidaide ditugula. Atauriko erdigunea utzi ondoren geltokia ikusiko dugu. Tren zaharraren bideari jarraituta San Saturnino zubira iritsiko gara (ondoan atsedenlekua dago). Bide zuzenak Antoñana Erdi Aroko herriraino gidatuko gaitu. Ibilbidearen zati txiki bat errepidetik egin behar da, Berron ibaiaren ibarrari segitu baino lehen. Txangoan zehar Muela mendi bereziaren (Izkiko Parke Naturalaren hego-ekialdean) bista ikusgarriez gozatzeko aukera izango dugu.
A-132 errepidearen gaineko zubia gurutzatuko dugu ondoren, ezkerrera Fresnedoko ibai-igerilekuak ditugula. Paisaia zeharo aldatuko da, eta une honetatik aurrera Kanpezu haraneko nekazaritza-zelaiak izango ditugu lagun. Santikurutze Kanpezun amaituko dugu ibilbidea