Zumarraga

Zumarraga

Helmuga turistikoak

Herriak

Urretxuren aldamenean dago Zumarraga, Aizkorriko Parke Naturalaren babesean, Urola Garaia eskualdean, burdinaren kultura guztiz errotuta dagoen haranean, antzinako burdinolak, errotak, presak... nonahi aurki daitezkeen inguru batean.

Bertako arte eta kultur ondare oparoa da Zumarraga hain erakargarri egiten duen elementu nagusietako bat, ezbairik gabe. Hirigunearen erdian, arkupedun Euskadi enparantza dotorea gailentzen da, herriko arkitektura zibilaren adibiderik ederrenetako bat. Interes handiko eraikin ugari ikus ditzakegu bertan. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, XIX. mendeko udaletxe neoklasikoa eta Itarte eta Uzkanga etxeak.

Plazaren erdian, berriz, Filipinak konkistatu zituen Migel Lopez de Legazpiren omenezko brontzezko eskultura dago. Aniceto Marinasek egin zuen eta harrizko oinarri bat dauka. Handik ez oso urruti, konkistatzailearen jaiotetxea ageri da: Legazpi dorretxea. Antzinako gizarte feudalean gotorlekua izan zen, eta monumentu historiko-artistiko nazional izendatu zuten 1945ean. Andre Maria Jasokundekoaren eliza ere nahitaez nabarmendu behar da. Euskal gotiko izenez ezagutzen den estiloari dagokio eta hainbat fasetan eraiki zuten 1576tik. Hiru nabe ditu eta gurutzeria-gangek estaltzen dute sabaia. Atari nagusia barrokoa da eta elizpe eder baten babesean dago. Barruan, ostera, elementu barrokoak eta gotikoak uztartzen dituen XVIII. mendeko erretaula gailentzen da.

Baselizen katedrala

Erdigunetik bi kilometrora, Beloki (641 m) mendiaren magalean, herri arkitektura erlijiosoaren beste altxorretako bat ikus dezakegu: Andre Mariaren eliza (Antioko baseliza) erromanikoa, "ermiten katedrala" izenez ezagunagoa. Monumentu historiko-artistiko izendatu zuten bere edertasunagatik. Ingurune ezin ederrago batean dago. Apaindura gutxi ditu kanpoaldean. Atari gotiko eder bat ageri du. Barruan, aldiz, egurrezko eta harrizko egiturak aho-zabalik utziko du bisitaria.

Loiolako Basilikarekin (Azpeitia) eta Arantzazuko Santutegiarekin (Oñati) batera, Hiru Tenpluen Ibilbide ezaguna osatzen du Antioko baselizak. Urola eta Debagoiena haranak ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen du ibilbide horrek, ingurune natural zoragarrietan dauden hiru monumentu horiek ardatz hartuta. Zumarraga inguruko mendietan ere ibilaldi ugari egin daitezke. Antioko baselizan bertan hasten da inguruko monumentu megalitikoak ikusteko aukera eskaintzen duen bidea.

 Zumarraga Bide Bizia Ibilbideak

 Zumarraga Bide Biziak 3 ibilbide proposatzen ditu,  ikusten ez diren lekuak, historiak eta istorioak ezagutu ditzazun, Zumarragako ezinbesteko lekuak bisitatzen dituzun bitartean. Hiri Ibilbidea,  herriko kaleetan zehar ibiltzera eta Azokako postuen artean paseatzera, kaleez gozatzera eta herriko historia ezagutzera gonbidatzen zaituena. Ibilbide industriala, Zumarragako arestiko une, historia eta istorioak hurbilagotik ezagutu eta ulertzeko. Eta natur iblibdea, inguratzen gaituen naturak izaera, nortasuna, baliabideak, elikagaiak eta ibilbideak eskaintzen ditu. 

Bestalde, Zumarragak uztailaren hasieran ospatzen ditu herriko jai nagusiak, Santa Isabelen omenez. Garai horretan, Antiguako ermitaren inguruan erromeria izaten da, eta ezpata-dantza egiteko ohitura dago. Abenduaren 13an, berriz, jende andana hartzen duen Santa Lutzi nekazaritza eta zaldien azoka egiten dute. Ekitaldi egitarau zabala egoten da egun guztian: zaldi eta hegaztien lehiaketak,  bertoko produktuen erakusketa eta dastaketa, eta makineriaren eta burdinazko piezen erakusketak, besteak beste. 

Datu interesgarriak

Hedadura
18.23 Km
Biztanle-kopurua
10,324

Ekitaldiak