Urdulizko ikuspegi orokorra

Urduliz

Helmuga turistikoak

Herriak

Uribe Kosta eskualdean dago Urduliz, Butroe ibaiaren haranean, errekaren ezkerreko aldean. Landa giroko udalerria da. Elortza, Landa, Dobaran, Meriondo eta Zalbidea auzoek osatzen dute, baina hazten ari da, auzune berriak eraikitzen ari baitira. Hirigunean, XVIII. mendean zaharberritutako Andra Maria parroki-eliza barrokoak eta XVII. mendeko Torrebarri jauregi barrokoak osatzen duten monumentu-multzoa bisitatuko dugu.

 

Bi eraikin horien ondoan, aisialdirako gune ezin hobe bat dago, mahaiekin, eserlekuekin eta barbakoekin. Leku horretatik, Urdulizko haitzetara igo gaitezke bidexka bati jarraituta. Han, Santa Marina baseliza aurkituko dugu, harkaitzez egindako horma bati itsatsita. Naturaren ikuspegitik, balio handia du inguru horrek. Izan ere, Bizkaiko kostaldeko (Luzero muturretik Billano lurmuturreraino) ikuspegi bikainak eskaintzen dizkio bisitariari.

 

Gainera, eskalada eta ibiltzea gustuko dituztenentzat leku aproposa da. Hainbat ibilaldi egin ditzakegu Urdulizko haitzetatik, Butroeko gazteluraino (Gatika) zein Errotatxu errotara, eskualdeko errotarik zaharrenetakora, besteak beste. Bestalde, Urduliz irailaren hasieran bisitatzea erabakitzen duen orok Andra Mariaren omenezko jaiez gozatzeko parada izango du. Musika-emanaldiek eta beste hainbat ekitaldik osatzen dute egitaraua. Dena den, herri-kirolak nabarmentzen dira beste ororen gainetik. Andra Maria elizaren eta udaletxearen artean probalekua dago eta, han, erakustaldi ugari antolatzen dituzte. Besteak beste, herrian hain gustuko dituzten idi-probak ikusteko aukera egoten da.

Datu interesgarriak

Hedadura
7.80 Km
Biztanle-kopurua
4,955

Ekitaldiak