Okondo
Helmuga turistikoak
Herriak
Kareharrizko, tuparrizko eta harearrizko lurretan eraikita dagoen Okondo udalerria zinez atsegina da. Bizkaiarekin egiten du muga, eta, bertan, nabarmentzekoa da Ganekogorta mendia. Bertako lurretan gordeta dago kultura ondare aberatsa, historiaurreko hondarrekin. Hala, bisitatu beharreko toki bihurtu da Okondo. Erlijio-arkitekturari dagokionez, XVIII. mendeko Unzako Andre Mariaren eliza barroko ederra gailentzen da beste ororen gainetik. Handik gertu, San Bartolome ermita bisita dezakegu.
Halaber, erretaula neoklasikodun San Prudentzioren eta San Estebanen omenezko ermita bisita dezakegu, baita Otaolako San Sebastian baseliza ere. Azken horrek kanpai bat dauka sarreran eta, kondairaren arabera, ekaitzak uxatzen ditu bere soinuarekin.
Aparteko begiratoki naturalak
Arabako udalerri hau ingurune ezin ederrago batean dago eta, Izalde errekari jarraituz, begiratoki natural zoragarriak aurki ditzakegu. Era berean, ingurune naturalaz gozatzeko ibilbide ugari egiteko aukera eskaintzen du udalerriak. Jai ugari egiten dituzte Okondon urtean zehar, baina herriko festa nagusiak abuztuaren 24an ospatzen dituzte, San Bartolomeren omenez.
Era berean, jende andana erakartzen duen baserritarren azoka bat egiten dute martxoko hirugarren igandean. Egun horretan, nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza produktu ugari egoten dira ikusgai.