Hasiera: Zarautz
Helmuga: Zarautz
Euskadin aurki ditzakezun ibilaldirik zirraragarrienetako bat da. Ohiko bisitariek kolore-kontrastea nabarmentzen dute: zuhaitzez eta landarez betetako paisaiaren berdea, itsasoaren urdina eta harkaitzen grisa, Kantauri Itsasoaren indarra begi-bistatik galdu gabe. Gainera, publiko guztietarako paseo bat izaki, nahitaezko plan bat ere bada zuretzat, Euskadira txakurrarekin egin beharreko bisitan. Horrez gain, Getaria eta Zarautz txakurrarekin ezagutzeko aukera izango duzue, familia guztiarentzako egun bateko plan oso batez gozatuz.
Zarauzko Itsas Pasealekutik abiatuko gara, hondartza luze eta harrotua miresteko tarte bat hartu ondoren (oso preziatua mundu osoko surfzaleentzat), eta ezkerralderantz egingo dugu, itsasoari begira jartzen bagara. Atzean, mendi bat ikusiko dugu, “Getariako sagua”.
Zarauzko hondartzan txakurrarekin sartzeko araudia: denboralditik kanpo, hau da, urriaren 13tik Aste Santua hasi arte, ordu-murrizketarik gabe sar zaitezke txakurrarekin. Bainu-denboraldian, aldiz, gaueko 21:00etatik goizeko 06:00etara eraman dezakezu txakurra hondartza honetara.
Zarauztarrek maiz ibilitako pasealekua izaki, hainbat eserleku aurkituko dituzu bidean, atseden hartzeko eta bistak miresteko aproposak. Errepide baten ondotik egingo duzue aurrera, baina bereizteko horma bat ere badago tartean, zuen segurtasunerako.
Behin Getariara iritsita, herrialdean barrena paseo bat egitea gomendatzen dizuegu, eta indarrak berritzeko, berriz, txakolin on bat hartzea, Getariako antxoa batzuekin.
Txakurzaleentzako aholkua: ostatua Donostian hartu baduzu, “topo” izeneko aldirietako trenean joan zaitezke Zarautzera txakurrarekin. Orduro tren bat ateratzen da, eta bidaiak 30 minutu irauten du, gutxi gorabehera. Euskotrenen txakur batek bidaia dezake bidaiari bakoitzeko, uhalez lotua eta muturrekoa jarrita.
ibilbidearen iraupena: 8 km (joan-etorria). 2 orduko paseoa. Zailtasun txikia, familia guztiarentzat aproposa. Itzultzean, bide bera egin dezakezu, eta Zarauzko hondartzaz bete-betean gozatu. Edota mendian barrena itzul zaitezkete, balea-talaietako bide zirkularrari jarraikiz. Kasu horretan bideak 10,6 km dauzka, eta 3 orduan egiten da, gutxi gorabehera.